2021eko Euskal kanturik onenak

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2022-03-09 22:00

pyromanya@hotmail.com 1646860285176

1. Olatz Salvador “Ahots hari” (Airaka)

2. Liher “Paradoxak” (Egilea editore/Liher Records)

3. Idoia “Munstroa” (Egilea editore)

4. Laumono “Gaueko lainotan” (Egilea editore)

5. Bloñ “Erbiak” (Xofaldia Prod)

6. McOnak “Ez eman hautatzeko” (Mauka Musikagintza)

7. Afrika “Emakumeak” (Egilea editore)

8. Kaleko Urdangak “Buruz behera” (Tough Ain\'t Enough Records)

9.Big Bob Railroad “Denbora ez da gelditzen” (Egilea editore)

10.Gontzal Mendibil “Gau iluna” (Egilea editore)

11.Intza “Desiszozten” (Egilea editore)

12.Danajan “Gau ilun hartan”(Egilea editore)

13.Joseba Tapia “Gure esku dago” (Egilea editore/Zakurraren biolina)

 

1. Olatz Salvador “Ahots hari”.

Kantu bakar bat aukeratzea ez zaigu batere erraza egin, izan ere “Gelditu hor”, “Euria” eta abar hor baitaude, baina “Ahots hari”ren hauskortasunak txunditu gaitu. Kantu xumea, leuna alegia, baina goi mailakoa dugu hau. Badirudi Olatzek beste inork ukitzen ez dituen konposizio motak topatu dituela, eta argi daukagu berezkotasun horrek arrakasta eman diola. Ez ditzagun atmosfera boteretsu eta eta bateria ahantzi, haatik. Eta kantu honetan Rozalénekin egiten duen bikoa oso sakonera heltzen den horietakoa dugu. Bikaina.

2. Liher “Paradoxak”.

Liherren kanturik eroena zirraragarrienetakoa ere bada. Tonu altuko errepika bitaminatua, hiru ahotsetan egindako koru handizaleak, mastodonte tankerako soinu ahalguztiduna... Errezitaldi batzuk ere sartuta dauzka han-hemenka, hain zuzen berriz ere egurra etortzen denean oraindik lehergarritasun gehiago ematen diona. Taldearen soinua mamut baten hankapausoen parekoa bada, kantu honen errepika zoro eta hiru neska ahotsen efektu zitalak akaso jenialtasun ezberdin batera eraman dute laukotea.

3. Idoia “Munstroa”.

Lau musikariko bandak soinu erakargarria ematen dio, dudarik gabe, baina bere ahotsaren tinbre berezi horrekin magia lortzen du hainbat piezetan. “Munstroa” aukeratu dugu, bere xamurtasuna eta sentiberatasuna bereziki aipagarriak direlako. Piano xume batek lagunduta, sarrera ziragarraia proposatzen digu, ohe azpiko munstroaren beldurra aipatuz, gero bateria, gitarra... sartzen dira eta azkenik errepika hilezkor hori. Idoiak 21 urterekin lortu duen heldutasuna aipagarria da oso.

4. Laumono “Gaueko lainotan”.

1970.hamarkadako rock gogorraren zaleentzat guztiz aproposa, kantu honek irradiatzen duen sentimendua eta estiloa harrigarriak dira oso. Erritmo jostagarria, gitarra riff gogotsuak han eta hemen, eta konposizio lan aparta. Teknikoki itzela den arren transmititzen duena are garrantzitsuagoa da. Whitesnake taldearen lehen etaparen zaleentzat aproposa, akaso dantzarako gonbita intentsuago bat proposatzen du. Abesti borobila, dotorea eta guztiz pizgarria.

5. Bloñ “Erbiak”.

Beste sorpresa bat. Antza, “Bañolet” telesailaren soinu banda egiteko sortu zen taldea. Kantuok egin eta horrek ekarri zuen diskoa, eta hortik aurrera etorriko dira zuzenekoak. Kantu honek badu estiloa eta halako erakarpen primitibo bat. Entzulea berehala harrapatzen duten horietakoa, guztiz ezohiko eskema dauka, ordea. Erritmo zoro eta pizgarria, koru gogotsuak, atmosferen planteamendu eta exekuzio bikaina... Talde honek zer esana eman behar luke, berehala gainera.

6. McOnak “Ez eman hautatzeko”.

Energia berezia irradiatzen duen kantu horietakoa, badauka osagai zelta alde batetik, eta berezkoa duten bultzada rockzalea bestetik. Biolinak, mandolina, Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegiren ahotsa, marinelen kontuak... “Ez eman hautatzeko itsasoa ta lehorraren artean. Ez eman hautatzeko kresal usain edo zure grazia”, zeinen ereserki polita. Kaiaren ertzeko tabernan oihuka kantatzeko modukoa, bizipoza eta Lekeitioko kresal usainaren xarma guzia daukana.

7. Afrika “Emakumeak”.

Soul osagaia Liherrekin hasi dugu, eta orain gure herrian estilo hori hain artista gutxik egiten duten arren, Afrikaren E.P. berria aipatu behar dugu, derrigor. Duela bi urteko “Nomadak” lanarekin itzulera handia egin bazuen, sustrai beltzeko eskaintza zabala mantendu du. Musika dantzagarria, euskaraz kantatua eta soul musika inongo muga eta konplexurik gabe interpretatua. Euskal Herrira itzuli zenetik pausu finkoak ematen ari da, eta bere ibilbidearen onenean dagoela begi bistakoa da. Zuzenean, gainera, bereziki gomendagarria da.

8. Kaleko Urdangak “Buruz behera”.

Punk-Oi! Eszenak badauzka ia beti melodia politez beztitutako kantu borobilak. Lorpen horiei ahots garratza gehitzen diote, noski, baina konposizioa bera hain ederra izanda estiloen mugak gainditzen ditu. Musika mota horren jarraitzaileentzat zein publiko zabalarentzat balio duela esan nahi dugu. Errepikak eta koru ozen haiek inpresio handia egiten dute, eta dudarik gabe Kaleko Urdangak taldeari buruz gehiago jakiteko irrikaz uzten gaitu. Badok-en “azken kantuak” atalari esker ezagutu dugu taldea. “Bizirik nago, izorra zaitezte!”, hori da jarrera!

9. Big Bob Railroad “Denbora ez da gelditzen”.

Onartzen dut; hau ere aurreko kantua bezala deskubritu nuen. Haatik, abestia entzun eta berehala sartu nintzen bere liluran. Berriz ere, gurean gutxi landutako estiloa dugu bluesa. Hemen, Mississippiko blues pultsazioa antzeman dezakegu, eta ez dira falta, noski, folk atmosfera ilunak. Bluesak euskararekin zein ondo bat egiten duen adierazten duen horietakoa, Pettik erakutsi zigun moduan. Azken urteotan gehien harritzen gaituen gauzetako bat, bertako taldeek kanpoko estiloak zein era profesionalean lantzen dituzten. Pieza borobila.

10.Gontzal Mendibil “Gau iluna”.

Hemen ere zalantzak izan ditugun arren, azkenean harribitxi hau hautatu dugu. Jatorrizko poesia Luis Baraiazarrak maisuki euskaratu du liburu eder batean, euskara aberats eta liluragarrian. Poesiok musikatuz, Gontzalek dimentsio berria eman die. “Gau iluna” lilura eta edertasunaren artean kokatzen da. Easo Abesbatzako Ainhoa Tabuyok Gontzalekin kantatuaz edertasun zerutarra eman dio. Ainhoaren teknika eta sentimendua, Gontzalen esperientzia eta Angel Unzu, Philippe Ezkurra eta besteen arteak hilezkortasuna eman diote.

11.Intza “Desiszozten”.

Ahotsa protagonista duten bost kantuko “Ilundu aurretik” E.P.an agertzen ez den kantu honek erakarpen intentsuagoak dakartza. Kantu motza den arren, egin dezakeenaren erakusgarri aproposa dugu hauxe. Ahots bereziaren jabe, teknikoa bezain sentikorra da bere artea. Bere kantuen konposizioaren zein hitzen egilea izateak leku ezin aproposagoan jartzen du egitasmo oraindik anbiziotsuagoei ekiteko. Oso kontuan hartzeko artista.

12.Danajan “Gau ilun hartan”.

Talde misteriotsua, urte bete daramate bideoklipa duten abestiak argitaratzen. Geroago jakin genuen Rafa Cabeza zela abeslaria eta gitarra jolea. Rockzale amorratuek egindako kantua dugu. Gitarra-joaldiz jositako kantua, potentzia frenetiko batez propultsaua dirudi. Garapen instrumentalak aberasgarriak dira oso, baina bat-batekotasuna ez dute inola ere galtzen lau minutuko zartada honetan. Kantu suspergarria, rockeroa eta hiltzailea.

13.Joseba Tapia “Gure esku dago”.

Josebaren bakarkako ibilbidea dispertsua eta jeniala da. Soinua alde batera utzi izan du, gitarra hartzeko. Orain kantu bikaineko disko batekin itzuli da, eta berehala sartzen diren abesti sorta horretatik hauxe aukeratu dugu. Berak nahi duenean, irratian jartzeko moduko abestiak sortzeko gaitasuna mantentzen du 2021ean ere. Badu, baita ere, kantuak “Eta tira eta tunba” diskoko sonoritatearekin zer ikusirik: erritmo mozkorgarria, instrumentazio mota, eta guztiarekin gainetik doinu aparta eta itsaskorra direla medio. Kantu borobila.


Utzi iruzkina: