2023ko onenak eta urteari errepasua (Berria egunkarian)
Urteko hiru diskorik onenak:
1.- Maialen “Animus Anima”
2.- Murgi “Hain zuzen ere”
3.- Izaro “cerodenero”
Disko atzerritarra:
Iggy Pop “Every loser” (Gold Tooth/Atlantic)
Pandemiak baldintzatutako garaiak urruti gelditu dira. Deskalabru handienetatik ere ekintza edo ondorio positiboak atera daitezkeenez, bat nabarmenduko nuke; akaso bakarra: kontzertu zenbait gautxorientzat izatetik publiko zabalarentzako aproposak bihurtu dira. Honela, arratsaldeko zazpiretan emanaldiak ikustea nahiko normala bihurtu da. Baina urrunago joan nahi dut: zer diozue eguerdiko ordubatean egiten hasi diren emanaldiei? Familian gozatzeko moduko ekitaldiak dira asko, eta kultura musikal berri baten bide-erakuslea ere izan liteke.
Ordutegi eta egun ezberdinak egoteak (eguerdian, igandean, arratsaldean, asteburuan zein astegunetan, baita gauez ere, noski) aukerak asko zabaltzen ditu eta aberasgarria da gure kulturaren zabalkunderako. Beste joera bat ere hedatu da: talde batek edo bik jo beharrean, zenbaitetan lauzpabostek egiten baitute. Honek dauzkan alde onak hauexek dira: egun berean artista gehiago ezagutzeko aukera eta taldeen arteko elkartasunaren bultzatzea. Txarrak: kontzertuen iraupen urria (30-40 minutu batzuetan) eta errepertorio zabalen ausentzia, batetik, eta dirua banatzeko musikari gehiago izatea, bestetik. Artista gehiago, banatzeko ditu gutxiago.
Zorionez, sormena oso dibertsifikatua dago gurean. Dena den, denok dakigun moduan, gazteengan rock musikak duen eragina gero eta txikiagoa da. Estudioan ere akats asko zuzendu daitezke, eta horrek zuzeneko batzuetan agerian uzten ditu zenbaiten gabeziak. Gabezia gutxi eta talentu asko dago, ordea, gure musikagintzan. Talde garrantzitsu batzuen desagerpenek, ordea, ez digute tregoarik eman. Penagarria da, bai, baina ia beti proiektu berritan birziklatzen dira artista horiek, zorionez. Horretaz gain, independentziara gidatuak edo kondenatuak daude talde ia gehienak. Gaur egun arraroa dena diskoetxe batekin argitaratzea baita, zoritxarrez.
Nola lagundu artistei? Nola bultzatu eszena propio baten nortasuna eta bideragarritasuna? Instituzioen partetik laguntza gehiago jasotzea behar-beharrezkoa den arren, musikazaletasuna modatik at dagoela ere esan genezake. Euskal musika, edo beraren lagin bat bederen, bazter askotara ailegatzen da; nolabait. Euskaldunak beti eramango du barruan sentimendu hori: bere hizkuntzan kantatzen duenarekin identifikatzearena. Hori pentsatu nahi dugu.
Talde handietako zenbait partaidek estilo aldaketa eta bakarkako bidea ere bultzatu dute azken bizpahiru urteetan: Willis Drummond-eko Felix Buff (Rüdiger), Dut, Kuraia edo Berri Txarrakeko Galder Izagirre (Galder), Liher taldeko Lide Hernando (Bele), Nogen taldeko Eider Saez (Eider), Vendetta taldeko Pello Reparaz (Zetak)... eta abar. Alde onak begi bistakoak dira, baina zer pentsatua ere ematen du batzuetan. Zenbat ematen du gure musikak? Zenbat profesional daude gure talderik famatuenetan? Estiloz aldatu behar izan dute?
Punk Oi! eszenaren garrantzia handia da, oso. Jende mordoa erakartzen duten taldeak dira, eta haietako askok (gehienek) euskaraz kantatzen dute. Soul musika ere loralditxoa bizitzen ari da: Sara Azurza, Estitxu Pinatxo, Kattalin eta Nenufarrak (kanturen batean edo bestean), eta nola ez: Arima Soul, Bele eta Afrika Bibang. Elektronika bere bidea egiten ari da, gero eta sakonago sartzen ari baita hainbat artisten soinuan. Horri elektro-folka eta elektro-swinga ere gehitu behar diogu, Izarok eta beste artista batzuek egiten dituzten sartu-aterez gain. Punka eta punk rocka gure DNAn guztiz sartuta daudenez, bide horrek gaurkotasuna eta etorkizuna daukala esango genuke. Heavy Metalari dagokionez, ez da urte bereziki oparoa izan euskarazko lan luzeen kantitatea kontuan hartzen badugu. Kalitatea egon, badago noski. Horri, gainera, gazteleraz eta ingelesez argitaratutako lanak ere gehitu behar zaizkio. Jaialdi heavyen presentzia handiagoa nabaritu dugu, gainera: gehiago dira, eta maila musikal handikoak gainera. Erresistentziak bere horretan darrai.
Amaitzeko, iparraldearen eta hegoaldearen artean deskonexioa nabaritzen dugu euskal musikari dagokionez. Iparraldeko Agorila diskoetxea hiltzera doa; gainera, hegoaldean zenbait disko lortzea ezinezkoa da. Ez dakit zer egin dugun gaizki, baina euskaldunen arteko muga horrek hor jarraitzen du. Artista konkretu batzuek bakarrik lortzen dute hesi hori gainditzea. Egoera negargarria da, zenbait kasutan artisten kalitatea benetan altua baita. Badakigu egoera horren aurka jende asko borrokan ari dela, baina lan asko daukagu egiteko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: