Joseba Sarrionandiaren itzulera
(Euskal Literaturaren Misterioak 5)
Irakurri duzu Joseba Sarrionandiaren Enperadore eroa narrazioa? Bertan, Hung Wu enperadorea nola erotu zen kontatzen du Txinako kontalari batek.
Kontalari asko omen daude Txinan. Bidegurutzeetan jartzen dira, eta bidaiariei antzinako istorioak kontatzen dizkiete, elikagai gutxi batzuen eta txanpon txiki baten truke.
Imajinatzen duzu bidegurutzeko kontalaria enperadore eroaren istorioa kontatzen? Eta nor ote zen bidaiaria? Joseba Sarrionandia bera? Egia esateko, berdin dio: makina bat bidegurutze dago Txinan, eta, bidegurutze bakoitzean, kontalari bat. Kontalari bakoitzak istorioaren bertsio bat kontatuko dio makina bat bidaiariri, eta, horietako bakoitzak bere bertsioa kontatuko die etxekoei. Azkenean, zeruko izarrak beste bertsio izango ditugu, baina sinets iezadazue: guztiak izango dira berdinak, Tibeteko ihia eta Shangaiko ihia bezain berdinak bederen.
Sabela ondo berdinduta daukadanez, nik ez dizut txanponik eskatuko. Ene aldamenean eser zaitezen eskatzen dizut soilik, apika unaturik izanen baitzara, eta har dezazula trukean istorio berri bat, euskal literaturaren misterio bat argitzera datorrena: Joseba Sarrionandia idazle ospetsuaren itzulera.
Jakinen duzunez, Joseba Sarrionandiak Enperadore eroa idatzi zuen mutil gaztea zelarik, eta sona handia erdietsi zuen ipuinari esker. Haren bertute literarioen oihartzuna makina bat euskaltzaleren belarrietara heldu zen, eta zinez diot diktadore zaharrak, bizirik balego, soldaduak bidaliko zituzkeela idazle ospetsuaren etxera, haren literaturaren sekretuak konta ziezazkion. Baina diktadorea hilik zegoen ordurako.
Joseba Sarrionandiak, literaturaren graziaz gainera, bazuen desgrazia bat: euskalduna zen. Dagoeneko jakinen duzu horrek zer esan nahi duen, baina, badaezpada, esan eginen dizut: euskalduna eta egoskorkeria txanpon beraren bi aldeak dira. Elkar itzazu bi euskaldun, eta posturaren bat asmatuko dute. Menderen mendetan, inguruko herriek euskaldunak herri liskartsutzat hartu dituzte. Euskal hizkuntzaren berbarik erabiliena eta da, baina, euskaldunen arima aintzat hartuta, baina izan beharko litzateke. Euskal Herria ez da inola ere herri kopulatiboa, ezpada adbersatiboa. Adbersarioz bete ditu bere historia-liburuen orriak, eta esan genezake euskaldunak eurak direla bere buruaren etsairik handienak.
Baina ez nadin joan Pekineraino kontu horiekin. Hemen honek axola du: inguruko herrietako agintarientzat, euskaldun oro da errudun. Horixe erabaki zuten 1980ko egun hartan agintariek: Joseba Sarrionandia erruduna zela, ezinbestean. Eta preso eraman zuten.
Bere literatura-grazia, ostera, askea zen beti, eta kartzelak ez zuen eten jario sortzaile hura. Ni ez naiz hemengoa, ohartarazi zigun kartzelan idatzitako liburu gogoangarrian. Oraindik zirrara beroa sentitzen dut oroitzen dudanean egun hura, zeinean liburu haren eskuizkribua pasatu baitzidaten Deustuko unibertsitatean, kartzelatik hara kontrabandoan lez ekarria. Egundo ez dut halako hunkimendurik izan: eskuan nituen folio haiek kartzelatik ihesi joandako hegaztiak ziren, askatasunaren aldarria, literaturaren garaipena.
Non gogoa, han zangoa, dio euskal esaera batek. Horixe pentsatuko zuen Joseba Sarrionandiak ere ziegan zegoela, neguko egun luzeetan eta udako egun sargorietan. Harik eta buruan punpaka ari zitzaion ideia mamitzea erabaki zuen arte: Jing Fu pintatzaileak egindako legez, artifizio literario bat baliatuko zuen errealitateari ihes egiteko.
Gogoan izango duzu nola egin zien muzin Jing Fuk Hung Wu enperadorearen apetei: alabaren gorpua besoetan hartu, koadroan sartu eta bertan margotuta zegoen oihanean desagertu zen. Bada, antzera egingo zuen berak ere: Jing Fu pintatzailearen magiaren graziaren faltan, Houdini ilusionistaren trebezia erabiliko zuen kartzelatik ospa egiteko.
1985eko uztailean izan zen, San Fermin egunean. Haren ihesa sonatua izan zen. Gogoan dut egun hartan etxean nengoela (Durangon bizi nintzen orduan) eta txapliguak entzun nituela. Nola alde egin zuen baina? Ebanjelioak lau dira, nahiz eta protagonistaren bizitza eta haren eginak bat izan; era berean esan dezaket bertsio ugari entzun ditudala ihesaldi hartaz, nahiz eta denek onartzen duten bozgorailu batean gorde zela. Nork ikusi zuen han sartzen baina? Hor hasten dira bertsioak…
Esaten da kartzelara kontzertua ematera joandako musikarien laguntza izan zuela; baina badira bertsio ederzaleak ere. Halako baten arabera, kartzelako funtzionarioen muturren aurrean makurtu zen bozgorailuaren parean; estalkia kendu, eta bertan sartu zen, kiribilduta; gero, barrutik, estalkia bere lekuan jarri zuen. Jakina, funtzionarioek bizkor erantzun zuten: bozgorailura gerturatu, eta estalkia kendu zuten. Baina barrua hutsik aurkitu!
Harrezkero, oro da uste. Ustea behe-lainoa bezalako objektu aldakorra da, ertz mugagabe eta zoru labainekoa. Ustearen ohiko egoera gaseosoa da, baina uste berbera behin eta berriro errepikatzen denean solido bihur daiteke, eta orduan egiaren itxura hartzen du: marra zehatzak ditu, izari neurgarria. Hala ere, ustea beti da egia baino askoz ere literarioagoa eta iradokitzaileagoa. Egia bihurtzen denean, ustearen objektuak erakargarritasuna galtzen du. Erosi nahi dugun objektuari bezala gertatzen zaio: erakusleihotik gure esku artera pasatzen denetik, distira galtzen du.
Joseba Sarrionandiak, desagertu zenetik gehiago, Jing Furen gradua erdietsi zuen: pertsona izatetik pertsonaia izatera pasatu zen, errealitatetik mitora. Hor dago, bada, haragizko pertsona bat, ezin jakin nola, literaturaren lurralde lanbrotsura altxatua.
Eta, ondotxo dakizunez, usteak irudimen handia dauka, eta izurriaren abiaduraz hedatzen da (eta aldatzen). Aho batek belarri biri kontatuak lau kume izaten ditu, gutxienez. Bada, abiadura horrekin ugaldu dira Joseba Sarrionandiaren gaineko ustezko errealitateak. Batzuk, errepikatzearen poderioz, egiaren autoritateaz jantzi dira: munduko lurralde horretan edo hartan kokatzen dute, zeren Urliak eta Erleak ikusi omen baitute. Baina bera ote zen, egiaz? Nazarenoa ere, denon aurrean hil arren, halako batean piztu, eta apostoluei agertu zitzaien. Baina gurutzean hildako pertsona bera zen egiaz, ala haren antza zuen beste nor edo nor?
Batek baino gehiagok dio errealitatetik fikziora alde egitea baino askoz ere latzagoa dela fikziotik errealitatearen gordintasunera bueltatzea. Objektuaren benetakotasuna egiaztatzen dugunean, mitoa dardarka hasten da, armairuko apala garbitzean ukondoaz jotako figuratxoa bezala, eroriko ez eroriko.
Joseba usteen lurraldetik bueltatuta ere, beti esango du sinesgogorren batek: “Ez, hori ez da nazarenoa!” Agian, Iurretako idazleak ere zauriak erakutsi beharko ditu, ezagut ditzagun. Baina non eramaten dira deserriaren zauriak?
Ez, gure iruditerian ez litzateke posible izango Joseba Loiuko aireportuan besterik gabe agertzea. Ihesaren magia hondatuko luke horrela iritsita. Hortaz, aukera bi geratzen dira: egundo ez bueltatzea, edo modu bitxiren bat asmatzea gure artera itzultzeko. Itzulera literarioa, alegia. Hain zuzen ere, mitoa zutik mantentzeko, horixe izango litzateke aterabide bakarra. Eta horixe egin bide du Josebak. Bai, ondo irakurri duzu: bueltan etorri da Joseba. Badut horren froga, eta Txinan dago misterioaren gakoa.
Orain dela hil batzuk Txinan izan nintzen bidaiatzen. Bertatik bertara ezagutu nahi nituen bidegurutzeetako kontalarien ipuinak. Hiri handietatik urrun ibili nintzen haien bila, eta aurkitu egin nituen, ehunka. Han konturatu nintzen kontalariak dauden bitartean herri-ipuinak bizirik egongo direla, ahotik belarrira doana ahora bueltatzen baita beti, urdailetik pasatuta. Bai, sinets iezadazu: entzundako berbak ahi bihurtzen ditugu, eta gero ahora altxatzen ditugu berriro, gure erara moldatuak. Baina ipuingintza liburuetara eramaten denean, akabo! Liburuak ahozko tradizioaren kanposantuak dira. Zertarako batak besteari kontatu, idatzita badaude? Ahoan erabilitako ipuin biziak, paperetan ehortziz gero, gorpu bihurtzen ditugu.
Su Tao alabaren gorpua hartuta sartu zen Jing Fu koadroan. Baina ipuin hori oraindik gorputz osasuntsua da ipuin-kontalarien ahoetan. Bakoitzak bere xehetasunak gehitzen zizkiola konturatu nintzen: hemen, enperadoreak pinturako arrosa bat ebakitzen du; hor, krabelin bat; han, ostargi-belar bat…
Baina nik ibaiaren iturrira joan nahi nuen: Joseba Sarrionandiaren Enperadore eroa ipuinaren arabera, Jung Fu pintatzailea Erresumako hiriburuetatik urrun bizi zen, Han Xin deritzon eskualde ederrean. Beren-beregi joan nintzen udaberrian, ipuina girotuta dagoen garaian. Eta, ipuinean kontatutako moduan, halakoxea da han udaberria: ezin konta ahala landare hazten diren aroa. Enperadorea herrialde hartara sartzerakoan bezalaxe, hainbat lore eta erle ikusi nuen, errekasto gardenak, mitxeletak zuhaisken artetik hegatsez…
Han ere baziren ipuin kontalariak, eurrez. Ibili eta ibili, azkenean ipuinaren iturrira heldu nintzen. Agure bat zegoen bidegurutzean, Txina bera bezain zaharra zirudiena. Etxola erdi jausi bat erakutsi zidan. Zahartzaroaren pisuak ahotsa hari fin-fina bihurtua zion, eta ozta-ozta aditu nion etxola hartan bizi izan zela Jing Fu alabarekin.
Bidaia osoan bihotzean gordetako galdera egin nion orduan. Galdera bakarra ipuin kontalari bakarrarentzat:
—Eta non dago Jing Fu desagertu zen koadro hura?
Orduan kontalariak, tristezia-tanta batez, zera erantzun zidan:
—Ez dakit. Egun batean europar bizardun sudurluze bat agertu zen koadroan margotutako basotik, eta, astiro-astiro, hanka bat jarri zuen koadroaren kanpoaldean, eta gero bestea.
Ipuin kontalariak nire begi harrituei erreparatu zien.
—Bai, neu ere zu bezain estonaturik nengoen orduan ere, ezezagun hura nola urrutiratzen zen sinetsi ezinda, koadroa besapean hartuta.
Orduan konturatu nintzen eskualde eder haren izena euskaraz ere irakur zitekeela: Han Xin.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
MAri Eli 2014-10-14 23:25 #1
<p>Bikaina!!! Asko gustau jate, Kapanaga jauna!</p>
<p> </p>
<p> </p>
Utzi iruzkina: