Udalak Presapen etxebizitzak egiteko plana onartu du eta ekologisten ustez, «urez gainezka egiteko arriskua dago».

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-09-05 00:00

Busturiko Udalak, San Kristobaleko Presape inguruan Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko plana onartu du. Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistak plan horren aurkako alegazioak aurkeztu ditu udaletxean, beraien ustez, urez betetzeko arrisku handia duen gunea delako. Inguru horretatik Mape ibaia pasatzen da eta talde ekologistako partaide Erroxeli Ojinagak azaldu digunez, «ez dute eraikin horiek paisaian izan dezaketen eragina aztertu».

Mape ibaia Urdaibaiko erreserban kokatuta dago, erabat. Zain Dezagun Urdaibairen ustez, «Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Departamenduak, eta baita Udalak ere, lur-eremu horrek dituen mugak kontuan hartu beharko lituzkete».

Erantzunaren zain

Busturiko Udalak onartu duenez, Presapen Babes Ofizialeko 90 etxebizitza egingo dituzte, 23.000 metro koadro inguru dituen San Kristobal auzoko gune horretan.

Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistak, erabaki horren kontrako hiru idatzi aurkeztu zituen udalean uda hasieran.

«Oraindik erantzunaren zain gaude. Abuztuan idatzietan eskatutakoari konponbidea aurkitu zezala eskatu genion Udalari eta ez digute ezer esan», adierazi du Ojinagak.

Talde ekologistako kideek erantzun bat nahi dute. «Bestela bide penaletik jotzeko asmoa dugu», esan dute.

Ekologisten ustez, hirigintza-arau batzuk daude eta ez dituzte errespetatu. «Ingurune-inpaktuaren azterketak egitea beharrezkoa da eta ez dute horrelakorik egin. Babestutako gunea da Presape eta dirudienez ez zaie azola».

Zain Dezagun Urdaibai taldeko Erroxeli Ojinagaren hitzetan, «giza-eskubideen urraketa bat dago kasu honetan».

Instalazio berriak

Presape gunean babes ofizialeko etxebizitzak egiteaz gain, kiroldegi bat eta nagusientzako etxe berri bat egingo dituzte. Orain dauden instalazioak baino handiagoak izango dira horiek. Umeentzako parke bat ere egingo dute. Mape ibaiaren inguruan, ostera, pasealeku berri bat egingo dute.

Guzti horrez gain, aparkaleku publiko bat ere egingo dute proiektu horren barruan. 180 ibilgailu ingururentzako tokia izango dela aurreikusi dute.

Lorategiz beteriko instalazioa izango da. Hain zuzen ere, auzune berritik San Kristobal auzoko pisuak dauden lekuraino lorategiak jarriko dituzte.

Presapek, beraz, San Kristobal auzoko zati handi bat beteko du, instalazio nagusi batzuk bertan kokatuko dituzte. Etxebizitza berriak, kirol-instalazio berria, nagusientzako etxea, lorategi eta umeak jolasteko tokia, aurkitu ahalko dira, besteak beste.


Utzi iruzkina: