2023ko Diskorik onenak (www.badok.info)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-01-24 19:55

pyromanya@hotmail.com 1706122734131

1.- Maialen “Animus Anima” (Egilea editore)

2.- Murgi “Hain zuzen ere” (Ipar orratza)

3.- Izaro “Cerodenero” (Egilea editore)

4.- Ginger “Narras” (Egilea editore)

5.- Kadira “Kadira” (Mukuru)

6.- Sara Azurza “Hemen berriro” (*Zart)

7.- Txuma Murugarren “Gautegia” (Gaztelupeko hotsak)

8.- Olatz Zugasti “Hitzño bat erran eta, banua berhala” (Kantaita enea)

9.- Bas(h)oan “Bas(h)oan II” (Elkar)

10.-Ibil Bedi “Goldea” (Egilea editore)

 

1.- Maialen “Animus Anima” (Egilea editore). Nafarroa Behereko artistaren munduan dena da posible: euskal kanta eta popa; folka eta soula; Jazza, rocka eta gospela. Ahots loriatsua eta guztiz magikoa dauka. Lan honekin bere grabaziorik onenetakoa egin du. Orain, soilik hegoaldean merezi duen oihartzuna lortzea geratzen da.

2.- MurgiHain zuzen ere” (Ipar orratza). Talde progresibo izatetik, Tristtan Mourguyk taldearen izena moztu eta power trio boteretsu eta zentzu batean progresiboa martxan jarri du. Azken bi diskoen garraztasuna eta intentsitatea biltzen duen zuzenekoa duzue hau. Ez duzue gurean antzekorik entzungo.

3.- Izaro “Cerodenero” (Egilea editore). Belodromoa bete eta famatuen kolaborazioz osatutako diskoa grabatu ostean, kantu berrien txanda iritsi da Mallabiarrarentzat. Elektronika erabili du zenbait kantutan, hain zuzen ere oldar handia duen segida eder batean, baina “Eason” diskoko atmosfera limurtzaileen itzulerak eta ahots zoragarriek ere hor jarraitzen dute. Lan borobila.

4.- Ginger “Narras” (Egilea editore). Aurreko diskoaren bizitasuna berdintzea lan zaila zen arren, sei kantuko lan berriak helburua lortu duela esan genezake, kantuen izaera frenetikoak eta freskotasunak bere horretan baitirau. Proposamenaren indarrak eta hiru ahotsetan egindako koru harrigarriek onenen artean kokatzen dituzte.

5.- Kadira “Kadira” (Mukuru). Lorea Zulaikak bere soinua aurkitu du Kadira taldearen lehen lan honetan. Kantu hauek bere ahotsaren balioa islatzen dute, arnasa eman eta norabide anitzeko aukerak biderkatzen baitizkiote. Hainbat estilok dute lekua lan honetan eta sorpresak ere ez dira falta (Maitaleen swinga, kasu) eta altxor zenbait: Hiru tiro hots, Salbazioa, Oasia, Aieneka... Proposamen baliosa.

6.- Sara Azurza “Hemen berriro” (*Zart). Soul musika lekutxo bat egiten ari da gure eszenan. Oraindik txikia agian, baina interesgarria guztiz. Uste ustelak, Unexpected people, Beranduegi da... smooth soul ariketa gozagarriak dira. Hau da: funk osagaia daukate, nahiz eta pop osagaiak ere bere lekua daukan. Eta borobiltzeko, “Gauero” balada hunkigarria, Sararen ahots sentiberaren luzimendurako aproposa.

7.- Txuma Murugarren “Gautegia” (Gaztelupeko hotsak). Urteak eman digun sorpresa handienetakoa: Nick Cave-ren Nocturama diskoa goitik behera bertsionatu du errenteriarrak disko haren hogei urte bete diren honetan. Cave-ren lan bikaina duintasunez bakarrik ez, sentimendu handiz busti du Murugarrenek. Diskoa sakonki sentitzen duela argi geratu da, eta kantuak berrikuskatzeko moduak berak (biluzia zenbaitetan, hunkigarria beti) meritu handia dauka.

8.- Olatz Zugasti “Hitzño bat erran eta, banua berhala” (Kantaita enea). Oriotarraren zazpigarren lanak bere ibilbideko hainbat klabe laburbiltzen ditu: Eragin irlandarra, zeltiarra, euskalduna... Arbasoen sua faktore garrantzitsua da disko honetan ere. Giro elizkoia ere ez da falta (Mendian zoinen eder), beste hainbat elementuren artean, baina estudioko aurreko lanarekin egin zuen jauzia (bateriaren presentzia, zuzenekoetan kantuen berrirakurketa eta azken bi diskoetan bere alaba Gratxinaren presentzia gero eta handiagoa) nabari da grabazioan. Klasiko bihurtuko diren hainbat piezako diskoa.

9.- Bas(h)oan “Bas(h)oan II” (Elkar). Sorpresa gehiago: Bas(h)oan I lan harrigarria argitaratu zela sei urte pasatu dira, eta inor gutxik espero zuen bigarren bat aterako zutenik. Baina dena da posible hainbeste talentu biltzen dituen proiektu honetan. Beñat Axiari eta Joseba Irazokik bat egitearena guztiz logikoa dirudi orain, eta elkarlan honen balioak eskema guztiak apurtzen ditu. Beñaten inprobisatzeko grinak eta besteen esperimentaziorako joerak aparteko harribitxia sortu dute.

10.- Ibil Bedi “Goldea” (Egilea editore). Boskote nafartarraren bilaketak eternala dirudi: edertasuna, goxotasuna eta kalitatezko soinua helburu, hirugarren lan honekin asmoa guztiz bete dutela esan dezakegu, ahotsen goxotasuna, konposizioen balioa eta soinu orokorra bereziki aipagarriak baitira. Biolina, saxofoia eta teklatuen erabilerak ere nortasun berezia ematen die.


Utzi iruzkina: