Hezkuntzan internet (eta digitala) funtsezko ondasun
Internet eta komunikazio digitala giza espeziearentzat funtsezko ondasun bihurtu badira, -eta hala da argi eta garbi-, irabazi asmorik gabeko onura publikoko ondasun komun gisa tratatu beharko litzateke. Enrique Javier Díez Gutiérrez. [1]
1993an Internet bidez, -komunikazio-sare interkonektatuen multzo deszentralizatua-, WWW publiko bihurtu eta munduko edozeinen esku utzi zen web orriak ikusteko aukera. Erabiltzaileak miloika izan ziren urte gutxiren buruan. Laister etorriko ziren unibertsaltasuna mugatzeko saiakerak eta gaur egun splinternet terminoa gero eta gehiagotan erabiltzen da; horren ondorioz, interneten irismen globala arriskuan dago.
ETCGroup taldearen aburuz "nahiko esanguratsua da munduko teknologia eta plataforma digital handienak gizonek sortu izana, gehienak zuriak eta Iparralde Globalekoak (batez ere Amerikako Estatu Batuetakoak) eta ia guztiak eragin handiko milioidun bihurtu izana enpresa horiek hedatzearen ondorioz oso desaraututa dagoen testuinguru kapitalista batean. Sortutako teknologia digital enpresa horiek patriarkatua iraunarazten dute, gizon horiek jeinu gisa goraipatuz ingeniari bikain gisa, beren burua eraiki duten enpresaburu gisa, eta emakumeek bigarren mailan jarraitzen dute hierarkia teknologiko korporatiboan gutxiengo gisa agertuz. Konpainia horiek, gainera, datuak erauzteko bidea hartzen dute, baliabide errentagarri gisa, merkaturagarria den merkantzia berri gisa. Ezaugarri definitzaile horien ondorioz, teknologia digitalak ez dira diseinatu edo hedatu emakumeen eta jendartearen interesak kontuan hartuta".[2]
Saura, Cancela eta Parcerisaren esanetan, "Amazon, Google eta Microsoft ari dira hezkuntza-etorkizuna beren cloud computing domeinuen bidez irudikatzeko diskurtsoak areagotzen. Korporazio teknologiko horiek elkarrekin ari dira lehian hodeiko hezkuntza menderatzeko eta merkatu teknologikoan teknologia horiek ahalik eta espazio gehienetara zabaltzeko gai diren enpresa gisa kokatzeko. Hezkuntzaren etorkizuna irudikatzeko, narratiba futurista horiek eratzen dira Hackathonetan, goi-bilera teknologikoetan eta korporazio teknologikoek gero eta arreta handiagoa hezkuntzan jartzen dutela frogatzen duten ekitaldi amaigabeetan". [3]
Enrique Javier Díez Gutiérrezi jarraiki, teknologiak ezinbesteko baliabide eta laguntza izanik komunikazioan eta hezkuntzan, horien erregulazioak eta kontrolak hezkuntza-komunitatearen eta gizarte-komunitatearen esku egon beharko lukete. Horretarako bide batzuk: [1]
- irakasleek eta hezkuntza- eta jendarte-komunitateek eraikitako kode irekiko plataforma publikoak berreskuratu eta bultzatzea, erraldoi teknologikoen monopolio pribatua hautsiz autonomia digitala lortze aldera.
- merkantilizaziorik gabeko eremu digital publikoa zabaltzea, erabiltzaileek datuak berreskura ditzaten.
- alfabetatze digital kritikoko prozesuei ekitea, ikasleak eta hezkuntza-komunitatea beren eskubide digitalen erronkez jabetu daitezen, bai eta eskubide horiek exijitzeko motibazioa eta trebetasunak lantzea ere.
______________
[1] Díez Gutiérrez, E. (2024). Pedagogía del decrecimiento. Educar para superar el capitalismo y aprender a vivir de forma justa con lo necesario. Octaedro Educación. 165-166. orr. https://octaedro.com/libro/pedagogia-del-decrecimiento/
[2] Grupo de Acción sobre Erosión, Tecnología y Concentración,(2023). Tecno-Patriarcado y la “permacrisis”: Lo que falta sobre digitalización en el borrador cero de la CSW67. https://www.etcgroup.org/es/content/tecno-patriarcado-y-la-permacrisis
[3] Saura, G., Cancela, E., eta Parcerisa, L. (2023). Privatización educativa digital. Profesorado, Revista De Currículum Y Formación Del Profesorado, 27(1), 11–37. https://doi.org/10.30827/profesorado.v27i1.27019
Iruzkinak
Utzi iruzkina: