2021eko diskorik onenak
1. Liher “Eta hutsa zen helmuga” (Egilea editore/Liher Records)
2. Idoia “Ilun eta abar” (Egilea editore)
3. McOnak “Bitakora” (Mauka Musikagintza)
4. Joseba Irazoki eta Lagunak (JIEL) “III” (Bidehuts)
5. Laumono “Umezurtzak Jupiterren” (Egilea editore)
6. Olatz Salvador “Aho uhal” (Airaka)
7. Anita Parker “Reset” (Mauka Musikagintza)
8. Gontzal Mendibil “Neugan bizi gabe biziz (San Joan Gurutzekoren poema musikatuak)” (Egilea editore)
9. Urko “2021 Victoria Eugenia” (Egilea editore)
10.Willis Drummond “Garai bereziendako kontzertu berezia” (Egilea editore/Tabula Rasa)
11.Bloñ “Bañolet kantuz” (Xofaldia Prod)
12.Joseba Tapia “Egon edo ez egon” (Egilea Editore/Zakurraren biolina) LIHER “Eta hutsa zen helmuga”.
1. Liher "Eta hutsa zen helmuga" (Egilea editore/Liher Records)
Akaso “Hemen herensugeak daude” diskotzarraren dentsitatetik askatuta, amorrazio hutsez egindako lan borobil eta boteretsua dugu honako hau. Stoner eta soul osagaiak inoiz ahantzi gabe, koru gero eta sofistikatuagoek, konposizio are erakargarriagoek eta Lideren berezko talentu amaiezinak aparteko diskoa osatzen dute. Kantuak iazkoak baino oraindik hobeak dira, borobilagoak ere bai, eta naturaltasun handiagoa erakusten dute. Garaipen totala, beraz.
2. IDOIA “Ilun eta abar”.
Segur aski, urteko sorpresarik handiena. Olatz Salvadorrek aurten argitaratu duen disko berrian ezagutu genuen, harekin “Gelditu hor” kantuan egin zuen biko magiko harekin. Bakarkako lehen lana ere 2021ean etorri da, eta bere freskotasunak eta ahotsaren tinbre zoragarriak harritu gaitu. Kantuok pop rockaren esparruan sartzen dira, baina bereziki bere pianoak eta ahotsak sortzen dute kantuen oinarria. Erakusten duen erraztasuna eta naturaltasuna ikusita, epe motzean lortuko duena oraindik handiagoa izango delakoan gaude.
3. McONAK “Bitakora”. Folk-rock estiloa aipatzen badugu ez gara gaizki arituko, baina hori lekeitiarrek daukaten martxa izugarria bazterrean uztea izango litzake. Kantu suspergarri andana, zuzenekoetan biderkatzen dena, dugu taldearen bizkar hezurra. Rock formatura moldatutako folk doinuak eta izpiritua (biolina eta soinua ahaztu gabe), abiadura eta bultzada ezberdineko konposizioak, nortasunez jantzitako hitzak, eta kantu bakoitzean kolaborazio bat. McOnak taldeak hamar urte bete ditu, eta gure eszenako talderik zirraragarrienetakoa bihurtu dira.
4. JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK (JIEL) (III). Disko mordoa argitaratu du jada Josebak, baina duela hiru urteko “Zu al zara?” lanean egin zuen jauzia ez zen edonolakoa izan. Orain, laukotea guztiz enpastatuta eta elkar-ulertzea erabatekoa izaki, hartu duten gorantzako bideak geldiezina dirudi. Traza psikodelikoek hor jarraitzen duten arren, azken garaietako rock zitala lantzen jarraitzen du, konposizio eta interpretazio zoro, jenial eta lehergarrietan. Irazokiren nortasunak eta bat-batekotasunak betetzen ditu bederatzi kantuok, eta Felix Buff, Ibai Gogortza eta Jaime Nietok asmatu dute amaiezina dirudien talentu horri sostengua ematen.
5. LAUMONO “Umezurtzak Jupiterren”.
Rocka, Hard Rocka, Bluesa... Zenbat taldek egiten dute hau? Hamaika urte itxaron behar izan dugun arren, hirugarren lan honekin lortu dute, azkenik, bilatzen ari ziren soinua. Konposizio mardul eta borobilak, dantza eta juergarako aproposak, beti ere sentimentu eta teknika handiz landutakoak eta esperientziak bakarrik ematen duen trinkotasunez eginak, edozein areto sutan jartzeko moduko kantu sorta erregalatu digute. Bereizgarritasun asko dauzkaten arren, Ricard Garagarzaren ahots tonu altuek ematen die gure eszenan protagonismo berezia.
6. OLATZ SALVADOR “Aho Uhal”.
Lehen disko arrakastatsu eta garaiezin horren ostean, Olatzek zailena lortu du: goian eustea eta eskatzen genion maila goren hori mantentzea. Doinu zoragarriak egiten jarraitzen du, gainera, eta konposizioen kalitatea ukaezina da. Kantuek erakargarritasuna daukate eta berezko nortasuna erakusten jarraitzen du, beraz helburu guztiak bete dituela esan genezake. Kolaborazioek zeresan positibo ugari eman dituzte, dudarik gabe, baina Olatzek haien beharrik ez duela ere begi bistakoa da.
7. ANITA PARKER “Reset”.
Bizipoza, konplexurik eza, dantzarako gonbita... Guzti horrekin gure musika eszena aberasten jarraitzen du hirukote bihurtu den Arrasateko taldeak. Hiru minutuko kantu zuzen eta ausart hauekin, lotsa izpirik gabeko jarrera garailea dugu nagusi. Akaso Osoronek alde egin eta gero gitarra soinu hiltzaile hori falta zaie, baina electro swing zurrunbiloan sakonduaz zale berriak erakarriko dituztelakoan gaude. Hitz pikante eta askatzaileek osotasun pizgarria ematen diote azken emaitzari, eta haize instrumentuek askatasun sentsazioa.
8. GONTZAL MENDIBIL “Neugan bizi gabe biziz (San Joan Gurutzekoren poema musikatuak)”. Luis Baraiazarra karmeldar markinarrak egin duen balentriari (San Joan Gurutzekoaren obra osoa euskaratu, alegia) omenaldia egin nahi izan dio Zeanuriko kantariak. Jatorrizko poetaren dotoretasuna, euskal poesia magikoan bihurtu du Luisek, eta Gontzalek, ohi duen mimo eta adeitasunarekin, forma musikal zaindua eman dio poesia haietako hamairu piezeri. Elizetan aurkezten dihardu geroztik, eta bai diskoa bai emanaldiak hunkigarriak izaten ari dira. Kristau izan edo ez, edonor hunkitzeko moduko lan borobila.
9. URKO “2021 Victoria Eugenia”.
Urtarrilean aparteko kontzertua ikusi ahal izan genuen Victoria Eugenia Antzokian: “Urko. Ezezagunak” kartelaren atzean banda profesional eta trebatua, eta bere errepertorioko harribitxi ezkutuetako batzuk entzuteko aukera. Noski, kantu ezagunak ere jo behar izan zituen, baina rock formatuko piezen testigantza, José Bergamínen omenezko diskoko pare bat pieza eta beste hainbat sorpresa entzuteko beta izan genuenez, emanaldi historiko eta hunkigarria izan zen. Soinu borobila, ametsetako banda eta ahotsez oso boteretsu ikusi genuen protagonistak borobildutakoa.
10. WILLIS DRUMMOND “Garai bereziendako kontzertu berezia”.
Egoera berriei egokitzen saiatzea besterik ez zaie gelditu talde askori azken bi urteotan. Iparraldekoek egindakoa, ordea, hori baino dezente boteretsuagoa izan da: hirukote bihurtuta ziren arren, Botibolen fitxaketak bigarren gitarra jole eta teklatua ekarri dituzte, ordea. Honela, formatu erdi-akustikoan eta kantuei forma berria emanez, luzaroan gogoratzeko moduko emanaldiak egin dituzte. Hori gutxi balitz, zuzenekoa grabatzea erabaki zutenean betikotasuna eman zioten. Lan gustagarria, teknikoa bai noski, baina baita oso sentitua ere.
11. BLOÑ “Bañolet kantuz”.
Beherago aipatuko dugu nola sortu zen taldea, orain lan honekiko gure harridura azaltzeko momentua da. Abesti hauek harrapatu baikaituzte, lehen aldiz entzun genituen momentutik bertatik. Soiltasun eder batez jantzitako atmosferak, kantu original bezain erakargarriak, eta hori guztia azpimarratzen, atabal kolpeak, beti. Gainera, ahotsen freskotasunak eta diskoaren beraren originaltasunak txapela kentzera garamatzate. Lantzen duten estiloa deskribatzeko saiakeran, ordea, ezinezkoa zaigu joera konkretu batean sailkatzea. Hobe horrela.
12. JOSEBA TAPIA “Egon edo ez egon”.
Artista gutxi ezagutzen dugu Joseba baino independenteagorik. Bere ibilbidean frogatu duen moduan, gogoak ematen diona egiten jarraitzen du. Hala, konposatzeko modua era oso nabarmenean aldatzen du askotan. Oraingoan, kantu borobil eta komertzialen diskoa tokatu zaigu. Sonoritate aldetik, “Eta tira eta tunba” diskoko instrumentaziora itzulera izan da: soinua, jazpana, tronpeta, tronboia... lan ahaztezin haren boterea dauka lan berriak, hortaz, eta horregatik dugu Tapiaren lanik onenetakoa. Aparta.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: