Hiru urteko zigorra ezarri diote Frantzian herritar bati.
Auzi-iheseko epaiketa egin diote Eneko Gogeaskoetxea Arronategiri.
Auzi-iheseko epaiketa batean, hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion astelehenean Eneko Gogeaskoetxea Arronategi (Gernika, 1967) busturiarrari Frantziako epaile batek. Gogeaskoetxea beste bost iheslarirekin batera epaitu zuten.
Espetxe zigorra ezartzeaz gain, Frantzian bizitzeko debekua ezarri zioten. Era berean, Laurence Le Vert terrorismoaren aurkako epaileak Gogeaskoetxearen kontra emandako atxilotze agindua berretsi zuen Parisko 10. epaitegiko buruak.
Justizia frantsesak Gogeaskoetxeari ETAren egitura logistikoko kide izatea leporatzen dio. Frantziar epaileen ustetan, lehergailuetako injenieritzara aplikatzen ditu busturiarrak teknologia elektroniko berriak.
Auzi-iheseko epaiketa horretan, Tomas Elgorriaga, Jose Angel Uriz, Carlos Garcia Preciado, Ekain Mendizabal eta Igor Igartua iheslariak epaitu zituzten, Eneko Gogeaskoetxearekin batera. Gogeaskoetxea, Uriz eta Elgorriaga iheslariei hiru urteko espetxe zigorra ezarri diete. Garcia Preciado, Mendizabal eta Igartuari, aldiz, urte beteko kondena ezarri diete. Epaileak iheslari guztiei ezarri zien Frantzian bizitzeko debekua.
1997tik ihesean
Espainiako poliziak 1997az geroztik ari da Eneko Gogeaskoetxea Arronategi bilatzen. Poliziaren ustetan, urte horretan Bilbon izandako tiroketa batean parte hartu zuen busturiarrak. Dena den, justizia frantziarrak ez dio erailketa deliturik leporatu Gogeaskoetxeari.
Frantziar poliziak 2001ean Frantziako Dax hirian egindako miaketa batean aipatu sei auzipetuen argazkiak aurkitu zituen. Epaile frantsesen arabera, dokumentu faltsuak egiteko ziren argazki horiek.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: