Emaitzak eskutan

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2010-05-07 18:50

Erresuma Batuko boto zenbaketa amaituta (eserleku bat falta da, baina hautagai baten heriotza dela eta maiatzaren 27ra arte atzeratu dute) emaitzak ezagutzen ditugu. Atzo gaueko lehen inkestek ziotenaren haritik, honela geratu dira alderdi nagusiak:

  • kontserbadoreak izan dira garaile, bai botoetan (%36,1) baita eserlekuetan ere (306 eserleku). Gehiengo absolutua lortzeko 20 eserlekuren faltan.
  •  laboristak bigarren, botoen %29a eta 258 eserleku lortuta;
  • liberal demokratak hirugarren, uste zena baino emaitza kaxkarragoekin, botoen %23 eta 57 eserleku.
Hortik aparte, Eskozia eta Galesko abertzaleek 6 eta 3 eserleku lortu dituzte hurrenez hurren. Alderdi Berdeak eserleku bat lortu du lehen aldiz. Ez dute zorte bera izan UKIPeko euroeszeptikoek, BNPko ultraeskuindarrek edota Respect koalizio ezkertiarraren jarraitzaileek, besteak beste.

Ipar Irlandan DUP unionista erradikalak lehen postuan jarraitzen duen arren (botoen %25 eta 8 eserleku lortuta) deigarria izan da Peter Robinson alderdiko buru eta Ipar Irlandako lehen ministroak eserlekua galtzea. Orain hilabete batzuk bere emaztearen inguruan sortutako zurrumurruek eta unionista erradikalenen konfiantza galtzeak eragingo zion. Bere eserlekua Alliance Party alderdi txikiak eskuratu du (banaketa sektarioen aurkako alderdiak). Albiste ona, beraz. Bestalde, SDLPko nazionalistek eta Sinn Fein-eko errepublikarrek lehengo ordezkaritza bera lortzen dute (3 eta 5 eserleku hurrenez hurren). Aipatzekoa Fermanagh and South Tyrone eskualdean botoak hiru aldiz zenbatu behar izan dituztela eta azkenean Sinn Fein-ek 4 botoko aldeaz irabazi diola hautagai unionista independenteari.

Erresuma Batuan ohitura denez, orain arteko gobernu buruari (beraz Gordon Brown laboristari) dagokio gobernua osatzeko elkarrizketei ekitea. Hala ere oso zaila izango zaie laboristei Downing Street-eko 10. zenbakian jarraitzea. Izan ere, Nick Clegg liberal demokratak argi eta garbi garaile aitortu du David Cameron kontserbadorea. Azken honek Clegg-i elkarrizketarako gonbitea egin dio dagoeneko. Beraz, aukera gehien dituena kontserbadoreen gobernua da, liberalekin koalizioan edo beste alderdiekin unean uneko akordioak osatuz.

Ez ditut alderdi bakoitzaren proposamenak zehatz-mehatz ezagutzen, baina badirudi gai ekonomikoetan (hauek izango dira garrantzitsuenak datozen hilabeteetan Erresuma Batuan) ez dagoela alde handiegirik kontserbadore eta liberalen artean. Defizita murrizteko politika klasikoak egingo dituzte (zerga sistema aldatu, pentsio eta zerbitzu publikoak murrizten joan "efizientziaren" aitzakipean...). Laboristak gobernura iristekotan ere, parlamentuaren babesa lortzeko antzeko errezetak egin beharko lituzkete, beraz, ez dut uste alde nabarmenik dagoenik.

Kontserbadoreek eta liberal demokratek duten desadostasun nabarmenena hauteskunde legearen erreformari buruzkoa da. Kontserbadoreek, finean, ontzat ematen dute Britainia Handiko sistema tradizionala, eta, gehinera jota, erreforma txiki batzuk proposatuko dituzte (adibidez, barruti bateko hiritarrek behar beste sinadura bilduz gero beraien diputatua kargutik kentzeko eta hauteskunde berriak deitzeko eskubidea izatea). Liberal demokratentzat hori ez litzateke nahikoa izango: sistema proportzionalaren aldekoak dira (Irlandan erabiltzen den Single Transferable Vote sistema berezia ezartzea nahi dute).

Ikusi beharko da zer gertatzen den. Zalantzarik gabe, hauteskunde osteko negoziazio bizia eta gogorra daukate Londres alde horretan.


Utzi iruzkina: