Teknologia eta eragile berriak (I)

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2009-10-08 10:02

Kaixo guztioi, egun on. Hainbat kontu komentatu genituen atzoko eskolan, eta baita hainbat webgune bisitatu ere. Duela 30 urte inguru komunikazio munduan zelan lan egiten zen modu grafikoan islatzeko (eta Interneten protohistoria ezagutzeko), berbarako, blog honetan ageri den bideoa ikusi genuen. Behin hori eginda, eta gaur egungo konbergentzia-garaiek dakarten aldaketez jarduteko Mudle plataforman (ikus Berrien foroa eta Artxiboak karpeta) eskegi dizuedan power pointa baliatu genuen (zuek irakurritako Ramon Salaberriaren testua eskematizatuz haren ikasle batzuek prestaturiko lana).
Gogoratu Salaberriak aipaturiko ideiez gain beste zazpi hauek ere azpimarratu genituela:

  1. All at once-aren garaian bizi gara (oroit one content, all media leloaz): bideoa, audioa, testua, animazioa... eta hipertestua, bistan denez.
  2. Hori guztia, gainera... can be taken anywhere, zioen astelehenean ikusitako bideoak, puntuan Internet geure izatearen parte bihurtu dela eta always conected gaudela gogoraraziz: hots, sarea eta azken gailu teknologikoak (PDA, mp3a, sakelakoak, iPodak...) direla bide, etxea eta taberna ez direla dagoeneko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko leku bakarrak.
  3. Asteleheneko bideoko beste ideia bat: people with different interests exposing their ideas plaza globalean. Amaitu da mass media zentralizatuen garaia, amaitu dira norabide bakarreko mezuak: feed-back-aren, parte-hartzearen kultura ekarri du sareak; norabide askotatik datoz eta doaz (joan-etorrian) mezuak, information through sharing-aren aroan bizi gara, ezagutza-jario multifokalaren aroan (gomutan duzue prosumer-aren figura?).
  4. Laster telebistak eta ordenagailu pantailak bat egingo dute. Bitartean, geroz eta jende gehiagok sarera jotzen du ikus-entzunezkoak kontsumitzera. Horrek, besteak beste, nork bere neurrirako autoprogramazioa eraikitzea ahalbidetzen du.
  5. Telebistak biltegi handiaren tankera hartuko du ordenagailu pantailarekin bat eginikoan (orduan gailenduko da erabat autoprogramazioa). Zuzeneko saioak asko murriztuko direla diote aditu batzuek (kirol emankizunak eta albistegiak izango ei dira zuzeneko emanaldietan nagusi).
  6. Errealitate mediatiko berria esperientzia pertsonal propioak markatuko du: norberak sarean eginiko nabigatze-saio partikularra, norberak aukeraturiko saioak, norberak bidalitako mezuak eta jasotako erantzunak...
  7. Ingurumaria konplexu horretan, atomizazioa da nagusi: hedabideena, audientziena, iragarkiena... Ezin ahantzi, era berean, arautu gabeko esparru berriak ari direla sortzen eta horien kontrola bermatzeko borroka latzak izango direla (bai egile-eskubideei dagokienez, bai emisio-baimenei eta beste hainbat arlori gagozkiola).
Post hau amaitzeko, eta Salaberriak iradokitako talde handien multimedia-konbergentziari eginiko azken orduko ohar modura (harena duela sei bat urteko testua baita), hona Ignacio Ramonetek aurten bertan idatzitako artikulu batetik entresakaturiko esaldia: "El recurso de construir grandes grupos multimedia internacionales, como se hizo en los años 1980 y 1990, ya no sirve frente a la proliferación de los nuevos modos de difusión de la información y del ocio, vía Internet o los teléfonos móviles." Testua osorik, hemen.
Beste mezu bat eskegiko dut berehala blogean, bigarren orduan ikusi eta landutako bideo eta artikuluen estekak pasatzeko eta datorren asterako lanak gogorarazteko.Oraintxe arte, beraz 
 


Utzi iruzkina: