Hauteskunde ondoren, politika fikzioa?

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2011-11-23 11:31

Igandeko hauteskunde orokorrek erreakzio ugari sortu dituzte dagoeneko. Euskal Autonomia Erkidegoan, urrutira joan gabe, Amaiurrek, EAJk eta Ezker Batuak adierazi dute (bakoitzak bere aldetik) hauteskunde autonomikoak aurreratzea komeniko litzatekeela.

Eztabaida hau ez da berria; asko-gutxi 2009ko hauteskundeen ondotik sortu zen, orduan aukeratutako Legebiltzarrak ez zituelako EAEko gizartearen sentsibilitate guztiak ordezkatzen. Hain zuzen, hauteskunde horietan ezker abertzale ofiziala legez kanpo egonda lortu zuen bloke "konstituzionalistak" (PSE-PP-UPyD) eserlekuen gehiengoa, eta horregatik da, gaur egun, Patxi Lopez lehendakari.

2009tik hona egoera politikoa asko aldatu da. ETAk behin betiko borroka armatua utzi duela iragartzeak euskal politikaren jokoko kartak aldarazi ditu nabarmen, eta argi gelditu da ilegalizazioan oinarritutako estrategia albo batera uzteko beharra. Horrek, nire ustez, Legebiltzarra egoera berrira egokitzea eskatzen du hauteskunde demokratikoen bidez. Egia da ez dela ezinbestekoa, azken finean jaurlaritzak orain arteko babes parlamentario bera izaten jarraitzen baitu. Baina demokratikoa omen den gizarte baten ordezkaritza bertara egokitutako legebiltzar batek egin beharko luke, zalantzarik gabe.

Argi daukat ez dela horrelakorik gertatuko epe laburrean. PSEk asko kostatako postu hori mantentzeko eginahal guztiak egingo dituelako, eta Ferraz-eko zuzendaritzak ez diolako utziko momentuz manten dezakeen gobernu autonomikoa arriskuan jartzen (Andaluziakoa, antza denez, galdutzat ematen dute honezkero). PPk, bere aldetik, bere esku dauka lehendakariaren etorkizuna, nahiz eta pentsaezina izan Lopezen aurka zerbait egingo duela; besteak beste, orain duen eragin ahalmen handia galtzea ekarriko bailioke horrek. EAJren kasuan, berriz, lehendakaritza berreskuratzeko nahia izan arren, ez dute aparteko presiorik egingo horretan, ez behintzat lehendakaritzarako hautagairik izendatu arte (Euzkadi Buru Batzarra eta bestelako barne organoak berritu ondoren). Eskaera horiek egiten jarraituko dute agian, baina aho txikiarekin beti ere, jakinda ez dela epe motzean horrelakorik izango (eta beraiei ere ez zaiela horrelakorik komeni).

Horrela bada, une honetan hauteskunde autonomikoak aurreratzea Amaiurrentzat izan daiteke ona, beste inorentzat ez. Galtzeko askorik ez dute, eta "tsunamiak" lagundurik emaitza onak izan ditzakete, oraindik ere bere antolamendua eta funtzionamendua behar bezala zehaturik ez baditu ere. Gainera, egokiago zaio Sortu auzia behin betiko konpondu arte itxarotea, baita zenbait kasu argitzea ere, Bateragune auzia adibidez.

Hori guztia horrela izanik ere, politika fikzioan murgilduko gara; igandekoak balizko hauteskunde autonomikoak izan balira zer gertatuko litzateke? Emaitzak inoiz baino estuagoak izango lirateke: EAJk 20 eserleku, Amaiurrek 20, PSE-EEk 18, PPk 15 eta EBk 2. Kontuan izanda gehiengo absolutua izateko 38 eserleku behar direla, alderdi batek ere ezingo luke bakarrik gobernatu; edozein gobernuk lau handietatik biren parte hartzea ekarriko luke nahitaez. Ez litzateke, inola ere, erraza izango gobernu egonkorrik osatzea:

  • EAJ eta Amaiur elkartuta, 40 eserleku izango lituzkete. Horixe izango litzateke bi alderdik osatutakoen artetik babes handienekoa. Edonola ere, alderdi biok elkarren artean duten lehia kontutan izanda, zail-zaila da horrelakorik imajinatzea. Abertzaletasunaren baitako hegemoniaren borrokan sartuta daude biak, eta batera gobernatzeak besteari laguntzea suposatuko lieke.
  • EAJ-PSE gobernuak ozta-ozta lortuko luke gehiengo absolutua (38 eserleku). Realpolitik-aren arabera, gertagarriena izango litzateke, baina 2009ko hauteskundeen ondoren gertatutakoak (EAJ, alderdi bozkatuena, lehendakaritzatik kanporatzea) zauriak utzi zituen jeltzaleen artean. Bestalde, “aldaketan” oinarritutako gobernu sozialista bultzatu dutenak, orain, EAJren ondora gerturatzea koherentzia falta handiegia izango litzateke (arazoa ote PSErentzat?).                     
  • PSE-PP oraingo gobernuak ez luke behar besteko babesik izango. Hauteskunde hauetako emaitzek erakutsi dute, besteak beste, era bateko edo besteko abertzalerik gabe ezin dela gehiengorik osatu EAEn (orain arte ere frogatu ahal izan den bezala), horretarako iruzur eta "putxerazorik" erabiltzen ez bada behintzat.
  • Amaiur-PSE binomioak ere 38 eserleku izango lituzke. Ia-ia ezinezkoa PSEko legebiltzarkideak ezker abertzaleko lehendakari bat babesten ikustea. Estatu mailan, gainera, Kataluniako Tripartit-a babesteagatik horrelako egurra jasan zuen PSOEk zer ez luke jasan beharko horrelako itun batengatik? Etorkizunean izan daiteke horrelakorik, baina oraindik orain ametsetan ere zail zaigu irudikatzea.
  • Emaitza horiekin EAJ-PP balizko gobernuak ez luke gehiengorik izango. Edonola ere, pentsa liteke egunen batean gertatuko dela, olatu urdina EAEra gerturatu ahala.
  • Amaiur-PP gobernua egunen batean? Nork daki! Inork usteko zukeen orain hamabost urte Ipar Irlandan DUPk eta Sinn Féin-ek batera gobernatuko zuketenik?

Ondorioz, argi dago alderdi sistema aldatzen eta sinplifikatzen ari dela. Alderdi nagusi baten eta ertain eta txiki batzuen sistema izatetik, nahiko parean leudekeen lau alderdiren sistemara gerturatzen ari gara. Horregatik, etorkizunean bestelako aliantzak ezagutuko ditugu, orain arte pentsatu ere ezin zirenak. Bake eta normalizazio egoera berriaren ondorio izango dira inondik inora.


Utzi iruzkina: