Erresuma Batura begira

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2010-05-06 12:03

Aspaldian blog honetan ezer idatzi gabe, gaurko eguna baliatu nahiko nuke Erresuma Batuan (United Kingdom of Great Britain and Northern Ireland) gaur egingo diren hauteskundeei buruz gogoeta txiki bat egiteko.

Britainia Handian eta Ipar Irlandan, orotara, 650 diputatu hautatuko dituzte. Sistemak ez du zerikusirik Hego Euskal Herrian ohituta gauden hauteskunde sistemekin. Britainia Handia eta Ipar Irlanda 650 barruti txikitan banatuta daude (constituencies deitutakoak) eta bakoitzak ordezkari bakar bat bidaltzen du Londresko House of Commons-era (parlamentu britainiarraren hiru adarretatik herriak zuzenean hautatzen duenera; beste biak Koroa eta House of Lords deituriko izendapenezko ganbera dira).

Ulertzeko, bertan erabiltzen den sistema Ipar Euskal Herrian kantonamendu hauteskundeetan edo Frantziako Asanblada Nazionalerako hauteskundeetan erabiltzen dena bezalakoa da (lurralde bakoitzak ordezkari bakarra hautatzen du) baina kasu honetan ez da bigarren itzulirik izaten; itzuli bakarrean boto gehien lortzen dituen hautagaiak eserlekua lortzen du. Sistema honek ingelesez duen izenak argi eta garbi azaltzen du filosofia hori: First Past the Post (FPTP), hau da, "lehenengoak postua lortzen du".

Adituen arabera (Maurice Duverger kasu), sistema honek alderdi biko sistema baten sorrera bultzatzen du; boto emaileak bi talde nagusitan biltzera bultzatzen ditu, tradizionalki ezkerra eta eskuina izenda ditzakegunak. Horixe izan da Britainia Handiaren kasua (Ipar Irlandaren kasua berezia da, bertako gatazka politikoak alderdi sistema berezia sortzea eragin baitu): XIX. mendean tory-ak (kontserbadoreak, noblezia eta kleroarekin lotuak) eta whig-ak (liberalak, hirietako burgesiaren ordezkariak) ziren nagusi. Tory izena gaur egun ere kontserbadoreak izendatzeko erabiltzen den arren, pixkanaka izen horiek aldatu eta Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberala bihurtu ziren hurrenez hurren.

1920tik aurrera, Alderdi Liberala gainbehera hasi zen eta langileek ordezkaritza zuzena izatearen alde egin zuten. Lehenengo Mundu Gerran (1914-1918) langile klaseak eta klase apalek nazioaren alde borrokatu zutenez, bake garaian nazioaren etorkizuna erabakitzeko joko politikoan partehartze zuzenagoa nahi izan zuten. Horrela, sindikatuen inguruan antolatutako langileek Alderdi Laborista sortu zuten. Ordundik hona bi alderdi horiek (kontserbadoreak eta laboristak) izan dira Britainia Handiko joko parlamentarioan nagusi (alderdi Liberala ez da inoiz guztiz desagertu, hor egon izan da, nahiz eta ordezkaritza mugatua izan).

Sistema itxi horretan leku propioa izatea lortu dute Eskozia eta Galesko alderdi abertzaleek (Scottish National Party eta Plaid Cymru-The Party of Wales hurrenez hurren). Hauek 1970eko hamarkadatik aurrera tokia izan dute Komunen Ganberan. Aldaketa nabarmenena 1980ko hamarkada hasieran gertatu zen: oposizioan zegoen Alderdi Laboristaren sektorerik eskuindarrenek, alderdiaren erradikalizazioa salatuta, alderdia utzi eta Alderdi Sozial Demokrata sortu zuten. Hauek liberalekin elkartu ziren eta gaur egun ezagutzen dugun Alderdi Liberal Demokrata (Libdem ezizenez ezagutuak) sortu zuten.

Aldaketa hauek gorabehera sistemak alderdi nagusi bien inguruan jiraka jarraitu izan du orain arte. Adibidez, 2005ean egindako hauteskunde orokorrak hartuz gero, datu hauek topatzen ditugu: Alderdi Laboristak botoen %35,3a lortuta eserlekuen %55,2a lortu zuen (gehiengo absolutu zabala). Alderdi Kontserbadoreak botoen %32,3 eta eserlekuen %30,7. Liberal Demokratek botoen %22,1 eta eserlekuen %9,6. Alderdi abertzaleak ere kaltetu zituen murrizketa horrek: Eskoziako SNPk botoen %1,5a eta eserlekuen %0,9a lortu zuen eta Plaid Cymru-k botoen %0,6a eta eserlekuen %0,5a. Kaltetuak dira, halaber, Britainia Handiko gainerako alderdiak, boto kopuru garrantzitsua baina oso barreiatua dutenak, besteak beste Independentziaren Alderdia (UKIP), Alderdi Berdea edota BNP alderdi ultraeskuindarra (hiru hauek ez dute ordezkaririk parlamentuan, bakoitzak botoen %0,7 eta %2 artean lortu arren).

Gaurko hauteskundeak azken hamarkadetako "irekienak" direla esan ohi da komunikabideetan. Hauteskunde sistema honek, hain zuzen, gehiengo absolutudun parlamentuak sortzeko joera du, alderdi handien emaitzak puztuz eta txikienak murriztuz. Baina orain hain zabalik ikusten dute britainiarrek kontua ze, aurreikuspen gehienen arabera ez omen da gehiengo absoluturik egongo (ingelesez hung parliament deitzen dutena, hau da, zintzilik dagoen parlamentua hautatuko omen dute). Beste lurralde askotan (gurean tarteko) hain ohikoa dena (alderdiek gobernatzeko koalizioak osatu behar izatea) beraientzat ia-ia tragedia nazionala dela dirudi. Izan ere, 1974ko otsaileko hauteskundeetan irten zen azken aldiz hung parliament delakoa, eta egoera gobernaezina iruditzen zitzaienez urte bereko urrian hauteskundeak errepikatu zituzten (Alderdi Laboristak irabazi zuen, baina tarte txikiarekin). Ordutik aurrera Margaret Thatcherrek, John Majorrek eta Tony Blairrek gehiengo absolutu zabalekin irabazi izan dituzte hauteskuneak.

Alderdi Laboristak agintean daramatzan 13 urtetan (1997-2010) erabaki gogorrak hartu behar izan ditu. Alde batetik, ez du atzera egin Thatcherrek hasitako politika neoliberalen arloan; aitzitik, gero eta pribatizazio gehiago egin izan dira eta horrek, zalantzarik gabe, laboristen boto emaile tradizionalengan (langile eta behe klaseetako herritarrengan) haserrea sortu du maiz. Beste alde batetik, 2001etik hona Tony Blairrek lehenengo eta bere ondorengo Gordon Brownek (egungo lehen ministroak) gero AEBek nazioarteko terrorismoaren aurka egindako ofentsiban %100ean parte hartu dute (Afganistan eta Irakeko gerretan, besteak beste) eta hori ere ez da batere gustokoa britainiar askorentzat.

Horren aurrean, Alderdi Kontserbadoreak lider gazte bat aurkeztu du, David Cameron. Inkesten arabera bera da hurrengo lehen ministroa izateko faboritoa. Diskurtso berritzailea ekartzen saiatu da Alderdi Kontserbadorera, baina funtsean politika ekonomiko thatcheristaren jarraitzaile sutsua da. Argi dago, boterea lortuz gero, aberatsei zergak jaistea, zerbitzu publikoak pribatizatzea eta gastu publikoa murriztea izango direla bere lehentasunak.

Kanpainako sorpresa Alderdi Liberal Demokratako Nick Clegg hautagaiak eman du. Inkesta batzuetan Alderdi Laboristaren aurretik azaltzen da boto intentzioari dagokionean eta, sistemaren eraginez, ordezkaritza lortzea zailago duen arren, hurrengo parlamentuan kide erabakiorra izango dela dirudi. Hain zuzen, Liberal Demokratek hauteskunde sistema aldatzea ezinbestekotzat jotzen dute koalizio gobernuren batean parte hartzeko. Single Transferable Vote delakoa (Irlandan erabiltzen dena) proposatzen dute. Hau iraultzaren tamainako aldaketa litzateke britainiar politikagintzan. Kontserbadoreek ez dute inola ere sistema aldatzerik nahi eta laboristek tarteko zerbait proposatzen dute, Alternative Vote delakoa.

Liberal Demokratek beraien alde duten elementuen artean bi dira azpimarratu beharrekoak: eskubide zibilen aldeko eta Irakeko gerraren kontrako jarrera, alde batetik, eta azken urtean britainiar parlamentua zipristindu zuen gastuen eskandaluan (expenses scandal) beste bi alderdiak baino askoz gutxiago zikindu izana. Ekonomikoki, aberatsei zergak jaistearen alde daude, baina bankuen jarrera kontrolatzeko nahia ere agertu dute.

Alderdi txikiagoei dagokienean, alderdi abertzaleek aurreko maila mantenduko dutela dirudi. Agian, Eskozian agintean izateak eragina izan dezake SNPren emaitzetan. Bestalde, inoiz parlamentura iristea lortu ez duten alderdi batzuk aukera daukate postua lortzeko. Alderdi Berdeak pare bat eserleku lor ditzakeela aipatzen da, adibidez. BNPko ultraeskuindarrek, agian, langile klasearen haserre botoa eskura dezakete, etorkinen aurkako kanpaina populista egiten baitu alderdi horrek (etorkinek britainiarrei lanpostuak kentzen dizkietela leporatuz).

Zalantzarik gabe guztiz zirraragarriak dira hauteskunde hauek. Ezin dugu inola ere jakin nola geratuko den osatuta parlamentu berria, barruti bakoitzean gertatuko dena jakin gabe. Ustez seguruak diren barrutietan (hau da, alderdi batek ia %100 ziurtzat jotzen duenean garaipena) parte hartze mailak sorpresa ekar dezake. Zalantza gehien dauden barrutietan erabat irekia dago jokoa. Norantz joko dute hautesleek? Arrazoi lokalen edo nazionalen araberako botoa emango ote dute? Emaitzak eskura ditugunean luze eta zabal komentatzeko aukera izango dugu.


Utzi iruzkina: