2024ko euskal kontzerturik onenak

1.-Errobi-Euskalduna (Bilbo, maiatzak 4)
2.-Anestesia-Gaztetxea (Orio, uztailak 6)
3.-Fermin Muguruza-Miribilla (Bilbo, abenduak 21)
4.-Su Ta Gar-Hatortxu Rock (Atarrabia, abenduak 28)
5.-Izaro-Jazzaldia-Zurriola (Donostia, uztailak 24)
6.-Alguillo & Alkimistak-Aita Agirre kultur aretoa (Elgoibar, urriak 20)
7.-Belako-Txoznak (Durango, urriak 18)
8.-Ginger-Gaztetxea (Ondarroa, urtarrilak 13)
9.-Elizabeltz-Gaztetxea (Portugalete, apirilak 27)
10.-Satxa Soriazu-Jazzez blai jaialdia (Deba, uztailak 20)
11.-Karma-EHZ jaialdia (Arberatze, ekainak 29)
12.-Ezpalak-Txoznak (Berriatua, maiatzak 10)
1.-Errobi-Euskalduna (Bilbo, maiatzak 4). Atzar Hadi proiektuak zirikatuta, inoizko sorpresarik handienetakoa hartu dugu Errobiren itzulerarekin. Kontzertuak harrigarriki boteretsuak izaten ari dira: Anje Duhalde ahotsez ezin hobeto dago eta Mixel Ducau emanaldietan guztiz askatuta eta motibatuta, Anjeren musikariekin sekulako soinua lortu dute oholtza gainean. Birak aurrera jarraituko du 2025 honetan ere.
2.-Anestesia-Gaztetxea (Orio, uztailak 6). Azken birako azken kontzertuan egon ginen Orion. Zorionez, ez da hala izan eta berriz ere oholtzara bueltatu ziren ia berehala. Gaztetxean ikusi genuena gupidarik gabeko erasoa izan zen, zitala eta gutxitan ikusten den oldarkortasuna erakutsi zuena. Teknikoki ere benetan fin ibili ziren Mikel, Dani eta besteak. Gainera, bateria jole berriak (Jon Albizu zarauztarrak) azterketa nota onarekin gainditu zuen.
3.-Fermin Muguruza-Miribilla (Bilbo, abenduak 21). Amets baten moduko emanaldia, bezperan leku berean emandakoa baino luzeagoa eta 38 kantuz osatutako errepertorio zabala. Herena bakarkako ibilbidean oinarritua, Kortatu eta Negu Gorriaken klasiko sorta ere izan genuen entzungai. Emanaldi profesionala izateaz gain, oso sentitua eta ospatua izan zen. Gainera, Ferminen ahotsa ezin hobeto entzun ahal izan genuen.
4.-Su Ta Gar-Hatortxu Rock (Atarrabia, abenduak 28). Itzela. Urtean zehar eta azken garaietan emanaldi oso profesionalak eskaintzen aritu ostean, Hatortxun amorrazioz ekin zion Aitor Gorosabelek kontzertuari, geldiunerik gabe amaierararaino edukiko zuen jarrera mantenduaz. Xabi, Igor eta Galderrek gogotsu segitu zioten eta azken urteetan egin duten kontzerturik onena eman zuten, hiru kantu berri eta klasiko sorta eder batekin.
5.-Izaro-Jazzaldia-Zurriola (Donostia, uztailak 24). Kursaalean gabonetako kanten emanaldia ikusi gabe gelditu garenok ez dugu oso atzera egin beharrik, bost hilabete lehenago Jazzaldian eman zuena ere gogoangarria izan baitzen: berak mobila maneiatu eta Izaro bera pantaila handian ikusi ahal izan genuen hainbat momentutan, atzeaz hondartza zela, eta koreografia ederrak ere egin zituen kantu batzuetan bere dantzariekin. Lehergarria eta adiktiboa.
6.-Alguillo & Alkimistak-Aita Agirre kultur aretoa (Elgoibar, urriak 20). Aretoa lepo beteta eta jendea kanpoan gelditu zen Alfonso Guillóren talde berriaren aurkezpen kontzertuan: zortzikote formatua erritmo dantzagari zein gospel koruekin uztartuta, soul manerak, perkusio latinoa... sorpresa benetan ikusgarria.
7.-Belako-Txoznak (Durango, urriak 18). Durangoko jaietan Untzaga plazako kontzertuak amaitzean txoznetara hasten den peregrinazioak beti dauzka bere sariak. Aurten Belako zarauztarrek zur eta lur utzi gintuzten beren proposamen melodiko baina izugarri potentearekin. Diskoan baino oraindik intentsuagoak dira zuzenekoetan eta kantuek beste dimentsio bat hartzen dute, grabazioetan ere soinu aparta daukaten arren.
8.-Ginger-Gaztetxea (Ondarroa, urtarrilak 13). Hiru ahotsetan eraikitako koruak, abiadura itzela, melodia zoragarriak... zarauzko punk rock laukoteak bi diskoetan egin duen bideak arrastoa utzi du gure herriko jaietan zein gaztetxeetan. Nera Altxu abeslariak berezkoa daukan karisma beste partaideenarekin batzen da eta energia leherketa harrigarriak sortzen ditu. Zoritxarrez, taldea banandu egin dela dirudi.
9.-Elizabeltz-Gaztetxea (Portugalete, apirilak 27). Aitaren, semearen... izenean euskal shock rock emanaldi totala: eszenografia iluna, mozorroak, zankoak, jendartean nahasten den abeslaria... soinu iluna, sonoritate eta iradokizun beldurgarriak eta heavy metal kontzertu ahaztezina. Askatzailea da bizkaitarren satanismoa, beraz elkartu zaitezte eliza beltzera. Lucifer bagauda!
10.-Satxa Soriazu-Jazzez blai jaialdia (Deba, uztailak 20). Megadeth Thrash Metal taldearen “Rust in peace” artelana jazz klabeetara ekarri du Satxa Soriazuk “The Megadeth Project” disko interesgarrian. Kantuak apur bat luzatuta, Jazz kode frenetikoa eta instrumentalki aberatsa landu du pianoa nagusi dela baina gitarra, kontrabaxua eta bateria ez dira falta jatorrizko materialaren zirimolak eta egitura barrokoak erreproduzitzeko. Aparta.
11.-Karma-EHZ jaialdia (Arberatze, ekainak 29). Stoner kutsua duten kantuak psikodeliarantz egiten dute Antton Araspin eta beste bien doinuek, dessert rockaren tradiziorik hoberenean, nahiz eta taldea sailkatzeko hain erraza ez izan. Euskal Herria Zuzenean jaialdian lehen aldiz ikusi genituen zuzenean. Emanaldi ausarta, boteretsua eta ñabardura hainbat izan zituenak guztiz konbentzitu gintuen.
12.-Ezpalak-Txoznak (Berriatua, maiatzak 10). Garai onak dira zestoarrentzat. Urteetan zehar emanaldi indartsuak ematen aritu ostean, 2024an gailurra jo dute, batetik Juanjo Berasain abeslariaren karismagatik, eta bestetik Eñaut Gaztañaga eta besteek taldeari ematen dioten indarragatik. Konposizioek pisu gehiago hartu dute eta beraien diskorik onena argitaratu dute aurten. Gutxitan ikusiko duzue pasio gehiago oholtza gainean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: