2024.urteko balorazio musikala

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2025-03-25 17:15

pyromanya@hotmail.com 1742919874546

Urteko hiru diskorik onenak:

1. Pelax “Esan gabe doa” (Balio dute)

2. Alguillo & Alkimistak “Burua makurtu gabe” (Egilea editore)

3. Izaro “Izaro gabonetan” (Egiea editore)

Disko atzerritarra: Opeth “The last will and Testament” (Reigning Phoenix Music)

Urte batetik bestera ez da gorabehera gehiegirik egoten eta zaila da aldaketa sakonak aipatzea, baina akaso aurtengoa, diskogintzari dagokionez, pixka bat ahulagoa izan da. Emanaldien eskaintza benetan zabala da: egun berean hainbat ekitaldi interesgarri egon litezke herrialde berdinean, baita hiriburu batzuetan ere (batez ere Bilbon, noski). Rock musikak gero eta leku gehiago utzi behar die estilo urbanoei, joera hori baita, baina ez dute estilo berri hauek rockarekin amaituko. Fusioa ere kontuan hartu behar da, noski, baina orokorrean auto-tunea egiten ari den kaltea nabarmena da. Euskaraz egiten dute askok, ordea, eta hori oso kontuan hartzen dugula esan beharrik ez dago.

Euskaraz kantatzen duten artista guztiek errekonozimendu osoa merezi dute. Gainera, Izarok aurten atera duen diskoa oso-osorik euskaraz egin izana ere aipatu beharrekoa da. Bakarlarien portzentaia, bide batez, gero eta handiagoa da. Adibide batzuk jartzearren, aurten Anarik, Eiderrek, Ekhi Lambertek, Eneritz Furyakek, Esti Markezek, Gaizka Isunzak, Garik, Gorka Urbizuk, Izarok, Libek, Lide Hernandok (Bele), Mikel Urdangarinek, Andoni Oilokiegik, Olatz Salvadorrek, Ruper Ordorikak, Trigerrek, Maiderrek, Unai Egiak, Jabier Muguruzak, Ibon RG-k, Maiderrek, Maialenek, Joseba Irazokik, Antton Aranburuk, Mattin Lerissak, Sünek edota Bengok lan berriak argitaratu dituzte. Bakarlarien garaia da.

Kontzertu erraldoiak, askotan taldeen agur moduan planteatu diren horiek, urteko gertakizun handienetan sartu behar dira, hala nola Huntzaren azken kontzertua (Miribilla beteta) edota Fermin Muguruza (Miribilla bi aldiz beteta, munduko bira martxan eta Anoeta estadioko kontzertuaren zain, urriaren 4ean Iruñeako azken agurraz gain). Gorka Urbizuren fenomenoa ere harrigarria izan da: disko guztiz pertsonala eta moldez kanpokoa egin badu ere arrakasta absolutua lortu eta leku guzietan sarrerak agortu baititu. Adi Marte Lasarteri ere, Skakeitan taldeko bi konposatzailerik garrantzitsuenek osatzen baitute, eta estilo komertzialagoan bada ere arrakasta itzela lortzeko moduan baitaude. Olatz Salvadorrek ere aldaketa gauzatu du bere musikan, eta orain arteko arrakasta gutxi balitz, hura gaindituko duelakoan gaude egin duen apustu mota kontuan hartzen badugu. Idoia Asurmendik ere bide oso komertziala jorratu du. Biek ala biek estatu espainiarrean arrakasta lortzeko moduan daude. Esti Markezek egin duen aldaketa ere bide komertzialegoetara doa. Kokeinek, aldiz, aurreko esperimentuaren ondoren, rock zitalenera jauzi egin du berriro. Bestalde, Chill Mafiaren banaketak ordezkorik izango duen ez dakigu, nahiz eta hautagai zerrenda txikia ez izan.

Frakture, Txatar, Vhäldemar, Soa edo Soziedad Alkoholikak heavyaren boterea goian mantendu dute. Punk musikak santurtzitik ekarri digu poztasunik handiena: garai bateko manerak eta ostia txarra baitakar Chuleria, Joder! taldeak. Zuzenean, gainera, garaiezinak dira. Lendakaris Muertos edota Rat-Zinger ere bide horri indartzera datoz. Evaristoren Tropa Do Carallok, ordea, norabide interesgarria baina pausatuagoa lantzen jarraitzen du, aurreko diskoan baino oraindik gehiago. Tatxers-en potentziala ere topera dago, nahiz eta berriz ere bide pausatuagoak landu dituzten.

Izaki Gardenaken itzulera berri oso ona da, gainera Libek ere bakarka darrai, eta onena da Pasadena ez dela desagertu, soilik deskantsu bat hartu baitute. Keia taldearen bigarren diskoa ere pizgarria da eszenarentzat, eta Stonerrak Kuartzen hirugarren diskoa izan du ordezkari, dezente melodikoagoa den arren. Eraul taldearen itzulera benetan garrantzitsua izan da batzurentzat, zuzeneko bikain batekin estudioko lan berri baten esperantza piztu baitigu. Klasikoek ere ez dute huts egiten: Ruper, Mikel Urdangarin edo Garik beren ibilbidea handitzen jarraitzen dute.

Gaztetxea gure etxea da, denona, eta ez gara nekatuko zirkuitu honek daukan garrantzia azpimarratzen. Ongi etorri, zahar eta gazte, gaztetxeko kontzertuetara. Erakunde publikoek euskal artistek behar duten sostengua ez dute inola ere bermatzen. Komunikabideen egoera ere ez da ekonomikoki onena, baina bai artista, antolatzaile, kazetari eta batez ere publikoak euskal eszena bizirik mantentzen laguntzen dute. Benetan txalogarria da.


Utzi iruzkina: