2022ko disko eta kanturik onenak
Diskorik onenak
1. Elizabeltz-Yersinia Pestis (Egilea editore)
2. Murgi-Jitoan (I.O. -ipar orratza-)
3. Ginger-Ginger (Egilea editore)
4. Rodeo-Moira (Bonberenea ekintzak)
5. Kristonak-Ahobetehortz (Elkar)
6. Keia-Erregaia (Egilea editore)
7. Hilbera-Mundu galdua (Blackstorm)
8. Arima Soul-1 (Elkar)
9. Willis Drummond-Hala ere (Tabula rasa)
10.Su Ta Gar-Alarma (Jo Ta Ke Ekoizpenak)
11.Leok’k-Bizirik hala ere (Egilea editore)
12.Asgarth-Zeldatik (Asgarth, GOR diskak)
Kanturik onenak
1. Ginger-Arnasteko
2. Arima Soul-Ilunabarra
3. Su Ta Gar-Nafarroa 1617
4. Murgi-Titia sentitu
5. Morau-Bandera
6. Piztiak-Begietara begiratu
7. Elizabeltz-Bildotso (ortuko otoi)
8. Sharon Stoner-Seinaleak
9. Esti Markez-Hitzekin jolasean
10.Leok’k-Nola
11.Rodeo-Geras
12.Willis Drummond-Mandarina
Diskoak
Elizabeltz-Yersinia Pestis.
Mezua, irudia, estetika eta eduki musikala; dena batzen duen kontzeptua sortu du Bermeoko laukoteak. Atmosfera ilunak, doinu beldurgarriak, terrorezko pelikuletako estetika, bideoklip beltz eta itzaltsuak... Shock rock euskalduna! Marilyn Mansonen giro ikaragarriak Ghost taldearen egiturekin nahastean, lan on bat baino askoz ere gehiago lortzen dute.
Murgi-Jitoan.
Erritmo mozkorgarriak, baxu eta bateria sorginduak eta Hard Rock haserrealdiak. Rock progresiboaren lurraldeak era oparoan landu eta gero, lan berri honetan oldarkortasunak hartu du protagonismoa. Gitarra, baxua eta bateria. Erraza dirudi... Saiatu eta ea nork lortzen duen antzeko atmosferarik.
Ginger-Ginger.
Aurtengo sorpresarik handienetakoa. Freskotasuna, abiadura, hiru ahotsetan egindako melodia zoragarriak... Punkaren abiadura armoniekiko gustu bereziarekin nahastuta. Lidergo berri bat sortu dezakeen laukotea.
Rodeo-Moira.
Urte berean bi disko ateratzea meritu handia da gero! “Moira” udaberrian atera zuten, amorru eta potentzia handiko lana. Soinuaren kalitatea eta bultzada aipagarriak dira oso. Euskal Stoner Rock puruenaren ordezkariak, lan guztietan kalitatea eskaintzen dute. Lan honi zein “Hybris”i emandako opera Rock formatuak aurten ateratako bi diskoak batean bihurtzen dituzte.
Kristonak-Ahobetehortz.
Rock and roll izpiritua bizirik egongo da gurean, arratiar elementu hauek oholtzetan jarraitzen duten bitartean. Lizunkeria eta attitude asko barreiatzen jarraitzen dute, Eskean Kristören antzera. Hard Rockaren ikuskizuna eta potentziaren adierazle onenetakoak.
Keia-Erregaia.
Badu zer edo zer berezia eta era berean unibertsala talde honek: kalitate instrumentalez jantzitako xalotasuna nagusi da hemen, Ane Arrutiren ahotsak lan guztia karisma eta tinbre berezi batez beztitzen duelarik. Nortasun bereziko diskoa.
Hilbera-Mundu galdua.
Epikaz jantzitako hamar kantu eta Heavy Metal eztanda amaigabea. Ahots melodien presentzia eta musikaren gogortasuna dira nagusi hemen, nahiz eta kantuei arnasa ematen dieten momentu anitzek bereziki atsegingarri egiten duten. Bonbo bikoitza eta muturreko metalaren trazak ez dira falta hemen, baina marraztu duten kolore-sorta gailentzen da.
Arima Soul-1.
Pixkanaka gurean soul doinu batzuk agertzen ari dira. Bazen garaia! Bai, gure eszena freskatzera etorri dira Zarauztarrak. Arima Soulek sinesgarritasuna eta aniztasuna erakutsi ditu lehen lan luze honetan. Dantza egiteko gonbita begi bistakoa da. Horrez gain, swinga, jazz-fussiona, sustraidun soula eta hori gutxi balitz balada bat ere grabatu dute. Voilà!
Willis Drummond-Hala ere.
Lapurtarren diskoak garantia hutsa bihurtzen ari dira, kalitatea bermatua baitago. Rock indartsua eta etengabeko bilakaera, melodien balioarekin batera, dira beraien punturik indartsuenak. Zuzenean estudioan grabatua, musikarien berezko indarra bereziki nabari da.
Su Ta Gar-Alarma.
Sei urteren ondoren hemen dira azkenik Eibartarrak, amorruz eta intentsitatez itzuli baitira. Kantu luzeak, hamaika ñabardura teknikoz indartutako pasarte ugariak eta riff bilduma irudimentsuek markatzen dute diskoa. Thrash Metalean etengabe sartzen den Heavy Metal taldea dugu, balada heavyei muzinik egiten ez dien arren.
Leok’k-Bizirik hala ere.
Beteranoz betetako talde honen jatorria Zestoan dago... 1968an! Taldea itzuli zenetik gelditu ere ez da egin eta bosgarren lana dute jada. Rockaren, soularen eta teklatuen maitaleak, Hammonda eta gitarra riffen boterean murgilduko zaituzte erremediorik gabe, melodia ederrak ahantzi gabe.
Asgarth-Zeldatik.
Hainbeste urteren ondoren itzultzeak baditu bere arriskuak, baina lan erakargarria grabatu dute, betiko jarraitzaileak pozik uzteko modukoa. Grabazioaren trinkotasunak, eskaintzaren botereak eta konposizioen mailak bere lan onenetakoan bihurtzen dute..
Kantuak
Ginger-Arnasteko.
Melodien eta ahotsen indarrak, kantuaren abiadurak eta punk rockaren grinak hilezkor bihurtzen dute kantu hau. Ahots kapa horiek, hain altuak diren tonuetan, inpresioa sortzen dute lehen entzunalditik. Neska-mutil hauen bultzadak olatu batek bezala eramaten zaitu.
Arima soul-Ilunabarra.
Sustraidun soula, dantzagarria eta sarkorra duten kantuak grabatu ditu laukoteak. “Ilunabarra”ren edertasunak eta Lidia Insaustiren ahotsak puntu asko ematen dizkiote akaso dance-hall estiloaren trazak dituen artelan honi.
Su Ta Gar-Eskertza.
Taldearen historiako erreferentzia musikal ugari bere baitan hartzen dituen arren, konposizio guztiz berria dugu noski. Thrash Metalaren gordintasunetik gertu, ahots tonu altuak, gitarren trostak, pasarte instrumental aberatsak (sei minututik gora), Manowarren epika duten koruak eta abarrek kantu konplexu eta aberatsa bihurtzen dute.
Murgi-Titia sentitu.
Thrittan Mourguy eta bereek instrumenazio biluziagoak bilatu dituzte eta era berean gordintasun oldarkor oso berezi batez beztitu dituzte abestiak. “Titia sentitu” zuzenean garunera doan artelan erritmikoa dugu, gustu handiz eta pasioz exekutatutakoa.
Morau-Bandera.
Elegantzia eta sustraidun talentua. Kantu honek berehala bihotzean eragiten dizu, instantean sartzen da eta era berean iraungo duen pieza horietakoa da, ez momentuko arrakasta bat. Beñardo Goietxerekin osatzen duen bikoak bere fruituak eman ditu berriz ere. Gitarra akustikoak, bi ahotsetara landutako doinu polita, harmonika... Aurtengo uztako kanturik ederrenetako bat.
Piztiak-Begietara begiratu.
30 urteko ibilbidearen ondoren XXX bilduma kaleratu dute ondarrutarrek, bi kanta berri biltzen dituena. Hautatu dugun honek klasiko kutsua dauka entzuten den momentu beretik. Ibilbide arrakastatsua eduki du bere sentiberatasun eta estilo propioak aupatuta. Doinu zoragarria eta borobila.
Elizabeltz-Bildotso (ortuko otoi).
Ez zaigu batere erraza izan “Yersinia Pestis” lanetik kantu bakarra aukeratzea, egia da. Dena den, honetxen pasarte beldurgarriek, errepikaren dramatismoak eta sortzen dituen sentsazio aztoragarriek lanaren erakusgarri onean bihurtzen dute. Kantuaren eraikuntza osoa eta konposizoaren maila apartak dira.
Sharon Stoner-Seinaleak.
Duela hiru urteko diskotzarraren ondotik, azkenik bueltatu da Oñatiko hirukote elektrikoa, single digital batekin izan bada ere. Aukeratu dugun kantua taldeak sortzen dituen Stoner pultsazioen erakusle ona dugu. Gainera, azken urteetan bezala, melodiei emandako tratamenduak bereziki eraginkorra izaten jarraitzen du. Beraz, zuzenekorako zein etxean entzuteko beste klasiko bat.
Esti Markez-Hitzekin jolasean.
Lehen diskoak zailak izaten diren arren, luzaro iraungo duen ibilbide baten hasiera dirudi. Estiren ahotsak eta melodia atseginek markatutako lana, pop rock formatua hartzen duten pieza barnerakoiak dira. Kantu honen naturaltasunak eta bere bozaren tinbre dotoreak ematen diote zerrenda honetan egoteko eskubidea.
Leok’k-Nola.
Talde mitiko honen bosgarren lanak baditu gozamenerako tarte ugari bere sei pistetan. “Nola” taldeak egiten dituen erdi-tenpoko kantu ederren ordezkaria da: bere bost minututik gorako garapen epikoan, gitarra intentsuak eta teklatuarekin sortutako elkarrizketa sakona ditugu erregalurik nagusienak. Klasikoen zaporea duen beste kantu bat.
Rodeo-Geras.
Stoner Rockaren lurraldean hamaika bide dira posible. Kantu hau abiadurak eta kemenak markatzen dute: segida konstante luze bat, zeinaren azken herenean sartzen diren espero genituen sorpresak: geldialditxoa, ondorengo gitarra soinu lodi eta erabatekoa eta ustekabean harrapatzen gaituen bapateko amaiera. % 100 Rodeo, % 100 stonerra.
Willis Drummond-Mandarina.
Aukeraketa zaila, berriz ere, lauzpabost baikeneuzkan aukeraketa zerrendan. Diskoa hasten duen pieza hau aukeratu dugu, bere balio instrumentalagatik eta atabal jole batek kantu bat nola eraiki dezakeen erakusteko balio baitigu. Birtuosismoa pasio eta berezko estiloaz bustia badago bakarrik lortzen du bihotzera heltzea. Ederra, Felix!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: