Ni hain naiz ni

zendakozendako 1456153882027 Zendako zen dako | 2006-07-03 17:57

Ni hain naiz ni

Dena zuen arrunta Joxek. Izena, izaera, soldata, adina ere bai: 45 urte, estatistiken arabera zitekeen adinik arruntena. Ordu arruntetan jaikitzen zen, eta katilu arrunt batean kafesne epela gosalduta joaten zen bere lan arruntera. Emazte arrunta, seme-alaba arruntak... arrunt-arrunta zen Joxe.Arruntismoaren ikurra, arruntkeriaren arruntkeriaz arruntlaritzan diplomatua. Diplomatua ez, lizentziatua eta arruntki doktoratua: arruntkeriaren hiperbolea, arruntaren superlatiboa, arruntlari hiper arrunta. Hain zen arrunta, ez zela Joxe, "arrunt" baizik. Baina, Arrunt, bere arruntean, arruntegia zen arrunta izateko. Hain zen arrunta, berezia zela. Dena baitzuen arruntegiki berezia Joxek: izena, izaera, soldata, adina ere bai: 100 - 55 urte. Ordu bereziki arruntetan jaikitzen zen, eta berezi arrunta zen bere emaztea. Hain zen berezia Joxe, "berezi" zela. Hain zen berezia Berezi, bereziegia zela berezia izateko.Eta, bere berezian, arrunta zen. Bereziegia arrunta izateko eta arruntegia berezia izateko.

Patxi normala zen. Normal janzten zelako, normal hitz egiten zuelako, auto normala zuelako, maiztasun normalez joaten zelako komunera. Mozkortzean ere bai. Normal mozkortzen baitzen Patxi. Eta bere ajeak ere normalak ziren, normal-normalak. Eta normala zenez, normaltasuna zuen maite. Baina hain zen normala Patxi, normalean baino ez zela normala. Eta horrek anormal bihurtzen zuen. Anormalki soilik, baina anormal. Eta anormalki baino ez baitzen anormal, Patxi normala zen. Normalaren normalaz anormal, eta anormalaren anormalaz normal.

Pellok Pello izena zuen, eta edozein zen, edozein Pello. Pellokeriak egiten zituen, Pelloki jokatzen zuen, Pellotasunez betea zegoen. Pellokeriaz ere bai. Hain zen Pello, Pello ez zela Pello, "edozein" baizik. Eta hain zen Edozein, ez zela edozein, edozeinegi baitzen edozein izateko.

Iñaki bat zen. Ez bi edo hiru, bat. Ezta zero koma bost edo ehun zati hamasei ere. Bat zen Iñaki. Eta Iñaki hain zen bat ez zela bat, zero baizik. Zero bat.

Ni ni naiz. Arrunta, normala, edozein, bat. Hain naiz ni, ez naizela ni. Berezi, anormal, Pello, zero. Hain naiz ez ni, ni naizela.


Utzi iruzkina: