2024ko euskal kanturik onenak
1.-Olloki-Nazkatuta
2.-Pelax-3
3.-Tenpora-Erlauntzako erreginak
4.-Izaro-Urte berri on
5.-Gorka Urbizu-Teoria bat
6.-Marte Lasarte-Basamortua
7.-Keia-Tiraka nabil
8.-Izaki Gardenak-Orube
9.-Idoia-Sarearen
10.-Olatz Salvador-Basan
11.-Anari-Troiako zaldia
12.-Madame Birrots-Ihesi
1.-Olloki “Nazkatuta”. Bakarra aukeratu behar, eta gogorra izan den arren, AOR pieza zoragarri hau hautatu dugu onena bezala. 80etako FM Hard Rock kantu apurtzaile haien oinerdeko zuzena, melodia ederra dauka, ahots agudo gozagarria, gitarra solo zein erritmiko garaileak eta teklatu soloa. Hamaika ikusteko jaioak gara.
2.-Pelax-3. Unai Pelayoren diskoa harrigarria bada, 3 izena duen kantua dugu akaso denetan onena. Deskribaezinezko sentsazioen pilaketa, progresiboa eta math rockaren arteko jolas itzela dugu. Erritmoaren konplexutasunak, egituren mozkorraldi geldiezinak eta erasokortasun oso markatuak diskoko onenean bihurtzen dute.
3.-Tenpora-Erlauntzako erreginak. Tolosako boskotearen bosgarren diskoak baditu zenbait sekretu, baina hau dugu akaso beraien ibilbideko ederrenetakoa: jazz egitura guztiz alde batera utzi gabe, Elene Arandiaren ahots ederrak sentsazio pilaketa dakar amaiezinezko plazera eskaintzen diguten azken bi minutu eta erdietan. Musika kapa guztiek eraikitzen duten unibertsoa fantasiazkoa eta liluragarria da.
4.-Izaro-Urte berri on. Nola aukeratu hainbeste kantu ederren artean? Gure gabon gaua, Hartu lerak madan behera... aukera anitzeko diskoa dugu, baina diskoari agur esateko hautatu duen hauxe dugu onenetakoa. Mallabiarrak gabonak sentitzeko duen era trasmititzen du eta kapak sortzeko erabili duen modua delicatessen hutsa da: Grand finalle epikoa eta ahotsaren erabilera garaiezina dauka.
5.-Gorka Urbizu-Teoria bat. Biluzia, hermetikoa.... baina zer nolako melodia ederrak sartu dituen Gorkak bere bakarkako lehen diskoan! Zale bakoitzak bere kantu faboritoa edukiko duelakoan gaude, baina bat hautatzekotan guk Teoria bat aukeratu dugu bere elegantziagatik. Badauka nolabaiteko baikortasun bat gainera, malenkonia kutsu handia darion arren.
6.-Marte Lasarte-Basamortua. Skakeitan taldeko konposatzile nagusietako bik (Pello Armendarizek eta Borja Antónek) sortutako taldeak, komertzialtasuna bilatu du nahiko nabarmenki, aurten hainbat artistek egin duten bezala, baina kalitatea nabari da diskoan hainbat kantuetan, adibidez Basamortua honetan, konplexutasun apur bat ere bai baitauka eta ez baitu, gainera, dantzagarritasunik galtzen.
7.-Keia-Tiraka nabil. Eraikin sendoa dugu kantu hau. Diskoko kanturik dentsoena, Ane Arrutiren melodia goxo bat dakar hasiera hasieratik, nahiz eta pixkanaka eraikitzen joan diren soinu harresiak kantu osoa zeharo sorgintzen duen. Girotzea intentsua eta erabatekoa da, oso gogorra.
8.-Izaki Gardenak-Orube. Pasadena taldeak deskantsua hartu du, baina zorionez Izaki Gardenak itzuli da. Gainera, Libek Jon Basagurenen ondoan jarraitzen du eta kalitatea bermatuta dago, modu ezberdin batean bada ere. Kantu honek bide berriak ireki ditu, lehenago zabaldutakoei muzinik egin gabe: sentibera, goxoa, melodia ederrekoa... hitz batean: zoragarria.
9.-Idoia-Sarearen. Hiru urteren ondoren, hemen da Idoia Asurmendiren bigarren diskoa. Bide komertzialean sakondu duen arren (tartean erdaraz kantatutako kantu sorta zabala), lehen diskoko dohaiak mantentzen ditu, eta kantutzar dotore honekin bere sentsibilitate guztia eskaintzen digu. Benetan ederra.
10.-Olatz Salvador-Basan. Donostiarrak ere jauzi handia egin du lan honekin, irrati formulak aurreko bi artelanek baino dezente nabarmenago bilatzen baititu, nahiz eta euskara hutsean kantatzen duen. Edonola ere, Zintzilik eta Aho uhal diskoetan bezala, berezko nortasuna, doinu harrigarriak eta produzkio oso landua dauka disko honek ere. Haien artean akaso Basan dugu erabatekoena eta dudarik gabe famatuena.
11.-Anari-Troiako zaldia. Luze egin zaizkigu Epilogo bat diskotik pasa diren zortzi urteak, baina poesiaz jantzitako kantu sorta eder batekin itzuli zaigu azkoitiarra. Troiako zaldia-k dramatikotasuna eta sotiltasuna eskaintzen digu bere tradiziorik hoberenean, baita, noski, karga emozional erraldoiaz eraikitako crescendo garaiezin horietako bat ere.
12.-Madame Birrots-Ihesi. Proposamen berezia, atmosfera goxoz eta sorpresa hainbatez betetakoa dakar Baztango bost emakume hauen lehen diskoak. Girotze sinple bezain erakargarrien artean, Kattalin Ezkerrak “Ihesi” kantuan ahotsa nola goratzen duen entzutea gozamen hutsa da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: