4.astea Negua etorri da
Salve ad omnibus legentibus!
Hementxe gaude berriz ere gure desbentura eta peripeziei buruz berri emateko. Egunak aurrera doaz eta konturatu orduko 7, 14, eta 21 egunak pasata, 28ra heldu gara. Poliki-poliki edo “pomalu-pomalu” (beraiek esaten duten moduan), Txekiarrak eta Euskaldunok, hain desberdinak ez garela konturatzen gabiltza. Hizkuntza (eta hezkuntza), Historia eta klima bezalako ezaugarri hain desberdinak edukita ere, berdintasunera hurbiltzen gaituzten beste gauza asko daudela ikusten ditugu. Bizikleta afizioa, onddo bilketa eta lagunen garagardo edo sagardo arteko berriketaldiak, dira horren adibide. Esaerak dioen bezala, “Txakurrak, toki guztietan ortozik”.
Aurreko asteetako sarrerak irakurri badituzue, gure etxea zein den eta zelako inguruan kokatuta dagoen jakingo duzue honezkero. Badaezpada, mendi inguruan kokatua eta laster txuri bilakatuko diren zelai berdez inguratua dagoen etxea dela gogoratzen dizuegu. Lantzean behin, mendian bizi diren animali batzuk gure ingurura jaisten dira,hotzarengandik ihesi edo janari bila. Asteazken goizean, lanera gindoazela; etxe ondoko zelai batean 3 orein ikusi genituen, goizeko lehen ordutako belaiñopean belarra dastatzen. Baliteke zuri, irakurle, argazkiko 3 puntu beltzek inolako harridurarik ez eragitea, baina gure kasuan lanera joan aurretiko naturak eta kasualitateak eskainitako espektakulua benetako ezustekoa izan zen.
Oraingo asteko gertaerarik aipagarriena Txekiera ikasteko lehengo “klase ofiziala” eduki dugula izan da. Orain arteko ikasitako gauzak oso erabilgarriak izan badira ere,noizean behin taberna eta lagunak, arbel eta maixuagatik aldatzeak ere mesede egingo digula uste dugu. Gure irakaslea, Zuzana da (Susana ez, ez zaitezte nahastu gero…) Andaluzian gaztelania ikasitako neska alaia. Berarekin, errepasatu genituen lehenengo kontzeptuak, letra eta bokalen analisia eta hauen ahoskera izan ziren.
http://es.wikipedia.org/wiki/Alfabeto_checo
Gure kasuan, eta irakaslearen esanetan, euskaldunoi txekiera ikasten dagoen beste edozeini baino, errazagoa zaigu txekierak dituen kontsonante gehienak ahoskatzea. Izan ere, gure “tz”, “tx”, “dd”, beraien “c”, “č”, “Ď” modura ahoskatzen dira.Hala ere, badago bat oraindik guztiz dominatzen ez duguna; “ř”. (rshe ahoskatzen da ). Honela, soinu arraro eta algara artean pasa zen lehengo klasea.
Zapatuan, Frydek-Mistek-era joatea erabaki genuen. Herri honek, 60.000 biztanle inguru ditu eta Ostravice ibaiak banatzen dituen eta,orain dela denbora bat burujabeak izan ziren Frydek eta Mistek–ez osatuta dago. Ez dakigu, lehengo elur malutak izan ziren, Txekoslovakia sortu zeneko urteurrenaren bezpera zelako (tribialen lehenago edo beranduago tokatuko zaizuen galdera da eta gazta zatitxo horia eskuratu nahi baduzue, gogoratu Txekoslovakia 1918-ko Urriaren 28 sortu zela) edo suerte txarra eduki genuelako, baina bere plaza eta karriketatik paseatzean genbiltzala ez genuen inor (eta ezer) ikusi.
Domekan goiz altxatu gara eta leihotik, zelaien metakromasia miretsi dugu. Zelaiak zuriz tindatu dira eta goiza inoiz baino argiagoa izan da horren ondorioz. Ameriketako pelikuletan bezala, ate ondotik kotxeraino dagoen bidea garbitu dugu, palak eskuetan genituela. Arratsaldean, herrian zehar ibilalditxoa egin ondoren, etxe ondoko sagarrondoetatik beraien fruituak jaso ditugu mermelada egiteko asmotan. Hurrengo asterako utzi beharko dugu, jaki goxoaren prestaketa.
Azaroa, guretzako bisiten hilabetea izango dela dirudi. Beti ere bisita atseginak, izan ere Unai, Markel, Leire eta Nerea, etortzekoak dira hurrengo astetan. Bagabiltza badaezpada, planak eta ibilalditxoak prestatzen. Gauza bat abixatzen diegu, hemen hotza egiten hasi dela, eta hobe dutela abriguko arropak ekartzea, izan ere Frydlant en Zea Mays-eko kantan ez bezala NEGUA ETORRI baita.
GAIZTUAK IZEN!
BOU
Iruzkinak
Cave canem 2012-10-28 22:47 #1
Vidi ea quae scripsistis. It' very very interesting. Ea nola doazkizuen txekiar klaseak!!!!
Suerte, ono ibili, eta aurrera!!!!
Fortuna laborantes iuvat!!!!!!
Utzi iruzkina: