Zabalik da jada Paresiko goitibehera jaitsieran izena emateko epea
Kirola: Autoak aparkatzeko eta kanpaldia egiteko guneak izango dira baselizaren eta basetxearen inguruetan.
o. zabalondo
Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteak jakinarazi duenez, Busturiko Paresi auzoko Goitibehera txapelketan parte hartzeko epea ireki dute. 2010. urteko Euskal Herriko sari nagusia bertan jokatuko da.
Antolatzaileek jakinarazi legez, aseguru espezifiko baliagarria duten horiek bakarrik parte hartu ahalko dute Paresiko txapelketa horretan.
Jaitsiera «oso arina» dela diote antolatzaileek. «Norabide bi ditu eta egoera bikainean dagoen asfaltuzko 2,4 kilometroko ibilbidea du». Gainera, kategoria guztietan parte hartzen duten horientzako egokia dela azaldu dute.
Abuztuaren 7an
Paresiko Goitibehera jaitsiera abuztuaren 7an jokatuko da aurten eta, euskal ligarako proba puntuagarria izateaz gain, 2010. urteko Euskal Herriko sari nagusia ere lehian izango da proba horretan. 15:30ean egon beharko dute gidariek Paresin, ordu horretan egingo baitute aurkezpena irteera puntuan eta dortsalak hartuko dituzte.
Probaren hasiera, bestalde, 16:30ean izango da eta 19:30ak ingurura arte luza daitekeela azaldu dute antolatzaileek.
Entrenamenduzko jaitsiera kronometratu bat eta jaitsiera kronometratu bi egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Ondoren, 20:00etan, sari banaketa ekitaldia egingo dute.
Kanpaketa egiteko aukera
Antolatzaileek adierazi duten moduan, «autoak aparkatzeko eta kanpaketa egiteko guneak ahalbidetuko ditugu baselizaren eta basetxearen inguruetan». Hala ere, kanpatzeko asmoa duten horiek antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dira aurretiaz.
Parte hartu gura dutenek abuztuaren 6a izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, `goitibeherak@euskalerria.org´ helbide elektronikora bidali behar izango dituzte beharrezko datu pertsonalak edo, bestela, 699-699 498 telefonora deitu eta Iñigorengatik galdetu.
Informazio guztia goitibeheren webgunean ikusgai
Paresiko jaitsieraren inguruko informazioa izan gura duten horiek www.goitibeherak.org web orrialdean aurkituko dutela jakinarazi dute. Bertan baitaude jaitsieraren mapa, ibilbidea, kronikak, altimetriak, bideoak, argazkiak eta bestelako informazio guztia.
SARIAK
Pneumatikoak G1-G2. - 1. saria: oparia eta 90 euro. - 2. saria: 60 euro. - 3. saria: 30 euro.
Errodamentuzko handiak. - 1. saria: oparia eta 90 euro. - 2. saria: 60 euro. - 3. saria: 30 euro.
Arinak. - 1. saria: oparia eta 60 euro. - 2. saria: 40 euro. - 3. saria: 20 euro.
Errodamentuzko tradizionalak. - 1. saria: oparia eta 60 euro. - 2. saria: 40 euro. - 3. saria: 20 euro.
Besteak. - 1. saria: oparia eta 60 euro. - 2. saria: 40 euro. - 3. saria: 20 euro.
http://www.zonagravedad.com/modules.php?name=News&file=article&sid=603
http://www.zonagravedad.com/modules.php?name=Forums&file=viewtopic&t=4734
Iruzkinak
Utzi iruzkina: