Bergara: Pazkotako goitibehera lehiaketan izena emateko epea zabalik dago
Ekainaren 3ra arte eman daiteke, kultura etxean. sari ugari egongo dira.
Iaz izandako arrakasta ikusita, aurtengo Pazkoetan ere goitibehera lehiaketa antolatzea erabaki du Udalak eta herritarrak animatu nahi ditu goitibehera egin eta lehiaketan parte hartzera.
Ekainaren 11n, Pazko-zapatua, jokatuko da, 16:00etan, San Martzialerako bidean eta dagoeneko izenematea zabalik dago. Horretarako kultura etxera jo daiteke edo 943 77 91 60 telefono zenbakira deitu, ekainaren 3a baino lehen.
Lehiatzeko baldintzak
Lehiaketan parte hartzeko goitibehera egiterako orduan, antolatzaileek ez dute baldintzarik jarriko. Baina parte-hartzaileei dagokienez, motorreko kaskoa eta arropa egokiak –botak, praka luzeak, jaka eta eskularruak– eraman beharko dituzte.
Sari ugari egongo dira
Sariei dagokienez, bi maila egongo dira. Alde batetik, Euskal Liga eta hor lehiatuko diren goitibeherei dagokienez, hiru sail egongo dira: errodamendu kolektibodun goitibeherena, goitibehera arinena eta goitibehera pneumatikoena. Bada, hiru sail horietako lehen sarituak 100 euro jasoko ditu; bigarrenak, 50 euro; eta hirugarrenak, 30 euro.
Beste aldetik, herri mailako sariak egongo dira eta horiek kasuan, lehenengo sailkatuak 150 euro jasoko ditu; bigarrenak, 100 euro eta hirugarrenak, berriz, 80 euro. Horrez gain, emakumeek gidatutako goitibehera azkarrenak 80 euro jasoko ditu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: