Oreka ariketa digitalak
"Garena eta izan nahi dugunaren arteko amildegian gara nor".
Mari Luz Esteban. [1]
22-23 ikasturtea hastear. Erronkaz beteriko ikasturtea begi-bistan. Pozik.
Urtetik urtera hazten ari den barne-beharra: teknoutopia eta teknoeszeptizismoaren arteko oreka zintzoaren alde jardutea. Izan ere, hezkuntzan, digitalaren askotariko eremuetan nabigatzen arituta, gero eta premiazkoagoa iruditzen zait testuingurua ondo zehaztea. Begirada kritikoa trebatzea. Digitalean ere gure kontraesanak mahaigaineratzea: irabaziak eta galerak, (des)abantailak identifikatu eta oreka ariketak etengabe burutzea. Hori izan daiteke hezkuntza komunitatekideen konpetentzia digitalaren garapenean egin daitekeen ekarpenik garrantzitsuenetarikoa: digitalean ibilbide aberatsak eta konplexuak eskaini eta norberak erabaki "kokatuak" eta egingarriak hartzeko aukerak eskura jarri.
XXI. mendean dagoeneko digitalak bizi-eremu oro zeharkatzen ditu gurean. Horregatik da hain garrantzitsua, besteak beste, hezkuntza-komunitate bakoitzak zehaztea digitalak parez pare jartzen dizkigun aukerak baliatzeko zertan egingo duen indar, energia-krisi egoeran gaudela, aztertzea ahal den neurrian nola antolatu egiturak eta egunerokoa mundu jasangarriagoaren alde jarduteko:
Oso xumea dirudien ekintza batek teknologia oso konplexua du atzean. Internetekin gauza bera gertatzen da. Webgune bat zabaltzen dugunean, horren atzean azpiegitura erraldoi bat dagoela pentsatu behar dugu. Ez da soilik piztuta dugun ordenagailua edo webgune zehatz horren zerbitzaria. Informazio hori gure gailuetaraino iristeko ezinbestekoa da azpiegitura erraldoi bat. Eta azpiegitura horrek energia behar du etengabe funtzionamenduan egoteko. Azpiegitura erraldoia denez gero, beharrezkoa den energia kopurua ere oso handia da. (Borja Sanz) [2]
Era berean, tekno-indarkeria matxistak identifikatzeko eta horien aurrean jokatzeko bideak sustatzea:
Gorroto-diskurtsoari aurre egin, komunikazio aktiboa eta indarkeriarik gabekoa erabili eta sustatu. Kontra-narratibak aktiboki sortu sexismoa eta genero-indarkeria ikusarazteko, lineako eraso eta jazarpenei erantzuteko. (Ciberseguras) [3]
Eta adibideekin amaitzeko, hasiera batean, askea eta unibertsala izan nahi zuen Interneta zertan bilakatzen ari den gaur egun: splinternet eta horren ondorioak. Soka horri tiraka, eta hasieran aipaturiko testuinguru digital zintzoaren adierazpenerako, Shoshana Zuboffen ekarpenak ezinbestekoak dira. Berak definitu du datu-biltze eta ustiatzean oinarrituriko ekonomia zertan datzan, baita horren ondorioak ere:
[1] Esteban, Mari Luz. (2013). Amaren heriotzak libreago egin ninduen. Pamiela.
[2] Borja Sanz: “Gure karbono-aztarna digitala murrizteko egin ahal dugun gauzarik onena kaleaz gozatzea da, telefonoa alde batera utziz”. Gazteberri. 2022. https://www.gazteberri.eus/?p=11892
[3] Ciberseguras. Tipos de violencia de género on-line y autodefensa. https://ciberseguras.org/tipos-de-violencia-de-genero-on-line-y-autodefensa/
Iruzkinak
Utzi iruzkina: