Adimen Artifizial feminista intersekzionalari deika
Adimen Artifiziala era poliedrikoan aztertzeak ezinbestean eramaten gaitu intersekzionalitatera, berau baita kategoria sozialak eta kulturalak nola harilkatzen diren aztertzeko teoria aproposa. Besteak beste, generoaren, arrazaren, etniaren, desgaitasunaren, sexualitatearen, klasearen eta nazionalitatearen arteko harremanak aztertu ohi ditu eta, ondorioz, gutariko bakoitzean gorpuzten diren zapalkuntza eta pribilegio-harreman konplexuez solasten da (Euskarazko Wikipedia). Feminismoetatik eskaera zehatzak luzatu izan dira:
"Ez dugu garapen teknologikoen datu-baseen zerbitzura egon nahi, elkarrekin sortu nahi ditugu edo, hobeto esanda, gure teknologiak sortzeko ahalmena izan nahi dugu, betiere haien inplikazioez eta irismenaz jabetuta, ez jarraituz garapenaren logika garapen hutsagatik gailu edo tresna bat erabiltzeak izan ditzakeen inplikazioak kontuan hartu gabe, ez bakarrik gure komunitateentzat, baita munduko beste herri batzuentzat ere". (Tajëëw B. Díaz Robles) [1]
Izan ere, adimen artifizialak hezitzaileoi aukera beste erronka ekarri dizkigu egunerokora. Azken urteetan teknologia oro har akritikoki gureganatu izan dugularik, pandemian bizitakoak ernarazi du masa kritiko gero eta zabalagoa digitalizazioaren inguruan hausnarketa kolektiboa egitera deituz. Bitarte horretan, adimen artifizialaren olatua gainean dugularik eta EAEn curriculum berrian lehendabiziko urratsak ematen ari garelarik, -AA bai edo ez eztabaidatik haratago-, ezinbestekoa den gai hau nola, noiz eta non jorratu hezitzaileon eskuetan gelditzen ari da, ez baita hezkuntza erakundeetatik era ofizialean horretarako babesturiko eta gomendaturiko ingurunerik aurreikusi hezkuntza komunitate osoarentzako. Gauzak horrela, arriskua dago digitalizazioarekin gertatu den bezala, korporazio handiek erabakitakoei begira jarri eta fokoa alborapen eta arrakaletatik kanpo jartzeko:
"Badakigu mundu patriarkal, kolonial eta kapitalista baten ereduarekin lotutako indarkeria sistemikoak errepikatzen direla sistema adimendunenetan. Genero-aurreiritzi sistemikoak, arraza-aurreiritziak, gizarte-aurreiritziak, hizkuntza-aurreiritziak eta beste intersekzionalitate batzuetakoak Iparralde globalean sortu eta Hegoalde globalean errepikatzen diren adimen artifizialeko egungo prozesuen erdigunean daude". (Paula Ricaurte eta Mariel Zasso) [1]
Adimen artifiziala ikuspegi instrumental hutsetik ez jorratzeko, humanitate digitalen ikuspegia integratu beharko da maila orotan,-mikrotik hasi eta makroraino-, askotarikoen begirada soziokritiko intersekzionalak bilduz.
Egungo baztertu digitalak dira gaitasunik ez dutenak Interneten erabilerak sortzen dituen arazo eta galdera berriak identifikatzeko, horiei aurre egiteko eta erantzuteko. Gaitasun horiek izatea edo ez izatea da arrakala digitala definitzen duena. Arrakala hori ez da instrumentala, gogoetaren baitakoa zein kreatiboa baizik. Ez du tresnaren erabileraz solas egiten, haren ulermenaz baizik. Teknologiak pentsatzea eta ez bakarrik modu instrumentalean erabiltzea da hezkuntzarako erronka nagusia... AA da errealitatearen alderdi garrantzitsua. Eta errealitatea ezin da inoiz hezkuntzatik kanpo egon. Baina ez da tresna hutsa izan behar. Ikertu, aztertu eta eztabaidatu egin behar da. Hausnarketa eta eztabaida eskatzen ditu... Adimen artifizialak mundua ikusteko eta ulertzeko moduak eskaintzen ditu. Ezin da adimen artifiziala pentsatu nola diseinatu zen eta nola funtzionatzen duen galdetu gabe. Algoritmoen dimentsio etikoa aztertu behar dugu, nola eraiki ziren, zein den errealitatea sailkatzeko eta etiketatzeko duten era partikularra. Izan ere, sailkapen horiek beti gordetzen dituzte balioak, eta, diskriminatzen dutenean, alborapenek mundua lupa horren azpian begiratzea eta ebaluatzea proposatzen digute. (Roxana Morduchowicz, 2023) [2]
__________________
[1] Red f<a+i>r. (2022). Inteligencia Artificial Feminista: Hacia una Agenda de Investigación para América Latina y El Caribe. Editorial Tecnológica de Costa Rica. https://feministai.pubpub.org/lachub
[2] Morduchowicz, Roxana. (2023). La inteligencia artificial ¿Necesitamos una nueva educación?. UNESCO Office Montevideo and Regional Bureau for Science in Latin America and the Caribbean. https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000386262
Iruzkinak
Utzi iruzkina: