Burkopean
Goiz baten, itzarri eta hara, ehun euroko billete bat topatu nuen burkopean.
-Ene! Hauxe bai zorte ona!
Eta handik aurrera, nire harridurarako, goizero topatzen nuen ehun eurokoa burkopean.
Lan egiteari utzi nion: diru harekin erraz ematen nuen eguna.
Baina diruaren hotsak hots handiagoaren irrika ekarri zidan: 100 euroko opariari gutxi iritzita, beste burko bat jarri nuen lehenengoaren gainean, irabaziak bikoiztuko nituelakoan.
Hurrengo goizean, burkoen azpian, 200 euroen lekuan, kakamokordo bi aurkitu nituen, eta orri bat.
Orrian idatzita, hauxe irakurri nuen: "Eta gutxi irizten badiezu, jarri beste burko bat".
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: