Adimen artifiziala: Manifestu deskoloniala (2021)

make@ni.eus 1620201767765 Hezitzaile bat sarean | 2024-04-14 18:55

make@ni.eus 1713130327227

Inteligencia artificial. Un manifiesto descolonial, (2021). [Itzulpen librea]  https://manyfesto.ai/index1.html 

 

Manifestu hau adimen artifizialeko (AA) sistemen etorkizun deskolonialari buruzko probokazio, galdera, irekiera, dantza da. Pluribertsaltasunari [1] begira dagoen manifestua da, askoren arteko ikuspegi bat islatzen baitu. Espero dugu bultzada izatea hartu-eman zein elkarrizketarako eta AA teknologiek eragindako pertsonen adierazpenak sustatzeko.

Hasteko, AAri buruz mintzatzeko erabiltzen dugun hizkuntzaren erronka aipatuko dugu: hizkuntza hori mendebaldeko gizon zuri pribilegiatuen ahotsek menderatzen dute, teknologiaren zati handi batekin gertatzen den bezalaxe. Saiatuko gara hizkuntza horren azpian dauden suposizioak agerian jartzen, kuestionatzen, zalantzan jartzen eta berrasmatzen, baita erabiltzen dugunean ere.

"Artifizial" eta "adimen" terminoek konnotazioak dituzte. Beren definizioak aurreiritzi kulturalen mende daude. AA teknologia da, zientzia, negozio, ezagutza-sistema, narratiben multzo, harreman multzo, imaginario bat. Alderdi bakoitzean, gure ahalegina izateko eta ezagutzeko modu ez mendebaldarren epistemizidio koloniala desegitean datza. "Deskolonialitate" hitzak ere oihartzun desberdina du komunitate ezberdinetan, jatorrizko herrien artean zein kolonialismoa iraganeko kontua izatetik urrun, egunerokoan errealitate duten herrien artean ere bai. Pertsona batzuek errefusatu egiten dute deskolonial terminoa testuinguru horretan. Aitortza egiten diogu bai erabilerari, bai gaitzespenari.

Ez dugu kontsentsurik bilatzen: giza desberdintasuna baloratzen dugu. Ez dugu onartzen marko epistemiko bakar batek eta mundu-eredu batek unibertsalki agindu dezaketenik. Errefusatzen ditugu egungo menderatze-patroiak eta botere-asimetriak desegonkortzen ez dituzten AA "etikoaren" mendebaldeko hizkera normatiboa zein "inklusibotasun" iradokizunak. Errefusatzen dugu statu quoari ukituak eman, hori indartu eta zuritu nahi duten printzipioek zeharkatutako simulakro etikoa, haren ondorio suntsitzaileak arintzera mugatzen delarik. Errefusatu egiten ditugu soziala eta teknikoaren arteko korapilatzea errekonozitzen ez duten ekimenak, baita teknologiek eragindako inpaktu immaterial zein materialak lurralde jakin batzuetako gorputz arrazializatuetan, etnizatuetan, bereziki emakumeen gorputzetan errekonozitzen ez dituztenak arbuiatu ere. Deskolonialitateak errefusatu egiten du material eta immaterialaren, sentitzearen eta izatearen, jakitearen, egitearen eta bizitzearen arteko dibortzioa.

Gobernantza deskolonialaren nozioak komunitate eta kokatutako testuinguru bakoitzetik sortuko dira, gaur egun hegemonikoak diren narratibak zalantzan jarriz. Deskolonialitateak ez du aniztasuna eta inklusioa soilik adierazi nahi. AAn kolonialitatearen oihartzunak ezabatzeko, beharrezkoa izango da erreparatzea injustizia eta egungo zein iraganeko gabetze material eta epistemikoa. AAren gobernantzaren berrasmatze horiek aitortuko dute bizitako esperientziatik datorren jakituria eta baldintzak sustatuko dituzte historikoki baztertuak izan direnentzat beren etorkizun soziotekniko duinak erabakitzeko eta eraikitzeko aukera izan dezaten. Mendebaldean zentratutako gobernantza-egituretan ez bezala, gobernantza deskolonialak aitortuko du gure helmugak elkarri lotuta daudela. Elkarri zor diogu gure etorkizuna.

Gure humanitatea erlazionala da, pertsona batzuk besteekin zein beste izaki batzuekin hartu-emantzeko moduetan azaltzen da. Teknologiak leku garrantzitsua du harreman horietan. Sorkuntza -artea, narratiba- eta esperientzia sentibera dira irudimen deskoloniala sustatzeko aztertu beharreko bideetako batzuk. Zentratu nahi dugu ingeniaritza-, diseinu-, jakintzen ekoizpen- zein hainbat kulturatako gatazken eraldaketa-praktiketan, beren balio-sistemetan oinarritutako praktiketan.

Gure premia sortzen da AA "egi algoritmiko" ukaezinak sortzeko ezagutza-sistema gisa erabiltzeko arriskutik, menderatzea indartuko baitute. Hori egitean, ezagutza sortzeko beste sistema eta ikuspegi batzuk ukatu eta ezabatuko dira, baita beste herri batzuen agentzia, autonomia eta erresistentziak ere. Horrela, AAren kolonialitatea datu-kolonialismotik haratago doa: AA lurraldearen estraktibismoan ere oinarritzen da eta, gainera, errealitatea modelatzeko gaitasuna du. Jendarte ezberdinkide batean diseinatuta, sistema horiek desberdinkeriak erreproduzitzeko erabil daitezke. Duintasunean baino gehiago eraginkortasunean oinarrituta sortuz gero, erremediorik gabeko kalteak eragin ditzakete. AA deskoloniala azpimarratzen dugunean, defendatzen dugu historikoki baztertuta egon diren komunitateek errealitatea beren terminoetan moldatzeko duten eskubidea.

Gure metodoek eboluzionatu egingo dute, premiekiko eta aukerekiko sentikor izango dira, baina gure helburua izango da egungo sistema sozioteknikoen egitura kolonialek eta kolonialitateak isildutako ahotsetatik abiatu eta haien artean ikasteko eta trukerako oihartzun handiko foro bat sortzea eta mantentzea. 

 

 

 

 [1] Pluribertso: bere baitan mundu asko onartzen dituen mundua. Gizakion mundu ezberdin guztiak duintasunez eta bakean bizitzea ahalbidetzen duena, inork kalterik, esplotaziorik eta miseriarik jasan beharrik izan gabe. Pluribertsoak patriarkatua, arrazakeria, kastak eta bestelako diskriminazioak gainditzen ditu. Bertan, jendeak naturaren osagai xume bat izateak zer esan nahi duen berrikasten du, eta hazkunde ekonomikoan oinarritutako garapenaren nozio antropozentriko zorrotzak gainditu. Mundu mailako alternatiben bilgunea da, trantsiziorako estrategiak sortzen ditu eta eraldaketa handia eragiten duten eguneroko ekintza txiki ugari biltzen ditu.   
[Iturria: Pluriverso. Un diccionario del posdesarrollo. 2019.
https://icariaeditorial.com/ashish-kothari/10-pluriverso-un-diccionario-del-posdesarrollo.html ]


Utzi iruzkina: