Zoriontasuna
Orain dela gutxi, Venezuelako presidenteak, Nicolás Madurok, Herritarren Goreneko Zoriontasunaren Aldeko Ministerioa jarri zuen abian. Oposizioak eta munduko askok barregarri hartu zuten berria, ministerioren bat beharrezkoa al da horretarako? Edo, ez al da hobe beste ministerioek ondo funtzionatzea eta horrela zoriontsu izateko baldintzak berez ezarriko dira?
Butaneko erregeak, 1972an, Estatuko Zoriontasun Gordina indikatzailea sortu zuen. Bere herritarren zoriontasun maila igo nahi zuen budismoaren aginduak jarraituz: gorputza eta espiritualitatea zaindu behar dira neurri berean.
Gure inguruko herrialdeetan bizitza espirituala zaintzea modan ez dagoenez, beste faktore neurgarriagoak hartzen ditugu kontuan gure indizeak egiteko. “Better Life Index”, Bizitza Hobearen indizea, OCDEk 34 herrialderi buruz urtero argitaratzen duen txostena. Hauek dira neurtzen dituen hamaika gaiak: osasuna, hezkuntza, segurtasuna, lana, diru-sarrerak, etxebizitza, ingurunea, elkartasuna, hiritartasuna, eta bukatzeko, lana eta familia uztartzeko gaitasuna.
Faktore hauek guztiak kontuan hartzen baditugu, Australia, Kanada, Suedia, Noruega eta Suitza dira herrialde zoriontsuenak. Talde hauetako azkenak Turkia eta Mexiko dira. Espainia, erdi-beheko tokietan dago.
Honekin Australia munduko tokirik onena dela ondorioztatu dezakegu? Bada, oraindik ezin dugu hori esan. Kontua da guztiok ez digugula gauza berberak gustuko, zoriontasuna oso gai subjetiboa da eta. Batzuek gauza materialei (etxea, dirua, lana…) ematen diete garrantzia, beste batzuek, aldiz, gauza subjetiboei (ongizatea, elkartasuna, ingurunea…). Arazo hori oso ondo konpontzen du web orri honek: 11 gai horien garrantzia balora dezakegu gure interesen arabera:
Adibide batzuekin hobeto ulertuko da: Zure interesak ongizate materiala badira, diruari, lanari eta etxeari emango diezu puntu gehiago. Kasu honetan, Estatu Batuak izango dira zure lekurik aproposena bizitzeko.
Beste alde batetik, elkartasuna, hiritartasuna, ingurunea eta lana eta familia uztartzeko gaitasuna aukeratzen badituzu, orduan Danimarka, eta Eskandinabiako herrialdeak irtengo dira nagusi. EEBB 18. postura jaitsiko da hipotesi honetan.
Bi adibide hauetan Australia ez dugu aurkituko lehenengo 7 postuetan. Austraila garaile ateratzen da 11 faktoreak berdin puntuatzen dituzunean bakarrik.
Norberaren interesak aparte, txostenatik ateratako ondorio nagusiak hauexek dira:
Ondorio batzuk logikoak dira: oro har herrialde aberatsenak zoriontsuenak dira. Era berean, dirudunak pobreak baino pozago bizi dira. Hala eta guztiz ere, gazteek eta adinekoek ez diote helduek beste garrantzirik ematen diruari.
Diruaren inguruan zerbait berezia gertatzen da: zenbat eta gehiago, hobeto, baina topea ere badu: Dirudienez, behin $75.000 irabazita urtean, gainontzekoak ez du bizitza zoriontsuago egiten.
Zorrak edukitzea, lagabezian egotea edo etxetik lanera luzaro bidaiatu behar izatea ez datorkio ondo gure bizi kalitateari. Bitxia den arren, autonomoak beste norbaiten menpe lan egiten dutenak baino zoriontsuago sentitzen dira.
Herrialdea desorekatua bada, hau da, desberdintasun handia badago herritarren artean, orduan jendea ez da pozik egongo. Aitzitik, berdintasuna herrialde zoriontsuaren bermea da.
Hiru gauza dago bizitzan, osasuna, dirua eta maitasuna… Osasuna eta dirua bai, zerrenda honetan daude, baina maitasuna… ez dut inon aurkitu. Penagarria da oraindik ez dagoela maitasuna bermatzen duen herrialderik.
Maitasuna kontuan hartuko bagenu, zein herrialde izango litzateke garaile? Euskal Herria, agian?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: