Puigdemont
Eskapismoaren maisu Anthony Martin Bartzelonan dago. Bere dizipulu bat bisitatzera etorri da: Carles Puigdemont. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, eta hiria kontrolez bete du.
Maisuaren aholkuak jarraituta, Puigdemont jendaurrean agertu da, diskurtsoa eman du eta eszenatokian dagoen kutxa batean sartu da.
Polizia bertara agertu da eta kutxa zabaldu du. Barruan Anthony Martin aurkitu dute: Puigdemonten arrastorik ez, ordea.
Poliziek Anthony Martinen praketako poltsikoak arakatu dituzte eta giltza bat topatu dute.
-Nongoa da? -galdetu diote.
-Modelo presondegiko ziega batekoa. Han aurkituko duzue Carles.
Lasterka joan dira harantz poliziak, baina alferrik: gauza jakina da Anthony Martin maisua dela espetxeetatik ihes egiten (horixe da bere eskapismo saioetan ezagunenetako bat) eta konfiantza osoa du bere dizipuluarengan: Puigdemont bere ikasle onena da, eta nahi duenean ihes egingo du ziegatik.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: