Lehenengoz egingo dute Almikako goitibehera jaitsiera Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan
Ezelako erreferentziarik ezagutu ez arren, «aspaldi» egiten omen zen Bermeon goitibehera jaitsiera. Urteak igaro dira ordutik, baina aurtengo jaietan tramankulu horiek barriro be Bermeoko errepideetan ikusteko aukera izango da, Almikako I. Goitibehera jaitsiera antolatu baitu jai batzordeak, Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteagaz batera. Irailaren 11n izango den lasterketa hori izango da, hain zuzen, aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek dakartzaten nobedadeetako bat. Beste herri batzuetako jaitsieretara batuz, beraz, Bermeo be Busturialdean dagoen zaletasunaren erakusgarri izango da aurten.
11:00etan hasiko da Sukalki Eguneko goitibehera jaitsiera eta, Iñigo Serna, Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteko kideak azaldu duenez, lau izango dira kategoriak: Pneumatikoak, errodamenduzko kolektiboak, errodamenduzko banakakoak eta arinak.
Goitibeherei dagokienez, araudi bat egon badagoen arren, antolatzaileek ez dute baldintza berezirik eskatuko eta, beraz, «etxean egindakoak be izan daitezke» ibilgailuak. Hori bai, jaitsieran parte hartzeko ezinbestekoa da aseguru espezifiko baliagarria izatea. Halanda be, Udalak eguneko asegurua kontratatuko du, 16 urtetik gorakoek baino ezingo dutena eskatu.
Bestalde, Euskal Ligarako eta Federazioen Koparako baliagarria izango da Almikako jaitsiera eta, Sernak dioenez, asteburuan Bedaroan bezala, Kataluniatik etorritako goitibeherak be izango dira Bermeon.
Kategoriako bina sari izango dira. Esaterako, pneumatikoetako eta errodamenduzko kolektiboetako azkarrenek 100 euro irabaziko dituzte, eta 60 euro bigarrenek. Errodamenduzko banakakoetan eta arinetan, bestalde, 50 euro eta 25 euro irabaziko dituzte lehenengoek eta bigarrenek, hurrenez hurren.
Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteko kideak jakinarazi duenez, «nahiko estu» dago lehia pneumatikoen kategorian eta, beraz, espektakulua ziurtatuta egongo da Almikan, «hiruzpalau goitibeheraren artean» baitaude sari nagusiak.
Aitorpena lortu guran
Almikako jaitsiera antolatu bakarrik ez, goitibeherak kirol gisa aitortzeko beharrean darrai sortu zenez geroztik elkartea. Eusko Jaurlaritzagaz harremanetan ipini zen bere garaian, baina erakunde horrek atzera bota zion eskaria, kirolari federatu nahikorik ez dagoela argudiatuta. Sernaren iritziz, baina, kirol legez aitortuta ez egotean ezinezkoa da kirolari federaturik egotea.
Hori guztia «aitzakia» baino ez da, Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartearen arabera, arrazoi bakarra plangintza ekonomikoetan jasota ez egotea dela iritzita. «Dirua egon badago, baina beste kirol batzuetara bideratzen dute: Espainiako saskibaloi seekzioa ekarri dute, Espainiako Vuelta...», dio Sernak.
«Egonkortuta» dagoela esan daiteke, «ez doa ez gora ez behera».
Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteak egoera aprobetxatu du, «lasterketei beste kalitate bat emoteko». Izan be, hobekuntza nabarmenak egin dituzte elkartekoek. «Esaterako, lehen kronometroagaz hartzen genituen denborak, eta orain programa informatikoa erabiltzen dugu; emaitzak pantaila erraldoi baten bitartez ikus daitezke; probetan gure artean komunikatzeko modua hobetu dugu...».
Garapen horren bidetik, goitibeherak kirol gisa aitortua izateko
beharrean jarraituko duela iragarri.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: