Urrezko hiru garaikur ekarri dituzte euskaldunek Federazioen Kopatik
Zilarrezko garaikurra ere eskuratu dute Euskal Herrikoek, pneumatikoen kategorian Zallakoek lortutakoa.
Goitibeherak. Oihana Cabello
Urrezko hiru garaikur ekarri dituzte eskualdeko parte-hartzaileek Herrialde Katalanetan asteburuan jokatu den Goitibeheren Federazioaren Koparen bigarren fasetik. Pneumatikoen kategorian, errodamenduzkoen kategorian eta arinen kategorian nagusi izan dira Busturialdeko lehiakideak.
Pneumatikoetan, hain zuzen, Euskal Ligako txapeldun Kolpez Kolpe mundakarra izan da lehen sailkatua Gironako Bescano herrian jokatu den Federazioen Koparen bigarren fasean. Espainiako Openean garaile izan zen Zallako La Gondola del Amor goitibehera, berriz, bigarren sailkatu zen kategoria horretan.
Errodamenduzkoetan eta arinetan
Errodamenduzko goitibeheretan, aldiz, Erroi Racing gernikarren goitibehera izan zen garaile, urrezkoa eskuratuz.
Busturian bizi den Andoni Ozerinek (Zonabike) lortu zuen Euskal Herritik joandako espedizioaren hirugarren urrezkoa, goitibehera arinen kategorian.
Loturak «sendotu» dituzte federazioen artean
Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko elkarteek lehenengoz antolatu dute Federazioen Koparen Lehiaketa, elkarlanean, eta beronen balorazio «ona» egin du Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteak. «Antolakuntza aldetik dena bikain atera da, eta parte-hartzea ere altua izan da», elkarte horretako kide Iñigo Sernak azaldu bezala. Horregatik, lehenengo txapelketa horren «balorazio positiboa» egin dute.
Gainera, hurrengo urtean ere federazioen arteko kopa antolatzeko gogoz daudela azaldu du Sernak. «Baikor gaude, eta antolatzeko asmoagaz. Izan ere, bi elkarteen artean loturak sendotzeko balio izan digu» .
Datorren asteburuan Basauriko jaitsieran izango dira, baina lehiaketatik kanpo.
Jaurlaritzagaz bilera
Hurrengo asteetan, berriz, Eusko Jaurlaritzako Kirol arloko arduradunekin batzekoak dira Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteko kideak. «Gorantza doan jarduera da, eta erakutsi gura diegu goitibeherek duten indarra, parte-hartzaileen artean dagoen maila altua eta baita kirol honek duen zaletasuna ere».
SAILKAPENA:
NEUMATIKOAK:
1- Kolpez Kolpe (70 puntu)
2- La Gondola del Amor (61 puntu)
3- Speed Carro (52 puntu)
4- Zuek Pentseu (44 puntu)
5- Bahalarrampa (38 puntu)
6- Mentxeta Racing (31 puntu)
7- Apurtu arte (26 puntu)
ERRODAMENTUZKOAK:
1- Erroi Racing (66 puntu)
ARINAK:
1- Zonabike (76 puntu)
2- Joan Batet (64 puntu)
3- Ivan Maso (29 puntu)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: