Maite zaitut eta ez dizut esaten. Behar zaitut eta ezin dizut adierazi. Emozionalki inpotentea naiz. Viagra behar dut, viagra emozionala. Baina hori ez dago salgai: horrek ez du preziorik.
Zu al zara espero nuena? Zure zain egon al naiz hainbeste urtetan? Hala bada, agertu zara, azkenean. Eta, agertu zaren denbora honetan, nik ez dut ezer egin. Ezertxo ere ez. Gai naiz hori onartzeko. Gai naiz gai ez naizela esateko. Gai izango al naiz agertu zaren bezalaxe laster desagertu egingo zarela jasateko?
Piztu du sua. Birritan, baina kaka. Hirugarrenean bai. Sartu naiz bere biriketan. Bronkioak nikotinaz kutsatu dizkiot. Eztarria alkitran mantxa beltzez zipriztindu diot. Hortzak belztu dizkiot, ahoa hats nardagarritu diot. Hezurretan kalte egin diot, urdaila estutu, odola moretu. Burmuineko berrehun neurona suntsitu dizkiot segundu bakar batean. Azala zaharkitu. Bizi-esperantza bost minutu jaitsi diot eta bere hileko soldataren ehuneko zero koma bost lapurtu. Baina bera hor ari da, kaladaka, lasai asko, lagunekin bizitzaren gorabeherez hizketan. Zer ematen diot ba nik?
Badoaz egunak iñurritegian, ia oharkabean, denak antzeko, denak berdin. Bagatoz iñurriok, bata bestearen atzetik, mugimendu armoniko ia zientifikoan. Bagoaz egunero, ia oharezinean, hain bakar, hain iñurri.
Haiekin ondo konpondu nahi dut. Euren elkarrizketetan parte hartu, euren arazoak entzun. Lagundu egin nahi diet. Baina alperra naiz. Alper-alperra. Lagunak ez dut esango, baina adiskide nahi ditut. Haiekin dibertitzeko, haiek bezalakoa izateko. Baina alperra naiz. Alperregia. Beste bat bihurtu nahi dut. Bat izan. Bat, eta ez bakarra. Bakarrik ez egoteko. Baina, hain naiz alperra!
Tabernan, garagardo bana eskuetan dutela; lanean, kafea hartzeko unean; etxean, telebistari so; edozein toki arruntetan, edozein ordu arruntetan. Hor daude. Hor ari dira. Elkarrizketa hutsalekin masturbatzen dute beren esistentzia. Aspertuta daude. Aspergarriak dira.
30 urte egingo ditut laister. Joder, 30. Zifra bat baino ez da, 20 baino hamar gehiago eta 40 baino hamar gutxiago. Orain, duela hamar urte bezalaxe, mozkortzea gustatzen zait, lagunekin politikaz hitz egitea, ezezagunei bazilatzea, adiskide nahiz etsaiekin larrua jotzea... eta aitortu ezin ditudan beste zenbait gauza egitea (eta eginaraztea). Baina, 30ekin muga bat gaindituko dudala iruditzen zait. Eta ez da zifra hutsagatik, ez. Azken finean, 30ek 10en eta 5en multiploa delako du duen balioa. Muga gainditze horrek denborarekin, eta denborak bizitza bizitzear...
Zerbaiten parte sentitu nahian edo, sexualitatean ere, geure buruak sailkatu egiten ditugu. Etiketatu, Eroskiko tomate poteak bagina bezala, edo nik zer dakit, haragitarako edo esnetarako behiak bagina bezala. Homosexual ala heterosexual? Bisexual? Horra etiketa: ezdakitzersexual. Ohartu gabe etiketa hau dela ziurrenik gure sexualitateari dagokionean garrantzia txikienetakoa duena. Esan nahi dut ni zerbaitsexual asko naizela. Adibidez, ohesexual, ohean egitea gustatzen zaidalako. Edo muxusexual, muxuek bero-bero jartzen nautelako. Misiolarisexual, biluzsexual, laztansexual, ...
Hilezkorrak izango bagina, zenbat denboran eutsiko genioke geure buruaz beste egin gabe?
Ni hain naiz ni Dena zuen arrunta Joxek. Izena, izaera, soldata, adina ere bai: 45 urte, estatistiken arabera zitekeen adinik arruntena. Ordu arruntetan jaikitzen zen, eta katilu arrunt batean kafesne epela gosalduta joaten zen bere lan arruntera. Emazte arrunta, seme-alaba arruntak... arrunt-arrunta zen Joxe.Arruntismoaren ikurra, arruntkeriaren arruntkeriaz arruntlaritzan diplomatua. Diplomatua ez, lizentziatua eta arruntki doktoratua: arruntkeriaren hiperbolea, arruntaren superlatiboa, arruntlari hiper arrunta. Hain zen arrunta, ez zela Joxe, "arrunt" baizik. Baina, Arrunt, bere arrunte...