2021eko balantzea

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2022-03-05 22:29

pyromanya@hotmail.com 1646516076425

Aurrekoa bezala, 2021a ere urte berezia eta oso gogorra izan da. Oztopo guztien gainetik, ordea, gure kantariek beren lanak aurkeztu dituzte. Gainera, kontzertuak antolatzera ausartzen diren guzti haiek ere omenaldia merezi dute. Urtez urte eta mendez mende aurrera daramagun erresistentzia kolektiboak aurrera bidean esperantzak eman dizkigu, gure hizkuntzan sortzen diren adierazpen kulturalek jasotzen duten maitasuna eta sostengua direla medio. Artista gazte berri mordoa ekarri digu 2021 honek ere (Idoia Asurmendi, Intza), eta duela gutxi hasitakoen arrakasta ikusgarriak (Olatz Salvador, Liher, Amak, Huntza) disko zein kontzertu formatuetan bere potentziala begien aurrean jarri digu.

Kantari klasikoek ez digute hutsik egin aurten ere (horra hor Urko, Txomin Artola, Gontzal Mendibil edota Ruper Ordorikaren lan berriak). Soinu bortitzenetan, Willis Drummonden pandemia garaira egokitutako formatu erdi-akustikoa, Rüdigerren ezusteko arrakasta, La Polla Recordsen agurraren ikuslego andana, Tropa do Caralloren bultzada, Rat-Zinger, Porco Bravo, Leize, El Drogas... Heavy Metal doinuak ere ez dira falta izan, batez ere Lotura taldeari esker. Stonerrak ere euskal rockaren historian bere lekua egiten jarraitzen du (Donostiako Lamiak eta Zestoako Rodeo taldeek argitaratu dituzten kantuak direla medio). Eta sailkatu ezineko artistak jenialtasun traza amaigabeak erakutsi dizkigute; Joseba Tapia, Maite Larburu, Joseba Irazoki eta Lagunak (hemendik aurrera JIEL)... e.a. Hard Rock eta Funky eskaintza garaiezina Ondarroako Laumono taldearen hirugarren diskoak eman digu. Eta dantza egiteko beste modu bat Anita Parkerrek proposatu digu, bere eskaintza lehergarriarekin. Zer esanik ez McOnak lekeitiarrena ere egundokoa izan dela.

Eta honela, gure eszena txiki eta magiko honetan, kontu zahar batek bere horretan darrai, ordea. Kontzertuetan sarrera ordaintzea tokatzen denean heltzen baitira erresistentziak askotan. Zer esanik ez, disko bat erosterakoan ere gauza berbera gertatzen dela, eta hor bai daukagula arazotxo bat. Gauzak horrela, euskal artista edo talde batek kantuak prestatu, grabatu, argitaratu eta zuzenean defendatzea ekintza heroiko bat ere bada. Hala eta guztiz ere aurrera egiten duten horiei miresmena adieraztea besterik ez zait geratzen. Biba zuek.

Berria Egunkarirako hiru euskal disko eta atzerriko bat aukeratzeko eskatu zidatenez, hauek izan ziren:

Liher “Eta hutsa zen helmuga” (Egilea editore/Liher Records)

Idoia “Ilun eta abar” (Egilea editore)

McOnak “Bitakora” (Mauka Musikagintza)

 

Atzerriko diskoa: Monster Magnet “A better dystopia”


Utzi iruzkina: