2006ko kontzertuak (II)
Gure euskal taldeak, asko eta asko, forman daude azken aldi hontan. Iragandako urte honek ekarri digun berri onenetako bat, Anje Duhalde rock and rollera bueltatu izana da. 8 urte zeraman abesti propiorik eskaini gabe, eta azkenik kitarra gogorretan murgildu zaigu bere “Sorminetan” CDan. Ondarroako Kafe Antzokixen ikusi ahal izan genuen, plazer handiz.
Blues eta rock and roll talde onenetako batek, Arima Beltza Elgoibartarrek, agur esan digute “Mundurako ateak” diska bikaina argitaratu duten urte berean. Durangoko Plateruenan Antzokian emandakoa bere azkenetako bat izan zen. Zergatik joan behar dute beti onenek? Jon Gurrutxagak momentuz UEKen bateria jotzen du, kazetari lanaz gain (Rory Gallagher bluesman legendarioari buruz liburu eder bat idatzi du).
Antzokiekin jarraituaz, Bilbokoan Doctor Deseo kabareteroak izan ziren. Pertsonalki, nahiago ditut sugeritutako hitz eta ideiak, “Metamorphosis” CD-DVDkoa baino, non guztia hain ebidente eta explizitoa zen. Baina Antzokian, ia beti bezala, aktuazio bikaina eta publikoa gori gori.
Hernani aldean, Sagarrondotik jaialdiaren aurkezpen kontzertuan, Benito Lertxundi izan genuen Kiroldegian, bere musiko bikain guztiekin. Konfidantza handia eduki behar da emanaldiak bere gisara planteatzeko: abesti gehienak azken diskotakoak, eta betiko klasikotako gutxi batzu bakarrik, gure zoritxarrerako. Baina onena da, berak bere disko berrietan sinesten duela (bestalde, bikainak dira), eta beti jende multzo handiak erakartzen ditu, abesti berri hauek apreziatzen badakiena. 2 ordu t’erdiko kantaldiak egin ohi ditu, bisak hiru ordu laurdenez luzatzen direlarik! Lehenengo partean, lehen esan bezala, kanta berriak jotzen ditu, eta hauen artean, zaharretako bakarra: “Orbaitzetako arma olaren kantua”. Bisetan, klasikoetan klasikoei ekiten die. Hernanin, “Zenbat gera”, “Gure bide galduak”, “Atharratzeko jaunaren kantua”, “Jaun baruak”, “Herri Behera” eta “Nere herriko neskatxa maite”. Beste batzuetan “Maria solt ta kastero”, “Bizkaia maite” eta “Oi ama Eskual Herri” ere, besteren artean. Inoiz ez dizu huts egingo oriotarrak, nahiz eta, esan bezala, ziur asko kanta asko faltan botako dituzun.
Jo dezagun orain soinu gogorretara: Señor No, Lendakaris Muertos, Su Ta Gar eta Barricada. Donostiarrak beste behin ikustea plazer hutsa izan zela esan beharrik ez dago. Xabik “middle finger”a egiten dizuenan, lasai egon, ez da ezer pertsonala. Txistua botatzen badizu, ez kezkatu: beti berdina egiten du. Rock kitarreroa, benetan sentimentuz jotakoa eta punkera jotzen duena. Gau hartakoa ez dute ez, laster ahaztuko, MC5 (ziur asko, beraien gurasoak) baino lehen jo bait zuten. Hantxe genituen Donostiako makarrak, lehenengo lerroan “Kick out the jams!” oihukatzen.
Irungo Landetxa auzoan eta Ibarrako Gaztexean, Lendakaris Muertosi eskerrak eman behar, eskola zaharreko euskal punka gozatzeagatik. Ibarran Stupenda Jonesek jo zuen haiek baino lehen (ikus artikulu zaharrak). Su Ta Gar, bai Ibarrako Gaztexean bertan, bai Amorotoko jaietan edo Irurtzungo Piku Rocken, gogor eta zital (ikus “Piku Rock”).
Txantreako “Barrio Conflictivo”ko rockero zaharrek sorpresa handia eman zuten diska akustikoarekin. 1995ean ia diska akustiko bat kaleratu zuten, baina azkenik albo batera utzi eta 11 urtez ahaztuta egon da. Saiakera haren emaitza bakarra “Pasión por el ruido”ren bertsio akustikoaren grabaketa izan zen, zuzeneko guztietan jo dutena. Diska berriaren emaitza oso gozagarria da. Eta oraingoz Antzokietan eman dituzten aurkezpen urriak oso originalak izan dira. Donostiako Antzoki Zaharrean ikusitakoaren ondoren, ez gara gutxi izango berriz ere halako bat ikusteko irrikatzen gaudenak. Las Zíngaras neska taldeak, soul ikutua ematen dio Iruñearren errepertorioari bere ahotsekin. Adibide gisa, “Juegos ocultos”. Izugarria.
“Eperra” emanaldiak jende piloa bildi ohi du. Iparraldeko kantu zahar haiek “a capella” eskainiz, Hegoalde osoko bazterrak nahastu dituzte azkenaldian. Baina Niko Etxartek kitarra elektrikoa hartzen duenean, erne! “Tumatxa!” edo “Gïli Gilïkatzen Haut” jotzen duenean, ez dago aurre egingo dion inor. Urteko kontzerturik onena. PUTOAMOA. Benetako euskal rock’n’rolla.
Batiz jauna ikustea beti da plazerra, dagoen taldean dagoela: bai Akelarre, Tapia Ta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis... Aurten Fitorekin ezingo dugu ikusi, jada ez bait dago harekin. Baina zorionez, Gatibun dabil eta Durangoko Landakon izan bazineten, badakizue zertaz ari naizen. Kitarra elektrikoko maisua eta Blues Rock eta Hard Rockaren mireslea.
NCC eta Kuraia ondo moldatzen dira oraindik ere, eta azkenak momentuz jarduera eten badute ere, alde onetik ikusi ezkero, Mikelek Anestesia berriz ere martxan jarri izana zorionekoa da, nola ez! Sociedad Alkoholika, jazarpen politikoaren gainetik, aurrera irten da, eta ondoen dakitenarekin: Thrash Metal eta Hard Core bikainarekin.
Errenteria aldetik, leyenda zahar bat berpiztu zen 2006an: Pikutara leienda. Oraingoz, badirudi berriz ere taldea lozorroan gelditu dela, probisionalki izatea espero dut. Etsaiak ere bueltan izan genituen. Urte hasieran, Hatortxu Rocken izan zen haien itzulera. Ez zuten bere mailarik eman, baina jada Urrian dexente hobetu zutela ikusi ahal izan genuen, Irurtzungo Piku Rock Jaialdian. Angeles del Infierno Euskal Herrian ikustea benetako gertaera izan zen, Gernikako Metalwayen jo zutenean. Zoritxarrez ez zen oso aktuazio borobila izan, baina sonido txarrak erru parte bat ere izan zuen.
Azkenik, Mikel Laboa ikustea zirraragarria izan zen. Bakearen aldeko emanaldi hartan, Bob Dylan baino lehen jo zuen, 83.000 pertsonen aurrean. Jada oso zaharra eta ahula bazegoen ere, nahiko meritu eduki zuen han jotzean, eta denborak halako opari hori ekarri dio, Minnessottako leiendarekin jotzeko aukera emanez.
Honarte euskal taldeen errepasoa. Ikusi gabeko taldeak ere mordoxka bat izan ziren. Halako kontzertu agendarekin ezinezkoa da leku guztietan egotea! Askotan, gainera, egun berberan hiru edo lau kontzertu interesgarri egoten dira. 2006an ikusi ez nituenen artean, Neubat eta Sexty Sexers kasu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: