Federazioen Koparen bigarren fasea
Parte-hartzaileak eta zenbait zaletu bariku iluntzean hartuko dute Herrialde Katalanetarako bidea.
Kirola: O. Zabalondo
Goitibeheren Federazioen Koparen bigarren fasea jokatuko da datorren asteburuan Gironako (Herrialde Katalanak) Bescano herrian. Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartea han izango da eta euskal ordezkariak txapela etxera ekarteagatik lehiatuko dira.
Federazioen Koparen lehenengo fasea Euskal Herrian jokatu zuten, Gautegiz Arteagan eta Bedaroan. Elkarteko arduradunen esanetan, «lehenengo fasea eliteko kirol ikuskizuna izan zen». Sailkapenean, euskaldunak goian dira, baina oraindik ez dago ezer erabakita.
Autobusa Gernika-Lumotik
Bescanora autobusez joango dira bai parte-hartzaileak eta baita zaleak ere. Bariku iluntzean aterako da autobusa Gernika-Lumotik. Goitibeherak, berriz, trailer batean bidaliko dituztela jakinarazi dute.
Federazioen Koparen bigarren fasea bi saiotan banatuta egongo da. Pneumatikoen kategorian Zallako La Gondola dago sailkapenaren buruan, 41 punturekin. 40 dituzte Kolpez Kolpeko mundakarrak. Hirugarren postua ere eskualdekoentzat da, 38 puntu baitituzte Foruko Zuek Pentseukoek. Hiru horiek dira Goitibeherak Inertzia Kirolen elkartearen arabera, pneumatikoen kategorian txapeldun izateko faboritoak.
Gernikako Erroi Racing, buruan
Errodamenduzko goitibehera kolektiboetan Gernikako Erroi Racingekoak txapela ia ziurtatuta dute, «baldin eta Bescanon jokatuko diren bi saioetatik batean puntuatzea lortzen badute».
Arinen kategorian, bestalde, Andoni Ozerin lemoarraren (36 puntu) eta Joan Batet kataluniarraren (32 puntu) artean izango da lehia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: