2023ko kontzerturik onenak
1.- Xiberoots. Erribera Kulturgunea (Astigarraga). Maiatzaren 13a.
2.- Kristonak. DIMETAL FEST (Dima). Irailaren 30a.
3.- Xutik. Atabal (Miarritze). Ekainaren 3a.
4.- Numen. DIMETAL Fest (Dima). Irailaren 30a.
5- Dominic Earl. Brasserie Cötes et Mer (Baiona). Ekainaren 29a.
6.- Hertzainak. Mendizabala (Gasteiz). Urtarrilaren 6a.
7.- Murgi. Prest aretoa (Leioa). Azaroaren 17a.
8.- Olatz Zugasti. Victoria Eugenia (Donostia). Abenduaren 28a.
9.- Hilbera. Berriatuako Plaza. Maiatzaren 5a.
10.-Xabier Zeberio. Arretxinagako Ermita (Markina-Xemein). Abenduaren 30a.
11.-Markos Untzeta. Coliseo (Eibar). Apirilaren 21a.
12.-Belar Hostoak. Uhagon Kulturgunea (Markina-Xemein). Otsailaren 25a.
1.- Xiberoots. Reggae musikak jarraitzaile ugari izan du aspaldidanik gurean. Talde onak izan ditugu Euskal Herrian, baina Mauletik datorkigun seikoteak muga guztiak gainditu ditu. Zuzenekoen boterea, sakontasuna, kalitatea eta exekuzioa apartak dira, eta soinu sarkor hori sei sokako baxuak maisuki anplifikatzen du. Beraien kontzertuak, festa girokoak izateaz aparte, esperientzia sensorialak ere badira. Gaztedia beraien oinetan daukate.
2.- Kristonak. DIMETAL jaialdi metaleroan parte hartu bazuten ere, egindako botere erakusketa heavyenak ere kontent uzteko modukoa izan zen. Hard Rocketik Rockera egiten dute sarritan, ikuskizun aparta eskaintzeaz gain. Pello Artaberen ahotsa, jarrera eta karismak gidatzen du rock and roll makina hau. Eta Peio baxu jolearena ere ikustekoa da: pose eta postura guztiak maite ditu, eta mugitzeko era bera ere nekez ikusiko dugu inguruko taldeetan. Aparta.
3.- Xutik. Miarritzeko Atabalera bidaiatzea aski izan genuen Hendaiako zazpikotearen botereaz ohartzeko: jende mordoa, festa giroa eta daukagun Ska-Rock-Reggae talderik lehergarrienaren erakustaldia. Haize sekzioak daukan presentzia nabaria den arren, gitarrek egurra ematen dute eta orokorrean rock bultzada horrek ematen die daukaten lehergarritasuna. Sinesteko, ikusi egin behar.
4.- Numen. Lehen aldia genuen arrasateko basatiekin, eta soinu frogan bertan konturatu ginen zai geneukanaz: Euskaraz kantatuaz ere Norvegiako talde ilun bat ziruditen. Maila biziki altua zen eta erasoaren intentsitatea nekez sinestekoa. Teknika aparta eduki behar da hain basati eta era berean konplexuak diren egiturak oholtzan erakusteko. Aritzen guturalak ere harrigarriak dira, izugarrizko inpresioa egiten dute. Bilbotik etorri zen mutil bat ezagutu genuen: kotxea hartu, Dimara Numen ikustera etorri eta hauek amaitzean etxera bueltatu zen.
5.- Dominic Earl. Niko Etxarten Hapa-Hapa taldeko gitarra jole ingelesak bere lehen bakarkako diskoa aurkeztu du aurten: “All the rides”. Baionako Brassérie Cotes et Mer honetan emanaldi zenbait egin ditu uda honetan. Guk disko berriko hainbat kantu entzun ahal izan genituen, bere unibertsoa osatzen duten popa, rocka, bluesa eta hainbat soinu anglosaxoiez bustia. Kiki Graciet eta lau partaideko banda izan zituen bidelagun. Era goxo eta era berean bortitza eta kadentziak maisuki landu zituzten. Ez dezagun ahaztu Kiki Graciet izan zuela alboan koruak egiten eta harmonika jotzen.
6.- Hertzainak. Iazko abenduan BECen emandako kontzertuen ondoren, azken agurra urtarrilaren 6an etorri zen Gasteizen. Historiara pasako den emanaldia izan zen, eta hori gutxi balitz bikaina izan zen Gasteiztarrek eman zuten egurra, baita gonbidatuek eman zutena ere: euskal izatea, euskal rocka eta euskal kulturaren festa aldarrikatzailea izan baitzen. Gonbidatu zerrendak kontzertu bat baino gehiago ospakizun kolektiboan bihurtu zuten jaialdia.
7.- Murgi. Lapurtarren estudioko azken bi diskoek ekarri duten aldaketa azpimarratu dugu gorago. Zuzenekoetan ere, base erritmikoak egiten duena ez da mundu honetakoa: Cédric Lépine bateria jolea eta Greg Juvin baxu jole eta ekoizlea crack hutsak direla esatea gutxi baita. Teknika zehatzari sentimendu eta originaltasun berezia txertatzen diote, betiere kantua goraipatuz eta hauei beste inon entzungo ez duzun gorputza emanez. Tristtan Mourguy liderra, gitarra jole eta kantariak zuzentzen duen proposamena guztiz ezohikoa da.
8.- Olatz Zugasti. Victoria Eugenia antzokia Olatzen proposamena entzuteko lekurik aproposenetakoa da. Horregatik, soinua ezin hobea izan zen emanaldi osoan. Harparen presentzia ia mistikoa, teknika bikaina duen banda (gitarra, baxua, bateria, teklak), Gratxina alabarekin egindako bi ahotseko jokoak, baita gizonezko beste bi ahotsekin egindakoak ere (Ander Zulaika eta Amaiur Cajaraville, hau da, guztira lau), parekorik gabeko proposamena dela argi uzten dute. Euskal izatearen kontzientzia, soinu eta arimen bilaketa, arbasoen sua... guzti hori eta askoz ere gehiago eskaini ziguten, soinu gaurkotua ematen baitiote hainbat kantu zaharrei.
9.- Hilbera. Markina-Xemeingo boskoteak Heavy Metal teknikoa lantzen du. Bi gitarren joko harrigarriak eta ahotsaren tonu altuak nortasun berezia ematen diete. Diskoa oso osorik jotzeaz gain lehen singleko bi kantak eta Latzen taldearen bertsio bat ere jo zuten Berriatuan. Hori gutxi balitz, garapen instrumental konplexuek taldearen berezko indarra sustatzen dute. Ikuslegoak era oso sutsuan bizitu zuen emanaldi hauxe.
10.-Xabier Zeberio. Xemeingo Arretxinagako baseliza jatorri ezezagunekoa da. Ez dakigu barruan dauzkan arrokatzarren jatorria, oso antzinakoa baita, baina kristautasunak bereganatu zuen duela mende batzu, inguruan baseliza eraiki eta arrokak honen barruan integratu zituztenean. Xabier Zeberiok bere biolina, biola eta Nyckelharparekin sortu zuen magia ez dugu ahaztuko. Iñar Sastre piano jolea izan zuen lagun, eta (elizaren egitura dela eta behar ez diren) mikrofonorik gabe era garbi eta gogoangarrian entzun genituen kantu guztiak. Zeberiok ikuslegoari begietara begiratzen zion haien sentimenduak deskubritu eta haien energia atzera bueltan sentitzeko. Emanaldi txundigarria.
11.-Markos Untzeta. Bere ahots goxo eta sustraiduna eta proposatzen dituen egiturengatik, oso berezia dugu Eibartarraren musika. Eibarren, etxean, eta antzoki elegante honetan soinu erakargarriaz gozatu ahal izan genuen. Bere rocka lantzeko moduak bluesa, folka eta kantautore anglosaxoien aire oso markatua ematen diote. Diskoan ematen duen maila ona zuzenekoan ere sobera defendatzen du. Hilezkorra den klasizismo rockeroa.
12.-Belar Hostoak. Txomin Artolaren izen bereko disko mitikoa berriz grabatu dute bere seme Urbilek, Jon Gurrutxagak eta beste lau musikarik. Grabazioaren kalitateak emanaldi bat egitera eraman zituen, eta horrek gehiago ekarri zituen. Jatorrizko lanaren berrirakurketa oso errespetagarria eta berezia da, eta zuzenekoetan bizitza propioa hartzen duelakoan nago. Jonek zuzendu, aurkeztu eta kantatu zituen kantuok, bere estilo pertsonala txertaztuaz noski. Eta Urbilek Lap Steel gitararrekin egiten duena, baita zuzenean ere, harrigarria da. Hori gutxi balitz, Txomin Artola berbera presente egon zen Markinako kontzertuan, nahiz eta ez zen kantatzera igo. Artolaren unibertso propioak bidegurutze berri bat topatu du gazte hauen eskutik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: