2024ko euskal diskorik onenak

1.-Izaro-Izaro gabonetan (Egilea editore)
2.-Pelax-Esan gabe doa (Balio Dute)
3.-Olloki-Alienatuta (Egilea editore)
4.-Gorka Urbizu-Hasiera bat (Only In Dreams)
5.-Ezpalak-Gatza (Patana Records)
6.-Eraul-Dabadaba zuzenean (Live) (Egilea editore)
7.-Alguillo & Alkimistak-Burua makurtu gabe (Egilea editore)
8.-Kuartz-III (Bonberenea)
9.-Kaskezur-Deus (Usopop)
10.-Delirium Tremens-... Ta Nora? (Balaunka)
11.-Gari-Behin bizitzea (Elkar)
12.-Keia-Zamalanak (Egilea editore)
1.-Izaro-Izaro gabonetan (Egilea editore). Urteko sorpresarik handiena Izarok eman digu. AEBtako tradiziorik hoberenean, Sinatra, Dean edo Crosbyren sonoritate gozagarriak landu ditu gabon izpiritua borobiltzeko. Hainbat pieza gure kantutegira pasako dira, jada egin ez badute (Gure gabon gaua, Olentzero, Hartu lerak maldan behera...).
2.-Pelax-Esan gabe doa (Balio Dute). Rock progresiboa lurralde oldarkorretara eraman du Pelaxek, eta hori gutxi balitz, erritmoen bortxaketa motak eta jolas amaigabeek math rock manerak landu dituzte Unairen lanik onenean. Erosotasunetik urrun, estimuluen pilaketa benetan harrigarria da.
3.-Olloki-Alienatuta (Egilea editore). Hainbeste kantu mota, hainbeste estilo eta ahots tonalitatek garaiezina bihurtu dute Andoni Oilokiegiren proposamena. Horrek dispertsio handia ematen die diskoei eta lan konpaktuago batekin lor zezakeenetik urruntzen du. Dena den, harrigarria da egiten duen guztia, eta egin dituen AOR kutsuko pieza zoragarriak: Egokitu, Nazkatuta, Lehen aldia... jeinu baten aurrean gaude eta denborak hala erakutsiko du.
4.-Gorka Urbizu-Hasiera bat (Only In Dreams). Denbora izan du Gorkak bere itzulera planifikatzeko, dudarik ez, baina arrakasta lortu duen moduan lortzea ikusgarria da gero: komertzialtasun oro alde batera utzi eta lan barnerakoia eta iluna egin du, biluzia baina era berean argitsua. Kantuen indarrak dena esaten du eta modurik zintzoenean lortu du gailurra; chapeau.
5.-Ezpalak-Gatza (Patana Records). Zein oldarkorrak diren zestoarren kontzertuak. Gero eta gehiago, hala da, baina hori diskoan frogatzea ez da hain erraza izaten, eta azkenik lortu dute horretara hurbiltzea. Momentu honetan beraien ibilbideko momenturik interesgarrienean daude, eta laukote hau mantentzen badute petatzeko aukera oso handiak dauzkate.
6.-Eraul-Dabadaba zuzenean (Live) (Egilea editore). Asier Beramendi donostiarrak zur eta lur utzi gintuen 2017ao Iraultza diskotzarrarekin. Gero, erritmoa jeitsi zuen, baina Blanquita Carraquela proiektu gomendagarria aurrera atera zuen. Azken bi urteetan singleak atera ditu eta orain lehen aipatu LP zoragarri hori zuzeneko gordin eta hunkigarri honetara eraman du. Erraietatik aueratzen den diskoa dugu, berehalako klasiko bat.
7.-Alguillo & Alkimistak-Burua makurtu gabe (Egilea editore). Sorpresa gehiago: Expresión Sonora eta Koska taldeetan aritutako Alfonso Guillók zortzikote gustagarri hau jarri du martxan: soula, gospel koruak, rock pizgarria, perkusio sekzioa, Hammond organoa... Carlos Santana harro egoteko moduko piezak ere badaude, eta orohar kalitate estandarra oso altua eta guztiz ezberdina da.
8.-Kuartz-III (Bonberenea). Akaso espero baino bigunagoa da baxenabartar bikotearen lan berria. Hala ere, stoner manerak lantzen jarraitzen dute eta konposizioak indartsuak dira, nahiz eta zati melodikoen garapenak eta popera hurbiltzen diren doinuak hor dauden. Stonerraren eboluzio bat dugu hau, jatorrizko izpiritua alde batera uzten ez duena.
9.-Kaskezur-Deus (Usopop).
Bost urteren ondoren, bueltan da azkenik Baztango taldea. Gustu ona nabari da soinuan eta kontu handiz landutako gitarra delikatu zein biziki gogorretan. Erritmoa eta tentsioa mantentzen maisuak, crescendoak ere berebiziko garrantzia daukate hainbat kantuetan.
10.-Delirium Tremens-... Ta Nora? (Balaunka). Sei kantu berrik eta bi klasiko zaharrrek (Batzuetan eta Sua) osatzen dute Mutrikuarren azken diskoa. Duintasuna baino gehiago lortu dute: soinu konpaktua, bultzada boteretsua (Hiru aeroplano diskoan lortu zutenaren antzekoa) eta aurten egingo duten azken agur biran joko dituzten hainbat pieza. Itzulera polita izan da 2022an hasi zutena, baina amaierara hurbiltzen ari gara.
11.-Gari-Behin bizitzea (Elkar). Goxotasun berri bat lantzen ari da Gari azken diskoetan. Kantuak modu bereziki atsegin eta limurtzailean sartzen diren horietakoak dira, eta landu duen soinu motak zer ikusi handia dauka azken emaitzan. Ibilbide harrigarria Garirena, gure eszenako produktiboenetakoa eta nola ez iradokitzaileenetakoa, baina baita zabalenetakoa ere.
12.-Keia-Zamalanak (Egilea editore). Ane Arruti eta oñatiarrek bigarren disko honetan bide apur bat ezberdina landu dute, akaso batzuetan leunagoa eta bestetan astunagoa, nahiz eta sakontasun kargak hor dauden eta kantuen egiturak aberatsak diren. Eboluzio txiki bat bezala har genezake, baina Aneren ahotsa (taldearen nortasun agiria) beti bezain zoragarri entzuten da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: