2020ko Kanturik onenak

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2021-01-13 13:29

pyromanya@hotmail.com 1610548248902

Petti — Helduentzako sehaska kanta (I). Kantu borobila, ezohikoa eta dotorea. “Diotenez” kantua sartzekotan egon gara, baina bat bakarrik sartu genezakeenez aukerartu dugu hau, halabeharrez. Pettiren ahotsa eta tonua erregistro ezberdinak jorratzeko tresna abila dela badakigu, baina kantu honetan bereziki txundigarria da. Horri Maite Larbururen ahots limurtzailea eta Et Incarnatus soka laukotearen kapak gehitzen badizkiogu, 2020ko podiumerako hautagai perfektua daukagu.

Gatibu — Musikak salbatuko gaitu. Gernikar laukotea, ia bi hamarkadako ibilbide oparotsua egin ondoren, bueltan da beraien lanik onenetako batekin. Ez dira inoiz joan, baina azken lan honek beraien lanik onenen mailara bueltatu ditu. Kantu honen gantxoa eta boterea apartekoa da: daukan egitura eta melodia ederrak badira, instrumentuak jotzeko teknikak eta denborak neurtzeko gaitasuna aipagarriak dira. Pista bakoitza maisuki grabatua dago, eta guztiaren gainetik baxuaren erakustaldi harrigaria eta atabal kolpe zehatzak daude.

Blanquita Carraquela — Bourgogne. Eraul taldeari agur esan ondoren, zorionez Asier Beramendi itzuli da, momentuz hiru kanta bakarrik eskaini dizkigun arren. Haukeratutako kantu honen sentsibilitate eta dotoreziak entzulea harrapatzen du berehala. Sustraidun musika eta pianoaren elegantziak, bateriaren kolpe bakan baina zehatzen indarrari gehituta konbinazio aparta osatzen dute. Asierrek melodia zoragarriak egiten jarraitzen du, eta intentsitateekin jokatzen duen bitartean, azkenik errepika (ohi bezala) estasira maisuki bideratzen du. Aparta.

Esti Markez — Ez da bizitza. Kantari hain gazteak oholtzan ikustea ez da hain ezohikoa izan azken urteotan. Oraingoan, bere aita famatuarekin diskoa konpartitu duen kantariaz ari gara. Lana erdibana egin dute, bakoitzak bere kantuak alegia, eta Estiren ahotsaren indarra eta tonu biziki altuek atentzioa ematen duten arren, kantu honetan beheragoko tonu zoragarri bat hartu du. Kantuaren edertasunak eta letren heldutasuna ere sorpresa aipagarriak dira.

Kuartz — Energia. Hard pilula boteretsu, irudimentsu eta dantzagarriak dira lan honetako 10 kantuak. “Energia” sonoritatez ondo jantzia, exekuzioz superra eta edukiz ahalmentsua da, Stoner Rock eta rock pisutsuaren zaleontzat zein gustu oneko edozein entzulerentzat aproposa. Kantu hau ez duzue, haatik, segur aski zerrenda askotan ikusiko, estiloagatik bada bederen. Egin kasu: Kuartz bikainak dira. Iparraldea deika daukagu berriro; ez dakit konturatzen ote garen.

Nøgen — Euria. Momentuan txunditzen duen melodia horietako batez jantzia, Eider Saezen ahotsak berehala harrapatzen zaitu. Gitarra leun eta soinu delikatu eta garbiz jantzia, kantu motzek daukaten magia maisuki azaltzen digu. Ez digute erraz jarri kantu aukeraketa egiterakoan, baina edonor hunkituko duen kanta da.

Hilotz — Zurrunbiloa. Berriz ere aukeraketa zaila izan den arren, kantu honek Hilotzen dohain guztiak erakusten dizkigu: Muturreko oldarkortasuna, ahots arraspatu eta erasotzailea, gitarra akustiko zein elektrikoak baina ia beti hiltzaileak, bateria zehatza eta segurua eta erritmo aldaketak nonahi. Garapen instrumental konplexu eta adiktiboak eta sentsazio orokor ekidinezina: gainetik kamioi bat pasa izan balitzaigu bezalakoa. Disko osoan bezala, Pablo Cabasesek gitarrarekin egin duen lana goraipatzeko modukoa izan da.

Liher — Thelma & Louise. Opera rock estiloko disko baten pieza izaki, bertatik bereiztuta entzuteko ere aproposa dugun kantu boteretsua dugu hau. Iñigo Etxarriren gitarra soinu lodi eta indartsuak agintzen du hemen, oinarri erritmiko zehatza ahaztu gabe noski. Abesti zapaltzaile eta kementsu honetan Lide Hernandoren ahotsak dena betetzen du, oraingoan bere bertsio potenteenarekin. “Uniforme izerditu/ezingo nauzu gelditu” urteko errepika onenen artean sartzekoa, dudarik gabe.

Bizarro — Ihesi. Potemkineko bi partaidek (Aixibar Urteaga eta Iban Idigoras), Tommaso Galati maisu italiarra, Iñigo Palacios eta Aitor Regueiro abeslariak osatutako boskote boteretsua. Praktikan une askotan bi abeslari dauzkan taldea da, eta soinu indartsu eta melodiez jositakoa dugu. 90etako rock alternatiboan bilatu beharko genituzke errefrentziak, eta kantu honetan konkretuki Screaming Treesen “Dust” diskoan segur aski. Amaiera epikoa dauka, emanaldi bat amaitzeko perfektua, nahiz eta gero azken zatian teklatu batek nolabaitekoa outroa egiten dion.

Rodeo — Belaunaldi galdua. Hirugarren eraso honekin Zestoarrek ohi bezain oldarkor izaten jarraitzeak beraien zaleak pozik utziko ditu. Stoner Rock estiloa bere sustrai eta magia guztiarekin lantzen dute oraindik ere: Kyussen irakaskizunak hain era profesionalean barneratze hutsa aipagarria baita. Kantu honek sustrai horiek era pertsonalean landu daitezkeela baieztatzen digu, eta Stonerrak bere baitan hamaika sonoritate, giro eta erritmo onartzen dizigula oroitarazten. Kantu frenetikoa eta irudikorra.

Izaro — Libre. Gezurra dirudi, baina lauzpabost urte bakarrik pasatu dira Mallabiarrak lehen lana atera zuenetik, eta eduki duen igoera meteorikoa ikusita, bere talentuagatik ez balitz arrisku bizian egon zitekeen artista dela ere pentsa liteke. Kantu ahaztezinak egiteko ahalmena mantendu du 2020 honetan: pasarte intentsu eta tentuz landutako oinarri instrumentalek profesionalki jantzi dute guzti honen lehengai nagusia eta azken batean garrantzitsuena: Izaroren sormenaren eta bere ahots imita ezinaren magia. “Libre” hau guztiz borobila eta ederra da.

Modus Operandi — Dantza gaitezen hil arte. Iñaki Ortiz de Villalba kalitatearen sinonimoa dugu egiten dituen proiektu guzietan. Betagarriren banaketa deigarria egin zitzaigun arren, laster plazaratu zuen berriro talde guztiz berriaren lehen lana. Orain, bigaren eraso honetan aurreko taldearen nortasun ezaugarriak mantentzen ditu bai soinu eta errritmo anitzen alorrean, baita berezko baikortasun eta jarrera kementsuan ere. Esandakoa: talde hau eta bere gidaria garantia hutsa dira.Diskoari izena ematen dion kantua euskal hit bat da, estiloen gainetik dagoen abesti landu eta borobila.

EPILOGOA

Aipamen berezia: Kantuen artean, Zetak taldearen “Zeinen ederra izango den”, Anne Etchegoyenen “Ixilik”, Olatz Salvadorren “Euria”, hiru adibide jartzearren. Etorkizun Beltza taldeko abeslaria den Imanol Orozkori, bere ahots jario boteretsuagatik, Amurrioko Izate Faltsua metaleroei beren kemenagatik, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda... eta zerrenda hauetatik kanpo geratu diren beste hainbati. Pandemia honen erdian kontzertuak antolatzen ibili direnak izan duten ausardia eta kemenagatik. Durangoko Azoka online egiteko ideia izan eta gauzatu zutenei. Zailtasun guztien gainetik kazetaritza musikala egiten jarraitzeko morala eta grina erakutsi duten guztiei.


Utzi iruzkina: