Eskekoak kapela barruko txanpon bakarrari begiratu zion. Zera pentsatu zuen: "Txanpon hori lurpean sartzen badut eta egunero ureztatzen badut, agian urtebete barru txanponez betetako altxor bat emango dit". Baina lan horri astunegia iritzita, altxatu eta aurreko espaloian zegoen eskekoari utzi zion txanpona. "Altxorrik handiena ezer ez edukitzea da", pentsatu zuen, eta bere nagitasunean lokartu zen. Bernardo Kapanaga
Salmahaiko betaurreko batzuk seinalatu nituen. -Proba ditzaket? -Jakina! Baina horiek bereziak dira. Pentsamenduak irakurtzen dituzte. -Nola? -Jartzen badituzu, nire pentsamenduak ikusiko dituzu. Salmahaitik kontu handiz hartu eta jarri egin nituen. -Pentsatu betaurrekoen prezioa. Asmatzen badut, salmahaiko betaurreko guztiak erosiko dizkizut. Bestela, salatu egingo zaitut, iruzur egiteagatik. Dohainik eraman nituen guztiak. Bernardo Kapanaga
Salmahaiko betaurreko batzuk seinalatu nituen. -Proba ditzaket? -Jakina. Baina horiek bereziak dira. Pentsamenduak irakurtzen dituzte. -Nola? -Jartzen badituzu, nire pentsamenduak ikusiko dituzu. Salmahaitik kontu handiz hartu eta jarri egin nituen. -Zer iruzur mota da hau? Ez dut ezer ikusten! -Asmatu egin duzu: ez nintzen ezer pentsatzen ari. Bernardo Kapanaga
Salmahaiko betaurreko batzuk seinalatu nituen. -Proba ditzaket? -Jakina. Baina horiek bereziak dira. Pentsamenduak irakurtzen dituzte. -Nola? -Jartzen badituzu, nire pentsamenduak ikusiko dituzu. Pentsakor geratu nintzen. -Ez, kasu horretan hobeto zeuk jartzen badituzu. Ea asmatzen duzun zer nabilen pentsatzen. Salmahaitik kontu handiz hartu eta jarri egin zituen. Ondo ematen zioten. -Zera pentsatzen ari zara, ez dudala asmatuko zer ari zaren pentsatzen. Poltsikotik labana atera eta zintzurrean sartu nion. -Asmatu egin duzu! Bernardo Kapanaga
Neguko egun baten, txitxarra inurriarenera joan zen. -Gosetuta nago. Emango zenidake zure biltegitik janari apur bat? -Gustura emango nizuke, baina hutsik dago. Monsanto enpresari saldu nion udan bildutako guztia. Eman zidaten diruarekin, orain McDonald'sera joaten naiz bazkaltzera. Bernardo Kapanaga
Neguko egun baten, txitxarra inurriarenera joan zen. -Gosetuta nago. Emango zenidake zure biltegitik janari apur bat? -Jakina! Hartu nahi duzun guztia. -Eta hori? Zer dela eta? -Ipuin klasikoak iraultzea gustatzen zait, besterik ez. Bernardo Kapanaga
Neguko egun baten, txitxarra inurriarenera joan zen. -Gosetuta nago. Emango zenidake zure biltegitik janari apur bat? -Ezta pentsatu ere! Zergatik eman zenuen uda guztia kantuan, ni lanean nenbilen bitartean nire biltegia janariz betetzeko? -Nire kantuak zure lanaren aringarri zirenez, abesti bat amaitu bezain laster "beste bat, beste bat, beste bat" hasten zinelako. Bernardo Kapanaga
Ba ei dago Afrikan, Kong mendikatean, mendi bat deitzen dena Kili-Kilimanjaro. Ez baduzu sekula entzun mendikate horren izena, esango dizut aspaldiko mapa batzuetan agertzen dela, esate baterako James Rennel kartografoak 1798an, Aaron Arrowsmithek 1802an eta John Carek 1805ean argitaratutakoetan, hurrenez hurren. Mapa horien berri izan zuten zenbait esploratzaile europarrek Afrikara jo zuten, mendi misteriotsu horien bila. Bada, horietako bat Humberto Amantegi durangarra izan zen. 1856 urtean abiatu zen Afrikarantz, berak asmatutako ibilgailu batean. Esan daiteke ibilgailu hori bizik...
Jenerala enperadorearen aurrean zegoen, domina jasotzeko gertu. Lurralde zabala okupatu berri zuen inperioarentzat mendebaldeko mugatik haruntz. -Eta? Non daude gudako zauriak? -itaundu zion enperadoreak, ez baitzion ikusi soinean ezta urraturik txikiena ere. -Enperadore jauna, ez zen gudarik izan. Etsaien armada aldendua zen, eta armen beharrik gabe hartu genuen lurraldea. Orduan, domina kutxatxoan sartuta, zera erantzun zion enperadoreak: -Gudarik gabeko konkistek ez dute dominarik merezi. Mendi garai baten tontorrera zalgurdian heltzea bezain ezdeusa da. Dominek zauriak eskatzen ditu...
Tanatoriora joan gara gure lagunari azken agurra egitera. Koitaduak bart bere burua garbitu zuen, xanpuarekin. Bernardo Kapanaga
Horrible dira eta icigarri egun handien eta aberatsen artian eguiten diren colatione dissolutiones bethiac hirur, laur, çorci, hamar, hamabi plat confituraz, frutu honez betheric, eta hetçaz ecin eta ahal leher artino bere tripac betheric, ohorat ioaiten dira barur gaichoa plagaturic eta massacraturic.
Primeran, asko gustatu zait. Hurrengoa noiz idatzikoren zain nago. txalo sorta bat Abadiñotik