Bigarren aukera

Atea zabaldu eta bere atzetik joan zara, momentu bakar bat ere ez zenuen nahi galdu, badaezpada. Erakutsi dizu dena. Aurrena, sukalde amerikarra (bitrozeramika, mahaia eta sofa zaharra); ondoren, komuna, gustatu zaizuna, eta azkenik logela bat. Dena berritua erabat. Gustatu zaizu, baina aizu, azken galdera zein den ederki dakizu: pisuak zenbat diru eta diruak zenbat pisu.

«400 hilero». 400? Lau, zero, zero?

Ordain dezakezu baina, ez da merkea, alajaina! Tira, garestiena ere ez da. Ez zaitez kezka, hilero batuko duzu hainbeste eta hemen lasai bizi zaitezke. Bestela, zer esango diozu, gustatu zaizula, baina denbora behar duzula? Azken txorta jotzean gainean zenuenari esan zenion bezala? Ez da erabaki makala, baina baietz esan iezaiozu eta kito! Ez zaitez oraindik urik ez duen edalontzi batean ito.

Baietz erantzun diozu, bertan biziko zarela. Itzela! Ilusioa egin dizu baietz esateak. Ilusioa zabaldu izanak etorkizun berri baterako ateak. Eta momentu batez, nahi baino momentu laburragoz izatez, poztu egin zara eraikia zenuena eraitsi zizutelako. Sinetsi baitzenuen ez zinela onik aterako, sinetsi baitzenuen ez zinela nor izango etorkizunean. 15 urtez bizikide izan zenuenak, behinola maitemindu zintuenak, agur esan zizunean.

Baina hasi zara zure bizitza berreraikitzen. Zuloaren hondotik berriz ere jaikitzen. Orain, ordea, badakizu berreraikuntzan zehar ez duzula bizitzaren zentroan zutabe bat baino behar, ez zaitezen berriz ere beste inor mugitu delako erori. Zerorri zara zutabe hori. Nahi baino astiroago doa eraikuntza, baina baduzu laguntza. Familia duzu inguruan, eta adiskideak asteburuan. Denek egiten dizute tokia agendan, eta poliki-poliki, nahiz eta beldurrek lurrera atxiki, bazoaz sinesten zure buruarengan.

Eta bai, hau aurrerapauso oso garrantzitsua da. Hasieran dena lauso ikusiko duzu beharbada, baina zure auzo, etxe, toki bat eraikitzen hasiko zara. Bakarrik. Ez, ez duzu bizikideen beharrik. Larru jotzeak tarteka. Buelta eta buelta. Errepikapenak ere onartzen dira. Baina dena egingo duzu nahi duzun neurrira. Alokairua ordaindu beharra izango da duzun lotura bakarra.

Kostata baina hasi zara ikusten behintzat bigarren aukera bat eskaini dizula bizitzak. Bigarren aukera bat zure buruarekin bizitzeko. Bigarren aukera bat zure burua bizitzeko. Aditzeko. Argitzeko. Ukitzeko. Zauritzeko. Sentitzeko. Barru-barrutik atera zaizu garrasia. Airera joan dira poza, jendartearen zama eta lotura gabezia.

Barruak hustutakoan, zure tokira itzulitakoan, ohartu zara higiezinen agentziakoa begira duzula. Ez zitzaion horrelakorik gertatu sekula. Eta zuri ere ez. Ea, lasai zaitez, mesedez. Lehendabizi, sina ezazu kontratua, itxi bere eta zure arteko tratua, eta gero ospatu.

Ez zaizu gutxi kostatu, baina kito, eskutan dituzu zure etxe berriaren giltzak. Bigarren aukera bat eman dizu bizitzak.

Badakit

Badakit 2018-12-08 01:26 #1

Ez dakizu haseratik zenbat gogorazten didan zure historioak nirea.

Agian...nik nahi ditut honela bizi.

Zenbat irakurri gabeko sarrera...!!! sorpresa!

Eman bigarrengo aukera berriz, BETI! agian, niri bezala balioko dizu konturatzeko lehenengoa dela balio duena, inoiz ez duela ordezkatuko, baina bizitzen jarraituko duzula. Nola? Kontatuko diguzu bigarrengo aukera horretan! Animo!


Utzi iruzkina: