Atzo elurra egin zuen, eta herri osoa zuritu zen. Herri hau ez da aspaldian hain polita egon. Etxetik atera orduko umorea alaitu zidan elurrak. Eta egun osoan zehar egin zuen elurra. Aspaldian ez nuen elurra ari duela kalean ibiltzeko aukerarik izan. Elurra jostalari zebilen, aurrera eta atzera, jira eta buleta, jostalari. Jostalari, harik eta inongo lotsatienaren moduan gure gorputzean pausatzen den arte, otzan-otzan, ikaratuta bezala, lotsati. Jostalaria eta lotsatia bezain engainagarria den elurrak egun polit bat oparitu zigun atzo. Une batez, ume sentiarazi gintuen. Polita izan zen.
Gaur ere idatzi egin dizut. Aurrekoan bezala. Aurrekoan ere nik idatzi nizun. Eta zuk erantzun.Baina zuk ez didazu idazten, eta askotan ez didazu erantzuten. Honek arraro sentiarazten nau. Aurpegia eman gabe zure bizitzan zure baimenik gabe sartuko banintz bezala. Badakit zenbaitetan nire sentipenak baino ez direla, eta tarteka gustura irakurtzen dituzula nire mezuak. Beraz, zergatik ez didazu zure bizitzan sartzeko baimenik ematen? Zergatik ez didazu zuk idazten?Beharbada elkarri idatzitakoei ez diezulako nik adina garrantzi emango, ez behintzat mezuak zure eta nire artekoak izate hutsagatik.
Bart zurekin egin dut amets.Ez.Zurekin igarotako momentuekin egin dut amets. Eta zurekin igaro nahi izan nituen momentuekin.Ala zurekin ere bai?