Erlijioen etorkizuna

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-04-27 00:00
1

 

 

Zaila da fededuna izatea gaur egun, inoiz baino zailagoa. Munduan erlijo ugari dagoen arren, gu kristautasunean jaio gara. Ondoen ezagutzen dudan erlijioa izanda erlijio katolikoa izango dut gaur hizpide.

Gizartea aurrera doan heinean, erlijiotasuna atzera joan ohi da. Hori nabarmen geratzen da erlijio katolikoarekin, herrialde aurreratuenetan, hau da, mendebaldeko gizartean, gero eta fededun gutxiago dago. Islamarekin ez da gauza bera gertatzen, ordea. Islam erlijioa herrialde erdi garatuetan egonda, haien gobernuek eta gizartearen ezaugarriek ahalbidetzen dute islamaren hedapena.

Nire ustez, erlijioak heriotzari zentzua emateko agertu ziren. Gizakiok hilkorrak gara eta horrek beldurtu egiten gaitu. Sinestu nahi dugu hiltzen garenean beste leku hobe batean egongo garela, eta gure lorpen eta neke guztiak ez direla alperrikakoak izango. Eta gainera, antzinako galdera gehienei erlijioak ematen zien erantzuna. Nondik gatoz? Nora goaz? Nola sortu da unibertsoa? Nola gertatzen dira fenomeno atmosferikoak? Zergatik izaten ditugu gaixotasunak? Galdera hauen guztien erantzunak Jainkoarekin zuen zerikusia.

Horrez gain, gizartea antolatzeko balioak eskaintzen zituen erlijioak. Dena den, agindu basikoak beharrezkoak dira elkarrekin ondo konpontzeko: ez da gezurrik esan behar, lapurtzea edo norbait akabatzea txarto dago, behartsuei lagundu behar diegu, gurasoak errespetatu behar ditugu…

Beraz, orduko eskakizunei ezin hobe erantzuten zien antzinako erlijioak.

Dena den, hasiera batean legezkoak eta logikoak ziren printzipio horien inguruan sekulako erakundea sortu zen mendebaldean, Eliza katolikoa, alegia. Agintean zeudenak berehala konturatu ziren jendea apaltzeko, eta aldi berean, boteretsuek gehiago aberasteko tresna egokia zeukatela esku artean. Orduan agertu ziren bekatarientzat prestatutako inpernuaren edo berriki itxitako linboaren mehatxuak, bekatuak aitortzeko beharra, elizak ondare ugari pilatzearena, jainkoaren izenean sarraskiak egitearena…

Erlijioa ahuldu duen beste faktore bat agertu da eszenatokian, zientzia. Izan ere, zientziak Biblia liburu sakratuko mito gehienak desmuntatu ditu banan bana. Munduaren sorrera, gizakiaren eboluzioa, mirariak, datazioak eta tokien kokapena, beste kultura batzuetatik kopiatutako pasarteak, errito paganoen gainetik jarritako ospakizunak dira honen adierazgarri.

Koherentzia eza eta froga horiek guztiak ikusita, jendea bizkarra ematen hasi zaio erlijioari. Hortaz, erlijio tradizionalen etorkizuna ez da oso itxaropentsua, nonbait, gizartea plurala delako, bizitza aldatu delako, eta gaurko arazoak konpontzen eta galderak erantzuten ez dituelako.

Fedea eta arrazoia, beti elkarren aurka. Errazagoa da arrazoiak irabaztea bakoitzak barnean bizi duen hautabide honetan. Hala eta guztiz ere, pertsona askok bide zailena hartzen dute eta fedeari ekiten diote. Zergatik ote? Gehienak inertziaz, baina beste batzuk konbentzituta egoten dira, faktore horiek guztiak ikertu dituzte, baloratu eta barneratu. Bibliaren eta erlijioaren kontraesanak alegoriatzat edo metaforatzat hartzen dituzte, haratago ikusten omen dute eta mezuarekin geratzen dira, inkoherentziei kasurik egin gabe. Fedea arrazoitzen ikasi dute. Ez da esfortzu makala izan behar zientzia eta erlijioa uztartzea. Benetan espero dut haien ahaleginei probetxuren bat ateratzea.

…………

Behin, lagun batek galdetu zidan zergatik arduratzen nintzen elizaren kontuez. Bere ustean, Elizaren kidea sentitzen ez banaiz, ez dut kezkatu behar haien barneko antolamenduaz, doktrinaz eta arazoez.

Alde batetik arrazoia zuen. Izan ere, barnean dauden emakumeak eta gizonak arduratu behar dira elizaren etorkizuna bideratzeaz, eta haiek pozik badaude… ez dago ezer esaterik.

Baina, beste alde batetik, inguruan gertatzen diren gauzak ikusita, ezin da isilik egon: emakumearen rol mugatua, sexua bekatutzat hartzea, antisorgailuen garrantzia gutxiestea, gay eta lesbianen aurkako kruzada, bekatua edonon ikustea, askotan fedeak eskatzen edota sinesten dutenaren aukakoa egitea, hipokresia, alegia.

Eta bukatzeko, gehiago esango nuke, Munilla Gipuzkoako gotzaiak sexuari buruzko liburua argitaratu du aste honetan bertan. Han, senar-emazteen arteko maitasunaren inguruan hitz egiten du, sexualitateari buruzko gomendioak eta seme-alabak hezitzeko aholkuak ematen ditu, besteak beste. Berak ezagutzen ez dituen gauzei buruz hitz egiteko gai bada eta hori zilegi baldin bada, beste guztiok eskubide bera izan beharko genuke.

  

 

 

Joxe

Joxe 2015-05-03 12:17 #1

<p>Oso ona, aste hontan berrian agerturiko Zaldieroaren biñetak bezala, Munilla nire eroia da! jajaja San Inaxio bezala, bere bizi osoan jendea akabatzen ibili ondoren santu egin zuten, noski, Oinaztar familiakoa bait zen. Ez zen arrantzale edo nekazari xume bat. Munillak ahoa irekitzen duen orotan... potrohandi galanta da, lasai asko gelditzeko kemena bait du, esanak esan, Munilla beti Munilla, Tarancom, Rouco, fratzingler...</p>

<p> </p>


Utzi iruzkina: