Baldatikako goitibehera jaitsiera, bertan behera
Foruko Udalak ez du baimenik eman txapelketa egunean errepidea moztu ahal izateko eta, hortaz, ezingo dute bertan egin.
erredakzioa
Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteak jakinarazi legez, Foruko Baldatika auzoan uztailaren 11rako aurreikusita zegoen goitibehera txapelketa bertan behera geratu da. Haien esanetan, ez dute lortu errepidea zarratzeko Foruko Udalak baimena ematea.
Baldatikako Goitibehera txapelketa 2010. urteko Euskal Ligarako proba puntuagarria zen, baina errepidea mozteko baimenik ez dutela eta, «pena handiz» baina bertan behera utzi behar izan dute.
Errodamendudunak kaltetu
Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteko arduradunek adierazi duten moduan, «Foruko alkate Igor Duñabeitiak ez du baimenik eman gura izan errodamendudun goitibehera txapelketa egin ahal izateko. Alkatearen esanetan, goitibehera horiek Forua eta Baldatika auzoa batzen duen galtzadaren asfaltatoari kalte egiten diote».
Errodamendudun goitibeherei baimenik eman ez, baina bai ematen die, ordea, pneumatikoen kategoriakoei. Hala ere, elkarteko arduradunek kategoria guztiek lehiatu behar dutela uste dute eta horregatik erabaki dute Euskal Ligarako puntuagarria zen proba hori bertan behera uztea.
Erakargarrienetakoa
Baldatikako jaitsierak bi kilometro ditu eta, antolatzaileen ustez, «euskal zirkuituaren egutegian dagoen jaitsierarik azkarrenetarikoa eta erakargarrienetarikoa da».
«Errodamendudun goitibeherek asfaltatoa kaltetzen dute, baina, antza denez, errepide horretatik egurrez beteta ibiltzen diren kamioiek ez diote asfaltatoari kalterik egiten. Zer nolako ezjakintasuna duen alkateak», diote.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: