Joder, 30 urte egingo ditut laister
30 urte egingo ditut laister. Joder, 30. Zifra bat baino ez da, 20 baino hamar gehiago eta 40 baino hamar gutxiago. Orain, duela hamar urte bezalaxe, mozkortzea gustatzen zait, lagunekin politikaz hitz egitea, ezezagunei bazilatzea, adiskide nahiz etsaiekin larrua jotzea... eta aitortu ezin ditudan beste zenbait gauza egitea (eta eginaraztea).
Baina, 30ekin muga bat gaindituko dudala iruditzen zait. Eta ez da zifra hutsagatik, ez. Azken finean, 30ek 10en eta 5en multiploa delako du duen balioa. Muga gainditze horrek denborarekin, eta denborak bizitza bizitzearekin duen harremanarekin du zerikusia beste edozerekin baino gehiago.
Horrela, gazteagoa zarenean gauza asko irudikatzen dituzu, "geroa" deitzen dugun horretan izan nahi duzun edo izango zarela uste duzun gauza asko. Noiz heltzen da, baina, "geroa"? Noiz bihurtzen da "orainaldi" behin amestu zenuen rock izarra, idazle ezaguna, maitale ase ezina?
Denboraren joanak (etorrerak esatea egokiagoa litzateke, beharbada) adierazten digu bizitza ez dela gertatu zaizuna edo gertatuko zaizuna, gertatzen ari zaizuna baizik. Ez naiz hori esan duen lehena, baina lehen aldia da horretaz jabetu naizena. Balizko denbora eta ametsen muga, behinipein, gainditu dut, eta, estatitistiken arabera, beste 55 urte ditut aurretik orainarekin amets egiteko. Hurrengo muga gaindituko dut orduan. Eta hori bai, momentuz, urrun ikusten dut, oso-oso urrun.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: