Adimen artifizialaren eta algoritmoen isuri sexistak
Antonio Zucchi (1726-1795), Domeinu Plublikoa, Commonsetik ekarria [url esteka]
Milaka urte pasa dira Homeroren Odisean, Telemakok Penelope isilduarazi, autoritatea kendu eta gogoratu zionetik eremu publikoa zein agintea, -bere etxe barnekoa ere-, gizonen kontu zela:
«Ene Ama! Zergatik debekatu nahi diozu aedo atseginari bere gogoak inspiratu bezala gu dibertitzea?... Ea, itzul zaitez zure gelara, ardura zaitez zureak diren aferetaz... hitz egitearena gizonon ardura da eta, batez ere, nirea, etxe honetako agintea neuk baitut». (Odisea, I) [1]
Mary Beard klasizistaren aburuz hori da mendebaldeko kulturaren lehen ebidentzia idatzia erakusten duena historikoki emakumeen ahotsak eremu publikoan isilduarazi direla. [2] Haritik tira eginez, esan dezakegu ahotsak ez ezik, historikoki presentzia eta aukerak ere mugatu direla, emakumeen ekarpenak ezkutuan mantendu direla eta abar. Androzentrismoaren aurkako jarrera aktiboak emaitza onak eman ditu hezkuntzan. Emakumeak gero eta espazio gehiagora iristen ari dira, nahiz eta oraindik aunitz dugun egiteke egiazko parekidetasunera iritsi nahi izanez gero. Espazio digitala da horietako bat.
Azken boladan, sekulako zalaparta sortzen ari dira, adimen artifizialean (AI) oinarrituta, eskuragarri ditugun atari sortzaile berriak. Eremu hezitzailean, batzuk ondorio apokaliptikoak aurreratzen dituzte, beste batzuk aldiz, etorkizunean hor egongo direnak hezkuntzara bildu eta integrazioaren alde baikor ageri dira ...
Teknologia sortzaile horiek, nolanahi ere, isuri baztertzaileak dituzte. Izan ere, adimen artifizialak zeregin espezifikoak ebatz ditzake aldez aurretik zehazturiko egoeretan, algoritmoa entrenatzeko balio duten datu-base zabal batetik abiatuta. Hots, norbaitek elikatzen du eta erabakitzen du makinaren esku utzi nahi dituen eragiketak.
Hauek algoritmoen eta AIren isuri sexista batzuk:[3]
- Datuetan dagoen diskriminazioa errepikatzea.
- Gizona subjektu unibertsaltzat hartzea.
- Erabiltzaileen sexismoa elikatzea.
- Sexu-kosifikazioa algoritmoetan eta AIn.
- Sexismoa targetaren hautaketan.
- Hitzen edo irudien erabilera legitimoen eta ez-legitimoen arteko bereizketarik eza.
Froga xume bat egitea erabaki dut eta Craiyon eta Stable Diffusion-i irudiak eskatu dizkiet: Programatzaileak lanean eskatzean ez da emakume bakar bat ere agertu. Orduan emakume programatzaileak lanean eskatu diot. Bestalde, gizonak eta emakumeak besterik gabe. Hauek emaitzak!
Zer iruditzen zaizu? Sexu-genero eta bestelako estereotipoak zerrendatu nahi? (Bitartasunak, ezberdintasunak, janzkera, koloreak, jarrerak, gorputzak, adina, arraza, inguruko baliabideak, egiten ari direna, transmititzen duten mezua ...) Eta garrantzitsuena, isuri horiek ez erreproduzitzen segitzeko gakoak zein lirateke? Eskatzen diogunean zer? Ematen digunean zer? Batean zein bestean zer? Bestelakorik?_________________________________
[1] Odisea euskaraz: Aita Onaindia. (1985). Odisea, Euskerazaintza. 20-21. orr.
[2] Beard, Mary. (2018). Mujeres y poder: un manifiesto, Planeta, 13-14 orr.
[3] Aránguez Sánchez, Tasia; Olariu, Ozana. (2022). SESGOS SEXISTAS DE LOS ALGORITMOS E INTELIGENCIA ARTIFICIAL. Algoritmos, teletrabajo y otros grandes temas del feminismo digital Librería Dykinson. 71-88 orr.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: