2006ko Kontzertuak (III)
Estatu espainiarrean beti egon izan da kalitataezko rock and rolla, Leño, Obús eta Asfaltoren garaietatik hasita, edota lehenago ere 70etako rock abanguardiarekin, eta atzerago ere egin genezake Los Bravos eta Los Brincos taldeetara iritsi arte. Rock gogorrean estilo anitzeko taldeak aurki ditzakegu, blues rock eta Heavy Metalean bezala, Ska eta Punk aldetik ere bai...Horretaz gain, Rock Festival mordo bat aurkitu dezakegu ia edozein lekutan. Asko maila internazionalekoak: Festimad, Lorca Rock, Primavera Sound, Monsters Of Rock...e.a. (Euskal Herriko Azkena Rock, Metalway eta Bilbao Live kontatu gabe). Bertako taldeenak beste pila bat (Extremúsika, Leyendas del Rock, Kalakorikos, Derrame Rock, Viña Rock etabar amaitezin bat), eta onena da urtero berriak ateratzen direla, edozein lekutan. Batzuk oso txikiak izaten dira, 3 edo 4 talde gau bakar batean; beste batzuk, ordea, 3 egunez luzatzen dira. Denetik, beraz.
Eta Espainia aldeko talde batzuk maiz igo ohi dira gurera (beste batzuk gutxiago). 2006 hontan mordoxka bat harrapatu genituen, Burningena adibidez. Beti plazer bat da makarra hauek ikustea. Bai, badakit Johnny Cifuentesek bakarrik jarraitzen duela, eta Antonio eta Pepe Risi hilak daudela, baina Johnnyk teklatua jotzen duenean, bere betaurreko beltzekin, edo Jack Daniels botilari beste tragu bat ematen dionean, irribarreari eustea zaila egiten da. “Hau duk nire Johnny” pentsatu nian. Atarrabiako Tótem aretoa gori gori jarri zuen bere taldearekin. Lehenengo lerrotan “El Drogas” ikus zitekeen, Barricada taldean hainbeste eragina izan zuen leiendaz gozatzen.
Tótemen bertan, José Carlos Molina, hots, Ñu mitikoak izan genituen Otsailean. 10 urte neraman Madrildarrak ikusi gabe, eta zaila da objetiboa izatea halako egun batean. Flautarekin duen maisutasuna eta Heavy Rock pasarte gogorrez gozatu ahal izan genuen, “Manicomio”, “Ella”...e.a. Zoritxarrez oso jende gutxi zegoen han, baina han izan ginenak harro egon gaitezke. Espero dut beste 10 urte pasa behar ez izatea berriz ikusteko.
Medina Azahara Urtarrilean Bilbon izan genuen, Kafe Antzokian. Beren arrakastaren zergatia erakutsi ziguten, profesionaltasuna erakutsiaz eta klasiko bat bestearen atzetik joaz. “Rock Andaluz” deitu zen hartatik bizirik dirauten bakarrak dira. Jarrai dezatela horrela, beste 30 urtetan.
Klasikoetan klasikoenekin jarraituz, aurten ere Barón Rojo Euskal Herrian izan genuen. Guk Gernikako Metalway Festivalen ikusteko aukera izan genuen, inoiz ikusi diedan aktuaziorik onenarekin, eta oso motibatuak. De Castro anaiak beti dira maisu kitarra jotzen. Azkenik jatorrizko lau partaideak elkartuko diren ez dakit, baina bitartean gaur egungo Barón Rojorekin gozatzen jarraitzeko asmoa daukat, nahiz eta diskotan jada ez diren lehengoak.
Hondarribiako jaietan, galiziar ero batzuk izan genituen: Mamá Ladilla. Portuan jo zuten, txoznetako zonan. Letra surrealistak eta umore asko eskaini ziguten. Espero ez nuena zen, hain potenteak izatea. Erritmo aldaketa asko egiten dituzte, eta batzutan erotuta daudela ere dirudi. “Hijoputa” eta “Cunnilingus post” adibide gisa.
Loquillo y Los Trogloditas beste behin ere gure begien aurrean izan genuen. El Cloteko erraldoia jada ia euskalduntzat hartu genezake, Lasarten bizi bait da. Hantxe ireki du bere taberna, Mendi Rock/Drugstore (rockabilly musika eta dekorazioaz, noski). Eta bai ETBko agerraldiei, baita kontzertuei esker (Euskal Herrian emanaldi mordoarekin), bertakotzat hartu genezake, euskara ikasiko balu...Gernikako jaixetan, txoznetan jo zuen, jende asko bildu zuelarik. Beti bezain harro irten zen, jarrera txuloa eta autentikoaz. Oraindik ere “Cadillac solitario” lehenengo egunean bezala gozatzen duela dirudi.
Nafarroa aldera itzuliaz, Iruñean Sex Museum izan genuen. Hard Rock klasikoa dute gustoko, ingelesez kantatuaz. Led Zeppelin eta The Whoren eskolakoak, zuzenekoak dira euren terrenoa. Doazen lekuetan, hurakan bat bezala pasatzen dira. Barañaingo Auditoriumean, Lluís Llach ikusteko parada izan genuen. Bere belaunaldiko kantautoreetatik, gaur egun ondoen mantentzen denetakoa dugu. Ahotsa beti bezain eder, eta publikoarekiko komunikazioan maisua izaten jarraitzen du. Zoritxarrez, erretiratuko dela dio. Barañainen ondoren, Andoaingo Basteron ere ikusi genuen, gure zorionerako.
Azkena Rock Festivalean, ostiralean Uzzhüaiak ireki zuen, arratsaldeko 4:30inguruan, eguzki zital baten pean. Azken diskarekin eman duten aldaketa, The Culten estilora joaz, jarrera aldetik ere ikusi ahal izan zen, abeslariak panderoa Ian Astbury bailitzan jotzen zuelarik. Oso gomendagarriak, urteko onenen artean zalantzarik gabe. Gogor eta ozen jo zuten; ez eduki dudarik zure herritik pasatzen badira.
Urteko kontzerturik onenaren bila, Atarrabiara itzuliko gara. Urtarrilean Skunk DF metaleroak izan genituen han. Hau bai dela ondo ulertutako eboluzioa, metal garaikidea era pertsonal batez asimilatutakoa. Azken diska, “El año del dragón”en, melodia gehiago landu dute, inspirazio handiz. “Neo”ko kanta bortitzak ere ez ziren falta izan. Espero dezagun madrildarrak lehen bait lehen itzultzea gurera, horrelakoak behar ditugu!
Ezin ahaztu Serratek Kursaalean emandakoa, guztiz gomendagarria noski, Los Rebeldes Barcelonako rockabillyen itzulera Sanferminetan, eta beste leienda bat, Siniestro Total eta Golpes Bajosen izandako Germán Coppini Gasteizko Artiumen. Gari bertan ikusi ahal izan genuen.
Berri txarren artean, Saratogaren desintegrazioa aipatuko nuke, Big Simón produktorearen heriotza, eta Saviako bateriajolearena, Alberto Madrid. Saratogako Leo eta Jerok ospa egin eta Niko bakarrik geratu zaigu. Barcelonako Razzmatazzen eta Bilboko Antzokian ikusi ahal izan nituen, eta halako txispa falta bat nabaritu nuen, nahiz eta instrumentuak maisutasunez jo. Eta Espainiako bateriarik hoberenak, Alberto Madridek, agur esan zigun zoritxarreko moto istripu batean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: