Teknologia digitalaren itzalak luzeak dira.
"Emakumeen aurkako indarkeria sexuala barne migrazioaren kausa eta ondorio da Kongoko Errepublika Demokratikoan. Mineralen ustiaketarekin loturiko talde militarrek gudu zelai bilakatu dute emakumeen gorputza, eta haien aurkako bortizkeria gizarteko gainerako arloetara hedatu da".
Maddi Ane Txoperena (Berria, 2022)
Esku artean darabilgun teknologiaren baitan, batere inuzenteak ez diren aldagaiak aurki ditzakegu. Eta horiek hezkuntza-eremuetan azaleratzea ezinbestekoa bihurtu da, konpetentzia digital kritikoa garatu nahi badugu. Zenbat kutsatzen du like batek? (Euskarabildua 2021) gogoan izan dut egun hauetan. Izan ere, aztarna digitala eta aztarna ekologikoa elkartu zituen iametzako Sandra Perezek jardunaldiari hasiera emateko. Hementxe erabilitako aurkezpena.
Beñat Irasuegi etorkizun posible baikorren inguruan aritu zen Euskal Herria Solarpunk izeneko ekarpenean. Nolakoa izango litzateke zibilizazio jasangarri bat eta nola irits gaitezke horretara?
"Solarpunka utopikoa izan daiteke, baikorra besterik gabe, mundu hobe bat sortzera zuzendua egotea, baina inoiz ez da distopikoa. Gure mundua gero eta zurrunbilotsuago bihurtzen ari den honetan, konponbideak behar ditugu, ez ohartarazpenak bakarrik". (Solarpunk manifestua- Itzulpena: Gorka Julio)
Hezkuntza-eremura itzulirik, COVID-19aren osteko munduan hezkuntza txostenak (UNESCO, 2020) pandemiak eragindako munduaren eraldaketa sakonari egiten dio erreferentzia, bai eta noizbait gure hezkuntza-sistemen funtzionamenduaren nolabaiteko normaltasuna berreskuratzeari ere. Ideia ez da munduak bide beretik jarraitzea, baizik eta bidezkoagoa, iraunkorragoa eta baketsuagoa bihurtzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: