Denbora gelditu nahiko nuke

Beti berandu iristen naizelako sentsazioa dut.

Berandu hitzorduetara. Berandu harremanetara. Berandu besteengana eta beranduago nigana.

Liburu batean irakurri nuen pertsona batzuek arreta berenganatzeko zuten estrategia inkontziente bat zela berandu iristea. Ez nuke esango hori guztiz horrela denik. Oraindik garaiz gabiltzanean behar bezala erreakzionatzen ez jakitearen ondorioa da berandu iristea. Berandu batek beti baitu lehenagotik garaiz bat, gazte batek beti haur bat izaten duen modu berean.

Batzuetan zain egotearen beldur garelako ez dugu goizegi iritsi nahi, kontuan hartu gabe berandu iristearren askotan denbora luzeagoan egon behar izaten dela zain.

Atzo berandu iritsi nintzen, beste behin. Berandu aurpegi horretako irribarrea laztantzeko. Berandu eskaini nahi nizuna onartzeko aukera planteatzeko. Beranduegi berandu nabilela baina banoala adierazteko.

Pazientzia, lotsa, momentuan nola erreakzionatu ez jakitea, … faktore ezberdin asko daude berandu iristeko. Baina arrazoi horiek ez dute justifikatzen garaiz batetatik sortutako berandu bat. Garaiz nenbilenean ez nuen ikusten berandu bat zetorkidala. Ez nuen ikusi nahi. Baina beti dator berandu bat, momentuan goizegi dela iruditu arren.

Eta beti izaten dut sentsazioa goizegi dela berandu izateko. Baina berandu izaten da.

Eta beti ikusten dut trenaren azken bagoia zerumugarantz. Baina berandu izaten da.

Nahiz eta niretzat oraindik goizegi izan.

Noizbait erritmo berean mugituko gara denbora eta ni.

Noizbait. Oraindik ez.

Oraindik goizegi da.

Kitzikadura

Kitzikadura 2013-07-15 20:46 #1

Jarraitzen zaitut irakurtzen... zuri eskerrak, urtebete beranduago: mila esker!!

Inoiz ez da berandu, inoiz...agian ez da momentua, agian beldurrek zerbaitetaz babesten zaituzte..agian,

Aukerak daude mila, beldur gabe joan gaitezen bila.

https://www.youtube.com/watch?v=ftwmbT5ctrk

Utzi iruzkina: