2023ko euskal kanturik onenak
1.- Eraul “Haatik behera” (Egilea editore)
2.- Kadira “Aieneka” (Mukuru)
3.- Izaro “Limoiondo” (Egilea editore)
4.- Hiri Galduak “Harakiri” (Egilea editore)
5.-Ibil Bedi “Xirarena” (Egilea editore)
6.-Olatz Zugasti “Lohitzunetan barna” (Kantaita Enea)
7.-Ginger “Thélxish II” (Egilea editore)
8.-Arima “Kea eta larruak” (Bonberenea Ekintzak)
9.-Maialen “Komunekoa” (Egilea Editore)
10.-Sara Azurza “Gauero”(*Zart)
1.- Eraul “Haatik behera” (Egilea editore). Asier Beramendik kantu berri honekin lortu duena deskribatzea zaila da gero. Lehenagotik ere harribitxi hainbatekin gure harridura sortu bazuen ere, kantu hau bere onenen artean sartu beharrekoa dugu. Fintasuna, giroak sortzeko talentu berezia eta era berean leherketa intentsua ez dira falta kantu zoragarri honetan. Emozioa eta katarsia.
2.- Kadira “Aieneka” (Mukuru). Kantu iradokitzailea, soseguz eta ongizatez beztitua. Lorea Zulaikaren ahotsak entitate berezia hartzen du gisa honetako kantuetan. Diskoa bera askotarikoa da, baina abesti hau aukeratu dugu transmititzen duen sentimendu magikoarengatik.
3.- Izaro “Limoiondo” (Egilea editore). Urte bukaeran argitaratu du Mallabiarrak bere seigarren lana. Lan honek badauka non aukeratu, baina kantu hau hartu dugu, ez originaltasunagatik, bai ordea bere exekuzioagatik: delikatua, sentitua, polita eta sinplea... bihotza uzkurtzeko modukoa.
4.- Hiri Galduak “Harakiri” (Egilea editore) Gustura entzuten den kantu horietakoa dugu hau. “Iluntasuna” aukeratzeko tentazioa izan dugun arren, baten bat hautatu behar zen, eta haren pop/rock klasikotasunak ematen dion xarmak harrapatu gaitu. Gitarra eraginkorrak, soinu atsegina eta ahots polita. Zer gehiago eskatu dakiokegu kanta bati?
5.- Ibil Bedi “Xirarena” (Egilea editore) Nola aukeratu Ibil Bediren kanta bakar bat, aukeratzeko hamaika geneuzkanean? “Xirarena” kantuak flotatzen jarri gaitu bere giro barnerakoi eta hedagarria dela eta. Gustu onez eta dedikazioz eraikitako kantua, goxoa eta ederra.
6.- Olatz Zugasti “Lohitzunetan barna” (Kantaita Enea) Sentibera, tonu xarmangarrizko bi ahotsetan egina, delicatessen hutsa. Olatz eta Gratxinaren arteko ahots jokuek, instrumentazio aberatsak eta gaurkotutako eragin tradizionalek garaiezina egiten dute.
7.- Ginger “Thélxish II” (Egilea editore) Zarauzko hiru neska eta mutil honek aurreko lanaren botere guztia mantentzea lortu dute. Gainera, errepiken frenetikotasuna eta lilurak bere horretan diraute, eta “Thélxish II” honekin betekizun guztiak aisa gainditu dituzte. Adikzioa sortzeko moduko kantua.
8.- Arima “Kea eta larruak” (Bonberenea Ekintzak) Giro limurtzaileak modan jartzen ari direla dirudi, baina ez dezagun ahaztu garrantzitsuena kantua bera dela, eta “Kea eta larruak” honek balio handia dauka. Gainera, gitarra indartsuen bultzadak eta Paule Bilbaoren ahots iradokitzaileak azken emaitza soberan anplifikatzen dute.
9.- Maialen “Komunekoa” (Egilea Editore) Xuxurla iradokitzaile eta misteriotsu luze batekin hasten da kantua, gero oinarri erritmiko sakon eta boteretsuak lekua hartzen du eta finean kantu oso berezi, ezberdin eta dantzagarria eraikitzen du. Baxuaren presentziak eta Maialenen ahotsaren botere ezberdinak (beste kantuekiko, alegia) guztiz markatzen dute abesti sailkaezin hau.
10.- Sara Azurza “Gauero”(*Zart) Emakumezko abeslarien bultzadak geldiezina dirudi. Sararen eskaintza zabala da, eta gorago aipatu dugu soul-funk eragina. “Goizero”, ordea, pianoan egindako balada hunkigarria da, klasikotasun berezia irradiatzen duena. Eta ahots hori... magiaz eta sentimenduz jantzia, urteko onenetakoa dugu dudarik gabe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: