Hezkuntzan software librearen garrantziaz
Kapitalismoaren muina jada ez da fabrika, kodea baizik.
Zer gertatuko litzateke jendeak kodea kontrolatu ahal izango balu? ...
Software libreak beharrezko taktika bat eskaintzen dusoftwarea hesietatik erreskatatu eta jendeari boterea emateko borrokan.Harry Halpin [1]
XXI. mendean erabat murgilduta gaudelarik, oraindik ere estrategikoa da digitalean software librearen garrantziaren inguruan pedagogia egiten jarraitzea. Azken finean, hori baita hezkuntzan maila pertsonal, kolektibo zein herrigintzan burujabetza teknologikorako bide bakarra.
[Iturria: Commons]
Berriki ospatu zen #Mooteu24 jardunaldian aurkeztu zen EAEko Hezkuntza Saila pilotatzen ari den IRADI, Irakaskuntza Digitaleko proiektua. Hizlariak: Koldo Alijostes Bordagarai (Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxea), Olaia Egurrola Arrizabalaga eta Danel Agirrezabal Solaberrieta (Berritzegune Nagusia).
Hezkuntzan librezale taldea "Burujabetza teknologikorako hezkuntza irudikatzen" aritu zen Alex Gabilondo, Miren Berasategi eta Dabid Martínezen eskutik.
2023an, Hezkuntzan librezalek Hezkuntza Lege proiektuaren bueltan hainbat proposamen luzatu zituen ere bai Legebiltzarrean eginiko agerraldian Miren Berasategi eta Iñigo Gebararen eskutik.
Dagoeneko indarrean dagoen Hezkuntza Legeak dio: [2]
Hezkuntzak ezin du galdu etorkizuneko testuinguruak eskatzen duen eraldaketa- eta egokitze-prozesu atzeraezinaren arrastoa. Garai berriak dira, pentsatzeko, ekiteko eta harremanetan sartzeko modu berri batzuk dakartzaten garaiak. Ikuskera humanistak gidatu behar du, halaber, gizarte analogiko batetik beste gizarte berri batera igarotzeko prozesu hori, harmonikoki bizi daitezen mundu analogikoaren kontaktu fisikoa eta errealitate presentziala teknologia digitalak eskainiko dituen komunikazio-aukerekin eta espazio berri horrek ahalbidetuko dituen harreman-moduekin. Oreka hori funtsezkoa da hezkuntza-esparruan, erabakigarriak baitira kontaktu zuzena eta harreman afektiboa, baina alde batera utzi gabe elkarreragin telematikorako aukera gero eta handiagoak.
Espazio publiko digital berri horiek informazioa eta kultura eskuratzeko modu berri batzuk ekarri dituzte, aurreko belaunaldiek eduki ez zituztenak, baina nahaste- eta banalizazio-arazoak ere sortu dituzte. Hori dela eta, hezkuntza-prozesuak oso zeregin garrantzitsua hartu behar du bere gain: irizpide propioa, gaitasun kritikoa eta aurreko gizarte-ereduak baino pluralagoak diren gizarteetan bizitzeko baliabideak dituzten eta digitalki ahaldunduak diren pertsonak prestatu behar ditu.
Ezin da ahaztu, bestalde, mundu bidezkoago, inklusiboago eta berdinzaleago baten alde diharduten aktibisten eta giza eskubideen defendatzaileen kasuan, baita segurtasun digitaleko eta autodefentsa feministako gaietan lan egiten duten komunitateek ere software libreko tresnak gomendatzen dituztela, horiek baitira erabiltzaileei softwarea exekutatzeko, kopiatzeko, banatzeko, aztertzeko, aldatzeko eta hobetzeko askatasuna eskaintzen dieten bakarrak. Gainera, software librea -software pribatiboarekin gertatzen den ez bezala- ikuskatu daiteke. Horrek esan nahi du norbaiten kodea hirugarrenek berrikus dezaketela, egiazta daitekeela tresna horiek benetan egiten dutela esaten dutena, eta ez dutela atzeko aterik eta/edo ez direla datuak biltzen eta hirugarrenei saltzen ari, adibidez. [3]
_____________________
[1] Harry Halpin. Software libre artikulua hemen: Ashish Kothari, Ariel Salleh, Federico Demaria, Arturo Escobar eta Alberto Acosta. (2019). Pluriverso: Un diccionario del posdesarrollo. Icaria. 443-445 orr. https://ecosfron.org/pluriverso/
[2] Eusko Jaurlaritza. (2023). 17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus. https://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/l/2023/12/21/17/dof/eus/html/
[3] Spideralex, Eva Cruells, Alia/Donestech, Livia Motterle, Coopolis, Universitat de Barcelona, Violeta Zamora, Alia Inés Binder, Fembloc, Anna Domínguez, Calala Fondo de Mujeres, Deliris, Donestech, Laia Serra. (2022). Transitar de la autodefensa digital hacia la infraestructura feminista. www.elsaltodiario.com. https://www.elsaltodiario.com/atenea_cyborg/transitar-de-la-autodefensa-hacia-la-infraestructura-feminista
Iruzkinak
Utzi iruzkina: