JAZPANA! Fest 2013
Bost urte pasa dira lehen JAZPANA! Fest jaialdia antolatu genuela. Urte hartan (2009a zen), lau lagunek osatzen genuen lan taldea eta beste hamar bolondresen laguntzarekin atera genuen aurrera. Indartsu hasi ginen eta We Are Standard edo Capsula bezalako taldez gozatzeko aukera izan genuen eta kontzertu gau bakarra proposatu genuen beste hainbat ekintza paraleloez gain.
Denbora pasa da eta gauzak asko aldatu dira egun hartatik. JAZPANA! Kultur Elkartea sortu genuen lau laguneko lan taldea hamaika laguneko lan taldean bilakatu da (70 bolondresetik gora mugitzen dugu gaur egun). Kontzertu gau bakarretik birara pasa ginen eta ekintza paraleloak ugarituz joan dira hain harro gaituen Jazpanart! ere sortu arte. Hala ere, badira aldatu ez diren gauzak eta JAZPANA! JAZPANA! dutenak, gure mahaiaren hiru hankak: Normalean hemen inguruan ikusi ezin daitezkeen taldeak ekartzea, eskualdeko taldeei aukerak eskaintzea eta nola ez, guztia DEBALDE izatea. Guztia nola ez, gure lelo bilakatu dugun RURAL POSTMODERN kriptiko horren babesean.
Gauzak horrela, bosgarren urteurren hau ospatzeko ordua iritsi da eta zuek ere, JAZPANA! Fest 2013 hau, gure ilusio berberarekin hartzea espero dugu.
Ekintzei dagokienean, bigarren Jazpanart! “erakusketa edo” aurkeztu beharrean gaude. Herriko hainbat artista gazte bildu zaizkigu proiektu honetara eta horixe da gehien berotzen gaituena, taberna zulo batean hasi zen abentura honetara JAZPANA! bere egiten duen jendea batzea. Oso gustura geratu ginen lehen Jazpanartarekin baina bigarrena beste kontu bat izango da. Urriaren 19tik 24ra ospatuko da Igartza Jauregian eta gutxi barru izango duzue egitarauaren berri.
Beste alde batetik, dagoeneko JAZPANA! batean klasiko bilakatu diren 3x3 basket txapelketa, skate txapelketa eta argazki rallya izango ditugu. Lehen biak urriaren 25ean (ostirala) ospatuko dira eta argazki rallya jaialdi osoan zehar. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak www.jazpana.com webgunean sartu edo ekintzak@jazpana.com helbide elektronikora idatzi besterik ez du.
Hori ekintzen aldetik baina onartu beharrean gaude kontzertuak direla JAZPANA! Fest jaialdiari sona eman diotenak eta horiek direla hain zuzen urtero Goierriko mugetatik haratago jendea erakartzen duena. Azken urteetan egin dugun moduan, bi kontzertu gau eskainiko ditu JAZPANAk eta hauexek dituzue gure karpa erraldoian gozatu ahal izango diren taldeak:
URRIAK 25 (Ostirala)
“Victoria Mística” urteko diskarik esperoenetako bat dela esateak ez du askorako balio baina hala da. Ez du askorako balio galiziar hauen aurreko bi lanek inflexio puntu bat suposatu zutelako estatu mailako pop-rock eskenan. Triangulo, jarrera alternatiboaren eredu moduan hartzen da eta dagoeneko, erreferente bilakatu den soinu bat lortu du. Hori gutxi balitz, musika mugimendu bat ere sortu da Galizan eta beraien izena hartu du: Galician Bizarre.
Triangulo de Amor Bizarro barrutik ateratzen da, zorrotza da eta zintzoa aldi berean. Ez dute ezer gordetzen.
“Llamp de Déu” (Jainkoaren tximista) ez da ezerezetik sortu den lana. L´Hereu Escampak talde handien kalitatea dauka, gauza on horiek guztiak gogoratzen ditu baina hala ere, fidela da bere buruarekin. Buruberokeria, garra, zirrara. Erritmo aldaketak, indar aldaketak. Leherketa bat suposatu dezakeen errekuntza bat. Energia, energia mendiak. Ulertzeko zaila dirudi aurkezpen honek baina bikote kataluindar hau JAZPANAko eskenatoki gainean ikusten duzuenean, guztia ulertuko duzue. Ikusiko duzue.
2008an argitaratu zuten lehen lanarekin (Episodios I y II) garbi utzi zuen Layo Raserrek ez zela txantxetan ari (Japonen kontzertuak eskaintzera ere iritsi ziren irundarrak). Bigarren lanak Europa izena du eta lehen lan hark utzitako sentsazioak berretsi nahi izan dituzte bertan. Autoedizioa izan da berriz ere aukeratu duten bidea eta Karlos Osinaga (Lisabö) handiaren ekoizpenarekin Elena (gitarra), Jon (baxua) eta Fortunek (bateria) osatutako taldea euskal undergroundaren barnean aldarrikatu beharreko taldeetako bat dugu. Ez da gutxigorako Europa osatzen duten 7 kantuak entzun ostean. Oraindik entzun ez baduzu, aukera ederra duzu aurtengo JAZPANAn
Devhon beasaindarrak 80. Hamarkadan du bere jaiotza nahiz eta izpirituan izan. Ordungo musikatik abiatuta Trash Metal pertsonal bat egitera iritsi dira. Garai hartako erritmo bortitzak egungo metalaren bizkortasunarekin nahasten dute. Lehen diska kaleratzeko zain daudela datoz Jazpanara eta egia esan, bagenuen gogoa boskote hau taula gainean ikusteko. Devhon, 2010ean jaio zen Nazka eta Continuo Renacer taldeetako musikariak batuz. Musikari onak beraz, gustoko duten musika egiten. Ba al da zerbait hoberik?
Dj moduan aritzen den, eta eskuetako hatzekin zenbatu daitezkeen egunetan, Moonpalace Records disketxeko arduradun dena, bere disken artean murgiltzen da behar dituen kantuak topatzeko asmoz. Kantu hauek, ezin hobeak izaten dira Pajares eta Escesoren filma bat, Pixiesen soinu bandarekin ikustea bezain saio estimulatzaileak sortzeko. Urteak daramatza beasaindar honek musikari opariak egiten eta bai hala bai, gure artean behar genuen Juanra halako edizio berezi batean. Bera ere omendu nahi dugu merezi duen bezala.
URRIAK 16 (Larunbata)
Jekyll doktorearen eta Mr. Hyderen ereduari jarraiki, Alan Sparkhawkek bi karta-sorta musikalekin jokatzen du. Bat Low da, bere “esperientzia erlijiotsuena”, leunagoa, hipnotikoagoa, slowcorearen epitomea. Bestea, Retribution Gospel Choir da, rockeroagoa, basapiztiagoa. Talde fisikoagoa da hau Eric Pollard baterijolea eta Steve Garrington baxujolearen alboan (azken hau ere Loweko kidea). Sparkhawkek indar gehiagoz kantatzen du hemen eta baita gitarra jo ere eta hori, nabaritzen da eskaintzen dituzten kontzertuetan. Makina bat talde izan ditugu JAZPANAk aurten beteko dituen bost urteetan zehar baina inork ez du musika munduan Alan Sparkhawk handiak izan duen eraginik izan. Ohore bat da guretzat halako talde bat Beasainen izatea eta zuek ere gure moduan gozatzea espero dugu Dulutheko hirukotearekin.
THE SUICIDE OF WESTERN CULTURE
Jostailuzko teklatu batzuk eta bigarren eskuko pedal sorta bat besterik lagun ez zutela hasi ziren zientzia fikziozko bi gizaseme hauek kantuak eraikitzen Londreseko ikasleentzako gela batean. Beraien helburua, 90. hamarkadan mirestu zituzten taldeen soinua erreproduzitzea zen; Godspeed You Black Emperor, Disco Inferno, Mogwai, Flying Saucer Attack, Tortoise... Indar analogikoari oda bat. Ordundik, aurrera egin dute eta zalego zein kritika zur eta lur utzi dute. Gaur egun, “Hope Only Brings Pain” lana aurkezten dabiltza (berriz ere, hasieratik babesa eskaini zien Irregular disketxearekin) eta munduan zehar beraien saioak eskaintzen ibili ostean, Jazpanan geldialdi bat egitera animatu dira. Batek baino gehiagok, bizi osoan gogoratuko du bikote honekin sentitutakoa.
Badirudi ez dela hain erraza proiektu bat non hasi eta non bukatzen den jakitea. Audiencekoek aspaldi egin diote uko bilaketa horri. Bideari ekinez egiten ikasi dute. Oraingoan ‘Mistress Games' dakarkigute, hurrengo zerbaiten abiapuntu badenaren susmo nabarmenari josia gainera. ‘Mistress Games' neurriz lan ertaina den arren, Audience bere txikitasunean handi azaldu zaizkigu berriro ere, eroso, handikerian txiki agertzetik urrundu nahian edo. 12 urte dira jada lehen aldiz batu zirela, eta bada oraindik ikusmina lan berri baten aurrean. Lehen aldia ote dirudi... berriz ere? Euskal Herriko talderik handienetako bat ditugu hala nola eta aspalditik nahi genituen JAZPANAn. Iritsi da eguna.
Ez da kasualitatea belaunaldi oso baten depresio garai hauetan eguerdiko albistegia ikusteak suposatzen duen inbututik erabat ihes egiten duten proposamenekin topo egitea. Grises bitxikeria bat da estatu mailako indiean, beraien musikak ez du lurrera begiratu eta burua jaisteaz hitzik egiten, ezta Mordorreko atmosfera ilun eta goibelez. Beraien proposamena botila erdi betea da, irribarreak eta ondo pasatzea. Beraien lehen lanarekin izan genituen hiru egun iraun zuen JAZPANA! luze hartan eta 5. urteurrenera gonbidatu nahi izan ditugu berriz ere zestoarrak beraien bigarren lana, “No se alarme señora, soy soviético”, aurkezten ari direnean. Estatu mailako jaialdi handi guztietan izan ditugu aurten beraz zerbaitegatik izango da. Prestatu dantzarako.
WILHELM AND THE DANCING ANIMALS
Helen (Donosti), Guliie (Iruña) eta hauen animali dantzariak (Iñigo, Have, Josh eta Kiko) edo berdina dena, W&TDA “The War Of The Species” (Origami Records, 2012)lana erditu berriak izan genituen JAZPANA! Fest 2012an. Konkordia itun bat dugu lana, folk hoberena, punka, hardkorea eta pop ikutuak ederki nahasten dituen lan bat. Montreal Studioetan grabatu dute (Subiza, Nafarroa) eta Hans Krüger eta taldearen artean ekoiztu dute. Bertan, ahotsak bide lodi eta alai batetik eraman dituzte non korala eta pastorala elkartzen diren eta oihartzun punk, pop, folk eta rockak topatzen ditugun. Kontua da kantuak borobilak direla, indartsuak, sendoak, baikorrak. Azken finean, alaiak, oso alaiak nahiz eta hitzak ez diren beti hain koloretsuak izaten. Hala ere, ederki pasa genuen beraiekin eta aurtengoa bezalako edizio berezi batean gurekin eduki nahi izan ditugu.
John Berkhout Oiartzungo bost gaztek osatzen dute. Haurtzarotik lagunak izan dira eta elkarrekin egin dute gaur eguneraino eraman dituen bidea. Bide horretan, garai eta estilo ezberdinak ezagutu eta probatzeko aukera eskaini dien musikaz beteriko abentura batean murgildu dira. John Berkhout natura da, nostalgia eta zentzumenak uztartuz. Folk, rock, psikodelia edo indie musikaren alboan egin dute bidaia eta hori beraien lehen laneko kantuetan nabari da. Paisaia zein paraje ezberdinak ageri zaizkigu bertan. Taldearen estilo intimoa eta pertsonala hedatzen da leku horietan eta bertan, emozioz beteriko atal epikoek ere badute bere tokia. Entzun genituen lehen egunean erabaki genuen JAZPANA! Fest 2013an behar genituela eta zortekoak gu, hemen izango ditugu.
Kokoshca oso azkarrak dira, parapsikologoak dira eta ekialde basapiztira begiratzen dute mundu osoak mendebaldera begiratzen duen bitartean. Kokoshca mozkor hutsak dira, haitzulotar batzuk, beraien aurpegi margotuekin, ardo kolorez, zorigaiztoko ardoak deabrututa moduan. Garai batean ulertzen zen moduan ulertzen dute musika, frenorik gabe. Pinpan pun, ñakañaka. Beraien hiztegia ospakizun hutsa da. Bai, oso gaizki daude burutik baina ederki pasako dugu beraiekin.
Badira oraindik gazteak gure inguruan gauza bitxiak entzuten dituztenak eta eskerrak, gero jende horrek musika talde berriak sortzen dituen. Beno, Grande Days ez dira hain gazteak ere baina badute ilea oraindik buruan. Donostiako laukote honek kantu luzeak egiten ditu baina ez dute normalean bide zehaztu bat jarraitzen. Batzuetan Bradford Cox gozoa gogoratzen dute (ez maitemindu neketsua) eta beste batzuetan aldiz, Sigur Ros, edo Sigur Gros, horrela deitzen baitiete batek baino gehiagok. Doinu gozoak eta klima zein paisaia ederrak Jazpanazale guztien eskura.
Deckart, entzulearen gozamenerako, ihesbide moduan kantuekin jolasten duen melomano bat dugu. Estilo eklektikoa du, beti norabide alternatibo baten barruan eta horretarako, klasiko eta talde berrien artean igeri egiten du. Bartzelona inguruko areto ezagunenetan musika jarri izanak eta hauetan dj hoberenekin lan egin izanak ematen dio bermea. Gaur egun, “Hit Me!” festan (Sabadellen) eta Apollo Aretoan (Bartzelona) “Nasty Mondays” eta “The B Side” festetan dj finkoa da. Pasa den urtean izan genuen JAZPANAn eta karpa hankaz gora jarri ostean errepikatzeko eskatu diogu jaialdiaren 5. Urteurrenean.
Embassa't 2013 Post-Party by Deckart on Mixcloud
Hauek kontzertu nagusiak baina aurten ere, nola ez, berrikuntzaren bat gehitu nahi izan diogu JAZPANAri. Herrian ere JAZPANA! behar den bezala bizitzea nahi dugu eta horretarako, larunbat arratsaldean (urriak 26), karpako kontzertuak hasi aurretik, formatu txikiko bi kontzertu prestatu ditugu herriko bi tabernetan. Herriko musikariak izango dira bietan eta hauek ere zuei aurkeztea gustatuko litzaiguke:
Mujika anaiak oasi bat dira Goierriko musika taldeen artean. Makina bat taldeetan ibili ziren Kearen babesean hirurak betiko elkartzea erabaki zuten arte. Goierritarrak direla esan dizuegu bai, eta oso harro gaude, baina beraien musikak Bidasoa aldean azken hamarkadetan eman den mugimendua dakarkigu gogora beti. Horregatik agian, oasi bat denaren sentsazio hori… Oraingo honetan, formatu txikian izango ditugu Xuber tabernan eta ziur, bat baino gehiago, zain dagoela Mujika anaiak berriz ere zuzenean ikusteko.
Bikote honek musikari dion afizioa neurri guztiak gainditzen dituen horietako da. Are gehiago, musikak berak egin baitzituen lagun orain hamabost urte inguru. Spurium taldeko kide ziren garai hartan Igor Alustiza eta Jon Eskisabel eta beraien nerabetasuna markatu zuen kantu sorta batekin datozkigu JAZPANAra. Beste batzuen artean, Smashing Pumpkins, Foo Fighters edo Incubus bezalako taldeen kantuak entzuteko aukera izango dugu Murgil tabernan eskainiko duten kontzertuan. Nahiz eta formatu akustikoan aurkezten diren, azkenaldian ordenagailua lagun darabilte taldeko hirugarren kide moduan eta berak lagunduko du begiak itxi, eta bikotea zegoen lekuan, banda oso bat entzuten.
Ba hauxe duzue hainbeste ilusio piztu digun 5. urteurren hau ospatzeko prestatu dugun egitaraua. Zuek gu bezain gustura uztea espero dugu eta nola ez, JAZPANA! Fest 2013 honen berri emango duzuela zuen komunikabideetan. Mila esker eta JAZPANAn ikusten gara. Zatozte Rural Postmodernora!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: