Txistu y Tamboliñ

Hondakinak

Hondakinak Txistu y Tamboliñ | 2026-08-13 14:12

Estatubatuar bakoitzak 63 dolar botatzen ditu astero zaborrontzira erosi baina kontsumitu ez dituen jakitan. % 38k onartzen du erositako janaria botatzen duela ez duelako gogoko behin etxera helduta. Eta % 73k onartzen du errudun sentitzen dela janaria botatzeagatik.   Galdera: % zenbat estatubatuar sentitzen da errudun hautetsontzietan botatako botoei esker munduan eragindako hondakinengatik?   Ron Sniakin    


Eklipsea

Eklipsea Txistu y Tamboliñ | 2026-08-04 22:33

Potroetaraino nengoen eklipsearen kaparrada harekin: ez zegoen besterik komunikabide ergelduetan. Heldu zen eguna. Hainbeste zarata segundo batzuengatik... Hantxe zeuden denak betaurrekoak jarrita. Nik banuen baina eklipsea luzatzeko formula erraza: gomendioei jaramonik ez egitea. Zuzenean begiratu nion eguzkiari. Harrezkero eklipse etengabean bizi naiz begiradarik merezi ez duen mundu ilun honetan. Ron Sniakin      


Kamaleoia

Kamaleoia Txistu y Tamboliñ | 2026-05-16 12:08

Kamaleoiak harrapakaria ikusi  eta berdetik gorrira aldatu zuen azalaren kolorea.   Bere zoritxarrerako ez zekien zelatan zuen koiote hura daltonikoa zela.   Bernardo Kapanaga  


Txapinak

Txapinak Txistu y Tamboliñ | 2026-03-02 18:42

Ez dut garbitzen sekula sukaldeko zorua. Olio-geruza batek zipriztintzen du, halako moduan non nire irudimena hegan doanean beste lurralde batzuetara, txapinak pega-pega eginda geratzen diren zoruan. Bakarrik horrela dakit burua beste nonbait izan arren oinak etxean ditudala beti. Eta hori segurantzia handia da mundu arriskutsu honetan. Bernardo Kapanaga


-Hankaren bat lokartzen zaizunean, esaten dugu inurritu egiten dela. Badakizu zergatik? -Ez. Zergatik? -Bada, ematen duelako hanka inurriz betetzen zaizula, eta lasterka mugitzen direla, denak batera. Badakizu zergatik? - Ez. Zergatik? -Hanka lokartuaren amesgaiztoan hartz inurrijale bat datorrelako inurri guztiak jatera. Eta inurriak lasterka hasten dira, hankaren jabeari zera esateko, aizu, igurtzi ezazu hanka, ezpabere hartz inurrijaleak jango gaitu! -Aita, eta orduan hankamotzei zer gertatu zaie, hartz inurrijaleak hanka lokartua jan diela? Bernardo Kapanaga


Kanpaikadak

Kanpaikadak Txistu y Tamboliñ | 2025-12-31 21:11

Gabon zaharrean gaude. Urteko azken segundoak dira. Mahats aleak jaten ari dira etxeetan, kanpaikadekin batera. Eta hara, etxe batzuetan ito egin dira batzuk mahatsa jaten ari direla. Urte berriko albistegietan agertuko dira hil diren horietako batzuk: Netanyahu, Trump, Putin...  Baina ez: Gabon zaharreko afari astunaren osteko amets ezinezkoa izan da. Biharamuneko egunkarietan bizirik daude Netanyahu, Trump eta Putin. Urte berria ez da hobea izango. Bernardo Kapanaga


Hor daudenak

Hor daudenak Txistu y Tamboliñ | 2025-12-20 15:15

Beldurtuta nago. Nire bila ote datoz? Hemendik aterako naute, bortxaz? Ez dakit nortzuk diren, baina haserre dirudite hor daudenak, hilobi honen kanpoaldean. Bernardo Kapanaga  


Amerikar autoa

1
Amerikar autoa Txistu y Tamboliñ | 2025-12-10 12:41

-Egun on, eleberri baten bila nator, amerikar auto bat erosten duen txinatar bati buruzkoa. -Bai, zientzia fikzio sailean topatuko duzu. Galdetu bertako arduradunari. Bustizait I        


Bart amets bitxia izan nuen: zuhaitz baten azpian lo nengoela, adarbakar batek, basotik irten, nigana hurbildu eta muin egin zidan bekokian. Gaur, ispiluaren aurrean aurpegia garbitzen nabilela, adar txiki bat ikusi dut hain justu adarbakarrak muin egin zidan lekuan. Irrikaz nago gauean lotara joateko. Ametsean zuhaizpean etzango naiz, eta adarbakarra datorrenean berarekin sartuko naiz basoan betiko. Bernardo Kapanaga


Borreroak burua moztu zidanetik ez dut berriro migrainarik izan. Bernardo Kapanaga


Txistu y Tamboliñ

Horrible dira eta icigarri egun handien eta aberatsen artian eguiten diren colatione dissolutiones bethiac hirur, laur, çorci, hamar, hamabi plat confituraz, frutu honez betheric, eta hetçaz ecin eta ahal leher artino bere tripac betheric, ohorat ioaiten dira barur gaichoa plagaturic eta massacraturic.


210