Irakasleen teknozentrismo instrumentaletik haratago zer?

make@ni.eus 1620201767765 Hezitzaile bat sarean | 2022-03-18 18:59

make@ni.eus 1647622659839

Argitaratu berri da Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentziazko Esparrua (MRCDD, 2022). Hezkuntza-administrazio guztietako ordezkariek parte hartu dute bertan 2021ean zehar, aurreko esparrua, 2020koa, eguneratu dutelarik. 

Área eta Adellek adierazi bezala, pandemiak, eta bereziki konfinamenduak, agerian utzi dituzte lehenagotik hor zeudenak baina egoera berri horren ondorioz areagoturikoak, besteak beste: [1]

  • Irakasleen prestakuntza beharra hezkuntza-teknologiaren eremu profesionalean, gehienek egindako ahalegin handi eta baliotsua aitortu behar bada ere.
  • Ikasleen arteko desberdintasun edo eten digitalak, jatorriaren eta familiaren egoera sozioekonomikoaren ondoriozko zailtasunak azaleratuz ikasketak etxetik jarraitzeko.
  • Edutech izenez ezagutzen den industria-sektore pribatuaren goranzko garapena. Korporazio teknologiko handiek hezkuntzaren esparruan dagoen potentzial izugarria aurkitu eta hezkuntza-produktuak eta materialak sortzen eta merkaturatzen aritu izan direnekin lehian sartu dira.

Beraien aburuz, tresnak sortzen dira, taxonomia edo sailkapen gisa, irakaskuntzako gaitasun digitalaren bereganatze- eta garatze-maila mikrojokabideari dagokionez ikusarazteko. Horrela, edozein irakaslek bere burua ebaluatu zein kanpo-ebaluazioa jaso ahal izango du konpetentzia digitalaren maila identifikatzeko. Área eta Adellek, Konpetentzia Digitalaren garapenaren aferari hurbilketa kritiko batetik begiratuz, fokua jarri dute ikuspegi holistiko edo sistemikoen beharrean; hots, jokabide-ikuspegitik haratago, funtzionalagoa den ikuspegi batera hurbildu beharra aldarrikatu dute.

Zer dela eta ikuspegi holistiko edo sistematiko baten beharra? Castañeda, Esteve eta Adellen hitzetan [2], halako tresnek, batetik, erakusten dutelako gehiago zehaztu beharreko irakaskuntza-eredua, hain lineala izan ez dadin; bestetik, teknologiarekiko ikuspegi neutroa hedatzen dutelako eta konpetentziaren definizioan dimentsio sozialak agertzen ez direlako. Irakasleak bere lanbidearekin eta bere testuinguruarekin konprometitutako pentsamendu-, hausnarketa- eta ekintza-karga handia duten profesionalak dira, beraien proposamenari jarraiki, irakasle gisa dugun zereginaakademikoa ez ezik, politikoa eta soziala ere bada; beraz, hezitzaileon jarrera neutrala ez ezik, konprometitua behar du izan herritarren eta jendartearen eraikuntzan, gaur egungoa baino gizatiarragoa eta justuagoa izan dadin.

Gaur bertan jakin dugu 2020-2021 ikasturtean EAEn eskola-jazarpeneko hiru kasutik bat ingurune digitalean gertatu zirela, aurreko ikasturtean identifikatutakoen ia bikoitza. Badugu zer hausnartzen jarraitu teknologia digitalez ornituriko ikasgelak begirada sistemiko kritiko batez zipriztintzeko, bullyingaren sustrai sozio-kulturaleraino iritsi eta mahai gainean jartzeko jokabide horren oinarrian dauden bazterkeria guztiak. Ziberjazarpen kasuen aurrean ikastetxeetan jarduteko orientabideak GIDA (Bizikasi) izan daiteke abiapuntu interesgarria.

Irakasleen Konpetentzia Digitalaren Erreferentziazko Esparruan, 3.1 konpetentzia Irakaskuntza da [3]: funtsezkoa MRCDD markoan eta TPACKen muina. Konpetentzia hau, besteak beste, programazio didaktikoetan teknologia digitalen erabilera modu sortzaile, seguru eta kritikoan txertatzean datza, irakaskuntza-praktiken eraginkortasuna hobetzeko. 

Guztiok ikasleak erdigunean jarri nahi omen ditugu, beraien ongizatea eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatu ere bai. Bidean, noiz iritsiko ote zaigu guztion ahaleginak koordinatu eta indarrak biltzeko tenorea? 

 

_________

[1] Area, M. y Adell, J. (2021). Tecnologías digitales y cambio educativo. Una aproximación crítica. REICE. Revista Iberoamericana sobre Calidad, Eficacia y Cambio en Educación, 19(4), 83-96.  https://doi.org/10.15366/reice2021.19.4.005

[2] Castañeda, L. Esteve, F. eta Adell, J. (2018). ¿Por qué es necesario repensar la competencia docente para el mundo digital?.RED Revista de Educación a Distancia, 56, art 6. https://www.um.es/ead/red/56/castaneda_et_al.pdf 

[3] Nuevo Marco de Referencias de la Competencia Digital Docente (2022) https://intef.es/wp-content/uploads/2022/03/MRCDD_V06B_GTTA.pdf 


Utzi iruzkina: